Vicent Andrés i Estellés

Vicent Andrés i Estellés (Burjassot, Horta Nord, 1924ko irailaren 4a Valentzia, 1993ko martxoaren 27a) kazetaria, idazlea eta XX. mendeko poeta valentziar garrantzitsuenetako bat izan zen, baita valentzieraz ezagunenetako bat ere.[1][2][3] Valentziako poesia garaikidearen berritzaile nagusia dela esan izan da, eta Valentziako poetarik onena dela Ausiàs March eta Joan Roís de Corellaren garaitik.

Vicent Andrés i Estellés

Bizitza
JaiotzaBurjassot, 1924ko irailaren 4a
Herrialdea Espainia
HeriotzaValentzia, 1993ko martxoaren 27a (68 urte)
Hobiratze lekuaCementerio Municipal de Burjassot (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, idazlea eta poeta
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
Genero artistikoaolerkigintza

fundacioestelles.org
IMDB: nm3280219 Find a Grave: 7702994 Edit the value on Wikidata

Biografia

Vicent Andrés Estellés (bizkarrez) eta Josep Lozano, 1981ean Xàtivan egindako bilkuran

1924an jaio zen, Burjassoteko okin-familia batean. Han igaro zuen haurtzaroa. Nahiz eta haurtzaroaz oroitzapen onak izan, hainbat gertaera tragikok markatu zuten, hala nola gerrak eta senideen heriotzak, eta horrek eragin handia izan zuen bere ondorengo obran.[4] Urtebete zuelarik, aitona eskopeta tiro batez hil zuen anaiordeak, herentzia kontu bat zela medio. Urte batzuk geroago, Josep Maria osaba tuberkulosiak jota hil zen. Haurtzaroko familia-heriotza horiek gogoratu zituen L'ofici de demà eta Coral romput liburuetan.[4][1]

1935-1936 urteen inguruan poesia idazten hasi zen eta Espainiako Gerra Zibila hasi aurretik (1936-1939) antzerki-pieza batzuk eginak zituen. Gerra piztu zenean hamabi urte zituen, eta horrek eragina izan zuen bere obran, heriotzaren gaia behin eta berriz agertzen baita. Gerra garaian ikasketak utzi behar izan zituen, baina liburuak irakurtzen jarraitu zuen, besteak beste, García Lorca, Teodor Llorente eta Antonio Machadorenak. Gerra amaituta okindegian hasi zen lanean, aita bezala, eta geroago urregile, mekanografo eta ordenantza gisa ere lan egin zuen.[4]

Gaztaroa Valentzia hirian eman zuen, eta han sortu zitzaion literatura zaletasuna, bere kabuz ikasita: garai hartan gehien eragin zioten idazleak Baudelaire, Neruda, Eluard, Pavese eta Walt Whitman izan ziren; katalanez, Verdaguer, Carner, Riba, Rusiñol, Ausiàs March, Màrius Torres, Salvat-Papasseit eta Rosselló-Pòrcel.

1942an, hemezortzi urterekin, lehen artikulua argitaratu zuen Jornada egunkarian, eta harrezkero kazetaritza ikastera joan zen Madrilgo Kazetaritza Eskola Ofizialean, bekadun gisa; hiru urte geroago soldadutza egin zuen Nafarroan. 1948an, hogeita lau urte zituela, Valentziara itzuli zen kazetari gisa lan egitera, XX. mendeko kazetari valentziar entzutetsuenetako batek, Martí Domínguez i Barberàk, zuzentzen zuen Las Provincias egunkarian. Mota guztietako erreportajeak egiten zituen .[1] Han, Joan Fusterren eta Manuel Sanchis i Guarnerren lagun egin zen, eta harremana sortu zuen bere emazte izango zenarekin, Isabelekin, zeinak eragin handia izan baitzuen bere literatura lanean.

1955. urtean Isabelekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuten, lau hilabete zituela hil zena; hala, betiko finkatu zen heriotzaren gaia bere obran eta, bereziki, Coral romput, Primera soledad (1988) eta La nit en eixa feta lanetan. Handik gutxira, beste bi seme-alaba izan zituen: Carme eta Vicent. 1958an, erredaktore izendatu zuten egunkarian, eta kargu hori 1978ra arte bete zuen, orduan «modu arbitrarioan ordeztu zuten, samurtasunik gabe».[5]Berrogeita hamalau urte zituela egunkaritik kaleratzeak erretiro aurreratu moduko bat ekarri zion eta, horri esker, bere obrari eman zitzaion bete-betean, bai eta erakusketetan eta beste kultura-jarduera batzuetan parte hartzeari. 1978an jaso zuen, hain zuzen ere, Kataluniako Letren Ohorezko Saria eta 1984an, berriz, Valentziako Letren Saria. Urte batzuetan Benimodon (Ribera Alta) bizitzera joan zen, agintariek ofizialki gonbidatuta, eta poesia eta prosa batera landu zituen.

Azken urteetan ere sari eta omenaldi ugari jaso zituen, hala nola Pradako Udako Unibertsitate Katalanarena (Conflent) eta Urriko Sariak 1990ean. Vicent Andrés Estellés 1993ko martxoaren 27an hil zen, 68 urte zituela, Valentzian, eta argitaratu gabeko lan ugari utzi zuen.[4]

Obra

Grafitia Valentzian ez zegoen... bertsoarekin, Els Poblets-en (Marina Alta)

Vicent Andrés Estellések obra oparoa eta askotarikoa du. Bere poesia ezagunagoa den arren, eleberriak, antzezlanak, zinemarako gidoiak eta memoria batzuk ere idatzi zituen. Bere obraren gai nagusiak heriotza, sexua eta aberria dira, betiere ikuspegi herrikoia, egunerokoa, erraza, zuzena eta, are, arrunta erabiliz.

Bere obra guztia katalogatzea zaila da, lan batzuk liburu edo ohar pribatuetatik abiatuta berregiten baitzituen, hala nola Manuscrits de Burjassot, Cançoner edo Mural del Pais Valencià, zeinetatik zatiak edo egokientzat jotzen zituen poemak bakarrik argitaratzen baitzituen.

Lehen argitalpenak hauek dira: Ciutat a cau d'orella (1953), La nit (1956), Donzell amarg (1958) eta L'amant de tota la vida (1966); ordura arte idatzi zuen guztiaren konpilazio txiki bat besterik ez dira.

1970eko hamarkadatik aurrera, maizago argitaratu zuen, eta hainbat sari jaso zituen. Lletres de canvi (1970), Primera audició (1971), L'inventari clement (1971) argitaratzen ditu. 1971n, bi lan garrantzitsu argitaratu zituen: La clau que obri tots els panys (Coral romput barne) eta Llibre de meravelles, bere lanik ezagunena, agian.

Une horretatik aurrera, aitortza handiagoa jasotzen du eta bere lan osoa argitaratzen da, besteak beste: Recomane tenebres (1972), Les pedres de l'àmfora (1974), Manual de conformitats (1977), Balanç de mar (1978), Ofici permanent a la memòria de Joan B. Peset (1979), Cant temporal (1980), Les homilies d'Organyà (1981) berriz ere Coral romput barne duela, Versos per a Jackeley (1983), Vaixell de vidre (1984), La lluna de colors (1986) eta Sonata d'Isabel (1990).

Bere prosa-lan nabarmenenak dira El coixinet (1988) eleberria, L'oratori del nostre temps (1978) antzezlana eta bere memoriak: Tractat de les maduixes (1985), Quadern de Bonaire (1985) eta La parra boja (1988.[1]

Hil ondoren, Eliseu Climent editoreak Mural del País Valencià (1996) osorik bildu zuen. 2011. urtean, Déu entre les coses. Antologia de poesia religiosa konpilazioa argitaratu zen, Estellésen erlijio-gaiei buruzko olerkien bilduma, Enric Ferrer Solivaresek egina.[6] 2012. urtean L'inventari clement de Gandia argitaratu zen, 1966an Ausiàs March poesia-saria irabazi zuena, jatorrizko poema liburu argitaratu gabea, 1971n argitaratu zenaz bestelakoa, nahiz eta jatorrizko titulu bera izan.[7]

Bere poema batzuk euskaratu ditu Gerardo Markuleta idazle eta itzultzaileak[8].

Sariak

Jaso zituen sarien artean, hauek dira garrantzitsuenak:

  • Ausiàs March poesia saria (1966), L'inventari clement lanagatik
  • LLetra d'Or saria (1975), Les pedres de l'àmfora lanagatik
  • Letra katalanen ohorezko saria (1978)[1]
  • Creu de Sant Jordi (1982)[1]
  • Valentziako Letren Ohorezko Saria (1990)[1]
  • Kultura Ministerioaren Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina (hil ondorengoa)[1]

Obra musikatua

Estellésen lanak katalanez gehien musikatu direnetakoak dira, eta Ovidi Montllor, berriz, gehien kantatu dituena: bereak dira El vi, Prediccions i conformitats, Els amants, Una escala qualsevol, El ball, M'aclame a tu poemen eta Coral romput osoaren egokitzapenak.

Musikatu duten beste kantari, kantautore edo talde batzuk dira, besteak beste: Paco Muñoz, Celdoni Fonoll, Maria del Mar Bonet (Les illes), Remigi Palmero (Plens de sol de bon matí), Dropo (La veu d'un poble), Vicent Torrent, Lluís Miquel, Els Pavesos, Lluís el Sifoner, Feliu Ventura, VerdCel, Miquel Gil, Andreu Valor, Joan Amèric, Obrint Pas, Pau Miquel Soler (L'amor o la guerra), Esteve Ferre (El meu ofici és l'alegria), Entre Soques i Rebrotins (Cançó de bressol), Carles Barranco (Jorns de festeig), Pau Alabajos, Bertomeu (7 d'Estellés disko-liburua) eta Borja Penalba (Estellés: de mà en mà ikuskizunerako, Francesc Anyórekin). Enrique Belenguer Estela maisuak Cançó de bressol poema musikatu zuen, 4 ahotserako abesti bat konposatzeko.

Erreferentziak

  1. (Katalanez) «Vicent Andrés i Estellés» L'Enciclopèdia.cat. Bartzelona: Grup Enciclopèdia Catalana http://www.enciclopedia.cat/EC-GEC-0003909.xml.
  2. Pòrtic Vicent Andrés Estellés. AELC.
  3. «Vicent Andrés Estellés - Autors a lletrA - La literatura catalana a internet» UOC.
  4. Biografia. Associació d'Escriptors en Llengua Catalana.
  5. Pérez/Salvador: Una aproximació a Vicent Andrés Estellés (València: 3 i 4, 1981)
  6. Déu entre les coses, antología de poesía religiosa de Vicent Andrés Estellés, se presenta en Burjassot. El Periòdic 09/02/2011.
  7. L'inventari clement de Gandia. Llibres Valencians.
  8. «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-07).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.