Verdungo Hitzarmena
Verdungo Hitzarmena Luis Errukitsuaren hiru semeek sinatutako ituna izan zen, Karolingiar Inperioaren ondorengotza eskuratzeagatik haien artean izan ziren gerren amaiera ekarri zuena. 843ko abuztuaren 10ean izenpetutako hitzarmen honek inperioaren zatiketa ekarri zuen, izenez batasuna gorde arren: Lotario I.ak enperadore titulua eta Erdialdeko Frantzia eskuratu zituen, Karlos Burusoilak Frantziako parte handi bat eta Hispaniako Marka, eta Luis Germaniarrak Erdialdeko Frantziatik ekialdera zeuden Germaniako lurraldeak[1].
- Artikulu hau hitzarmenari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Verdun».
Karolingiar Inperioaren gainbeheraren hasieratzat hartua izan arren, frankoen ohiturei eutsi zien. Izan ere, frankoen artean jaraunspena partekatzea ohikoa zen[2].
Historia
Hil baino lehen, 817an, Luis Errukitsua enperadoreak Ordinatio Imperii promulgatu zuen; ediktu horren bidez, frankoen usadio zaharra lurraldea semeen artean banatzea bazen ere, Lotario seme zaharrena izendatu zuen inperioaren oinordeko bakar. Berehala liskarrak piztu ziren Luisen semeen artean (Pepin 838an hil zen, aita baino lehen). Enperadorearen heriotzaren ondoan (840), Lotariok hiru eskualdeen gaineko nagusigoa aldarrikatu zuen, eta beste bi anaiek, Karlos Burusoilak eta Luis Germaniarrak, haren kontrako gerra hasi zuten. Pepin II.a Akitaniakoak, berriz, Lotario osabarekin bat egin zuen[2]. Fontenayko batailan, 841eko ekainaren 25ean, Luis eta Karlosen indarrek Lotario azpiratu zuten; 842an, beren arteko ituna berretsi zuten, Estrasburgoko Zinaren bitartez. Azkenik, 843ko abuztuan, hiru anaiek Verdungo Hitzarmena sinatu zuten.
Verdungo Hitzarmenaren bidez, anaia bakoitzak inperioaren zati bana jaso zuen:
- Lotariok, enperadore tituluaz gain, inperioaren erdialdea, Erdialdeko Frantzia, jaso zuen: Frisiatik Proventza eta Italiar penintsulako iparralderaino.
- Luis Germaniarrak Ekialdeko Frantzia jaso zuen: Rhin ibaitik ekialdera eta Italiatik iparraldera zeuden lurraldeak. Geroago, eskualde horiek Germaniako Erromatar Inperio Saindua osatu zuten.
- Karlos Burusoilak Mendebaldeko Frantzia jaso zuen, Rodano ibaitik mendebaldera zeuden lurrak hain zuzen ere, geroago Frantzia bilakatu zena. Pepin II.ari Akitaniako Erresuma eman zitzaion, beti ere Karlosen autoritatearen azpian.
Erreferentziak
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Carolingian (Frankish) Empire. historyfiles.co.uk (Noiz kontsultatua: 2016-05-19).