Vendéeko gerra
Vendéeko gerra edo Vendéeko matxinada Frantziako Iraultzaren aldekoek eta kontrakoek elkarren kontra egin zuten gerra zibila izan zen, Frantziako Lehen Errepublikan (1793-1796) izandako barne gatazka bortitzena.
Loiraren hegoaldeko eskualde honetan ere, Frantzia osoan bezala, nekazariek beren nahigabea erakutsi zuten Iraultzaren lehenengo pausoetan, batez ere iraultzaileek Eliza Katolikoaren aurka egin ahala. Dena dela, kanpoko etsaiengandik defendatzeko 1793an burututako errekrutatze masiboak zirela kausa piztu zen matxinada Vendéen. Hastapenean, nekazarien matxinada klasikoa (irizpide politiko garbirik gabekoa) besterik ez bazen ere, geroago mugimendu kontra-iraultzaile bilakatu zen.
Gerran epe desberdinak gertatu ziren. 1795eko udaberrian bakea ere lortu zen. Hala ere, benetako amaiera 1796an baino ez zen iritsi, borroka latz, heriotza eta suntsipen ugariren ostean. Hainbat aditu modernoren ustetan, Vendéen pairatutako errepresioa genozidiotzat jo daiteke.