Vatikano Hiria
Vatikano Hiria[1] (italieraz, Stato della Città del Vaticano) —Vatikanoa edo Egoitza Santua ere deitua[2]— munduko estaturik txikiena da (0,44 km²), Eliza Katolikoaren hiriburu eta egoitza nagusia. Erromako (Italia, Europa) hiriaren barnean dagoenez, herrialde itsasgabea da. Estatu-burua Aita Santua da. Mila biztanle inguru izanik, munduan jende gutxien duen estatua da. Egoitza Santuaren menpekoa da (latinez, Sancta Sedes) eta bertan daude Jauregi Apostolikoa (Aita Santuaren egoitza) eta Erromatar Kuria. Sarritan Egoitza edo Aulki Santua eta Vatikano Hiria nahasten badira ere, argi bereizi behar dira: Aulki Santua Eliza Katolikoko zuzendaritza gunea da; Vatikano Hiria, aldiz, estatu independentea (nahiz eta Aulki Santuak, Nazio Batuen Erakundeko begiralea denez, ez duen NBEarekin harreman zuzenik).
Vatikano Hiriko Estatua | |||
---|---|---|---|
Stato della Città del Vaticano Status Civitatis Vaticanae | |||
Ereserkia: Inno e Marcia Pontificale | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | baliorik ez eta Vatikano Hiria 41°54′14″N 12°27′11″E | ||
Azalera | 0,49 km² (249.) | ||
Punturik altuena | Vatican Hill (en) (77 m) | ||
Punturik sakonena | San Petriren plaza (33 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Italia eta Europar Batasuna | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Teokrazia, hautapenezko monarkia, monarkia absolutu, absolute theocratic monarchy (en) eta monarkia konstituzional | ||
Aita santua | Frantzisko | ||
President of the Pontifical Commission for the Vatican City State (en) | Fernando Vérgez Alzaga (en) | ||
Legebiltzarra | Vatikano Hiriko Estatuaren Pontifize-Batzordea | ||
Zeren kide | |||
Demografia | |||
Biztanleria | 764 (2023) (251.) 146 (2018) | ||
Dentsitatea | 1.559,18 bizt/km² (6.) | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | |||
Ekonomia | |||
Historia | |||
Sorrera data: 1929ko otsailaren 11 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +39 eta +379 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | VA | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | VAT | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Internet domeinua | .va | ||
vaticanstate.va |
Geografia
Vatikano hiria Erroma barnean dagoen lurralde txikia da, hiriaren mendebaldean, Tiber ibaiaren eskuinaldean eta 4 km luzeko mugak ditu.
- San Petri basilika eraikinik aipagarriena da, Bramante, Michelangelo eta Maderno arkitektoek eraikia.
Erroman bertan, Vatikanoko lurretatik kanpo, baina haren subirautza pean (enbaxaden antzera) beste hiru basilika ditu:
Eta, haiekin batera, Castelgandolfo jauregia, Erromatik kanpo, ordea.
Historia
Erroma izango zen hiri zaharraren inguruko muinoetako bat etruskoek erabili zuten, beste inork baino lehenago, hilerri gisa, K.a. VI. mende inguruan. Hildakoak hirietako harresietatik kanpo ehorzteko ohitura zuten, eta haien nekropolia Vatika azpimunduko jainkosak gordetzen omen zuen[3].
Mende batzuk geroago muinoaren hegian zirko bat eraiki zuten eta, kondairaren arabera, hantxe exekutatu zuten San Pedro. Horregatik, Konstantinok, Erromako lehen enperadore katolikoak, santutegi bat eraikiarazi zuen muinoaren oinean. Ordurako Muino Vatikanoa esaten zioten[3]; mende gehiago joan ziren aita santuaren jauregia eta San Pedroren omenezko basilika berria hantxe eraiki arte. Horrenbestez, eliza katolikoaren egoitza nagusiak jainkosa pagano baten izena du[3].
Geroago Aita Santuaren mendean zeuden estatu handiak murriztuz joan ziren ahala Elizaren gobernupeko lurraldeak eta horien izaera kolokan izan ziren denbora luzean. Italiaren batasunak areagotu egin zuen auzi hura. Garibaldiren osteek Erroma hartu zutenean Aita Santuaren egoitzaren mugak zehaztu beharra ikusi zen. Baina Pio IX.a Aita Santuak eta haren ondorengoek ez zuten Italiako gobernu berriaren proposamena onartu[3].
Azkenik, 1929an Mussolinik eta Pio XI.a Aita Santuak Vatikanoko hiriaren burujabetasuna hitzartu zuten Letranen. Aita Santua da estatu burua. Aginpide osoa du, eta, estatu idazkariaren lehendakaritzapean, kardinalen batzorde baten bitartez erabiltzen du aginpidea. 1963an, Joan XXIII.ak Bigarren Kontzilioari hasiera eman zion eta 1965ean, berriz, Paulo VI.ak amaiera eman zion. 1978tik 2005era, Joan Paulo II.a izan zen aita santua eta Vatikano Hiriko buruzagia. 2001ean, Joan Paulo II.ak Vatikano Hiriko Estatuko oinarrizko legea eman zuen, eta gaur egun lege hori dago oraindik ere indarrean. 2005ean, Benedikto XVI.a izendatu zuten aita santu[3].
2014ko azaroaren 13an jakin zenez, etxerik gabekoentzat San Pedro plazan dutxak jarriko zituzten. Dutxa hauek Vatikano inguruetan lo egiten zuten etxerik gabekoentzat ziren. San Pedro basilikan erromesek erabiltzen zituzten bainugelatan jarriko zituzten dutxak[4].
Gobernua eta politika
Aita Santuak bere baitan biltzen ditu Eliza Katolikoaren eta Vatikano Hiriaren buruzagitza gorenak. Aita Santua kardinalek aukeratzen dute aurrekoa hil ondoren, konklabe deritzan prozesuan. Behin bere onarpena eman ondoren, hautatua Aita Santu bihurtzen da.
Vatikano Hiriaren eguneroko gobernua Estatu Idazkaritzak darama. Hala ere, ez dago botere banaketarik, funtzio banaketa baizik; botere guztiak Aita Santuak ditu, baina delegazio bidez beste erakunde batzuei uzten dizkie.
Ekonomia
Vatikanoarenko ekonomia turismora bideratuta dago nagusiki. Horrela, diru sarrera nagusiak liburu, oroigarri, seilu eta txanponak saltzetik datozkio, Vatikanoko Museorako sarrerez gain. Nolanahi ere, mundu osoko katolikoek (apezpiku, apez eta laikoek) ematen dioten diruak ekonomia orekatzen laguntzen du.
Azpiegiturak
Hiriak bere telefono sistema, postetxea eta irratia ditu, banketxea, dirua, dendak, eta botika bat, eta baita ehundik gora Suitzar Guardiez osatutako gudarostea ere. Oinarrizko lehengai gehienak (elikagaiak, ura, argindarra, gasa…) inportatu egiten ditu.
Segurtasun indarrak
Suitzar Guardia Aita Santua eta Egoitza Santuaren segurtasunaz arduratzen den indar armatua da. Vatikano Hiriaren sarbideak ere zaintzeaz arduratzen da. Formalki, indarraren burua Aita santua bera da. kideak suitzar herrialdetasuna izateaz gain katolikoak izan beharra dute, 19-30 urtetakoak, ezkongabeak, Suitzan soldaduska eginak eta gutxienez 1,74 cm-ko garaierakoak
Hedabideak
Vatikano Irratia 1931n eraiki zuen Guglielmo Marconi irratiaren asmatzaileak. Munduko irratirik zaharrenetakoa da, beraz. Gaur egun, 47 hizkuntzatan emititzen du, eta mundu guztian entzun daitezke haren programak, Internet bidez.
L'Osservatore Romano egunkaria 1861ean sortu zen, Aita Santuaren eta Elizaren apologia egin eta haien ekintzen berri emateko. Gaur egun, italieraz egunero argitaratzen den edizioaz gain, beste hizkuntza batzuetan astekari gisan argitaratzen da.
Vatikanoko Telebista Zentroak programa erlijiosoak ekoitzi eta nazioarteko hainbat telebistari saltzen dizkie, batez ere Aita Santuaren bidaia eta ekitaldiei buruzkoak.
Bitxikeriak
Vatikano Hiria1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
San Petri basilika eta Jauregi Apostolikoaren arratseko ikuspegia | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | i, ii, iv, vi |
Erreferentzia | 286 |
Kokalekua | Vatikano Hiria |
Eskualdea2 | Europa eta Ipar Amerika |
Izen ematea | 1984 (VIII. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Estatistikaren alorreko txiste ezagun batek dioen moduan, Vatikanoan bi Aita Santu daude kilometro koadroko (estatuak kilometro koadro erdiko eremua du).
Bere tamaina dela eta, estatistika oso deigarriak ditu. Adibidez, munduan kriminalitate tasarik altuena duen herrialdea da.[5]
Iruditegia
- San Petri plaza eta basilikaren aurrealdea.
- Vatikanoko lorategiak.
- Porta del Perugino, Erromesaren atea, Vatikanorako sarbideetako bat eta San Petriko kupula.
- Vatikanoko Museoetara sarrera, "italiar" kale batetik.
- Suitzar guardiak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-11-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-29).
- Vatikano Hiriak eta Egoitza Santuak izaera juridiko desberdina dute nazioarteko zuzenbidean
- «Vatikanoaren jatorri paganoa», Argia, 2014-11-09, CC-BY-SA lizentzia
- «Etxerik gabekoentzat San Pedro plazan dutxak jarriko dituzte», EiTB, 2014-11-13
- BBC NEWS | Europe | Vatican crime rate 'soars'. (Noiz kontsultatua: 2017-03-29).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- Vatikano Hiriko webgune ofiziala
- Vatikano Irratia on-line