Vasili Zaitsev
Vasili Grigorievitx Zaitsev (Jeleninskoi, Errusia, 1915eko martxoaren 23a - Kiev, Ukraina, 1991ko abenduaren 15a), Bigarren Mundu Gerrako sobietar frankotiratzaile bat izan zen. Ezagun egin zen bereziki Stalingradeko guduan; izan ere, 225 soldadu eta ofizial etsai hil zituen han, 1942ko azaroaren 10etik abenduaren 17ra bitartean.
Vasili Zaitsev | |
---|---|
![]() (1942) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Yeleninskoye (en) ![]() |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Kiev, 1991ko abenduaren 15a (76 urte) |
Hobiratze lekua | Mamayev Kurgan (en) ![]() |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | errusiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | frankotiratzailea, autobiografialaria eta militarra |
Lantokia(k) | Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna |
Jasotako sariak | ikusi
|
Zerbitzu militarra | |
Adar militarra | Sobietar Batasunaren itsas armada Itsas armada Infanteria |
Gradua | kapitain |
Parte hartutako gatazkak | Ekialdeko Frontea Bigarren Mundu Gerran Stalingradeko gudua Bigarren Mundu Gerra Odesa offensive (en) ![]() |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | ateismoa |
Alderdi politikoa | ![]() |
![]() ![]() |
Bizitza
Ural mendietan jaioa, txiki-txikitatik garatu zuen ehiztari sena, arkuz lehenbizi eta hamabi urte zituela aitonak oparitutako errifle batekin ondoren. Magnitogorskeko eskola teknikoan ikasi zuen, eta Ekialde Urruneko Eskuadra Sobietarrean lanean ibili zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenerako, Zaitsev sobietar itsas armadako kide zen, eta tiratzaile aparta.
Itsas armadan zegoelarik, Stalingraden gertatzen ari ziren borroken gogortasunaren berri izan zuen, eta boluntario aurkeztu zen hara joateko. Stalingraden, 62. armadako errifleen 284. dibisioko 1047. erregimentuan aritu zen borrokan, 1942ko urriaren 21etik aurrera.
Vasili Zaitsev, frankotiratzaile bikaina ez ezik, kamuflajearen, pazientziaren eta soinurik egin gabe mugitzearen maisu ere bazen. Azaroaren 10a baino lehen, 32 etsai hilak zituen bere Mossin-Nagant erriflearekin. Laster, garaiko sobietar egunkariak Zaitseven balentrien inguruko berri eta istorioak kontatzen hasi ziren. Ehun soldadu eta ofizial etsai baino gehiago hil zituenean, Leninen Ordenarekin saritu zuten. Sariak sari, Zaitsevek bere zeregin militarrekin jarraitu zuen: ekintza militarrak egiteaz gain, frankotiratzaile berriak hezten zituen Lazur kimika-lantegian. Zaitsev 32 frankotiratzaile berriren irakasle izan zen, eta hainbat iturriren arabera, 3000 etsai baino gehiago erorarazi zituzten hark hezitako tiratzaileek. Uraldarrak prestaturiko frankotiratzaileen artean, bere maitale Tania Txernova zegoen.
1943. urteko urtarrilean, Vasili Zaitsevek zauriak jasan zituen begietan, mina baten ondorioz. Filatov irakasleak ikusmena osatu zion, eta Zaitsev frontera itzuli zen. Gerra Dniester ibaian bukatu zuen, kapitain gisa.
Kondaira
Hainbat iturriren arabera, alemaniar buruzagitzak (batzuek diotenez, Heinrich Himmlerrek berak) König izeneko ofizial bat bidali zuen Stalingradera, Zaitsev akabatzeko helburu bakarrarekin. König frankotiratzaile aditua omen zen. Izan ere, Zaitseven balentriak propagandarako baliabide bikain bihurtu ziren, sobietar herriaren morala igotzeko. Horregatik erabaki omen zuen buruzagitza naziak Zaitsev akabatzea, gerra psikologikoko neurri gisa, sobietarren morala hondoratzeko. König eta Zaitsev elkarren bila aritu omen ziren, ehiza-joko betean. Königek lehen mugimendua egin omen zuen, Urri Gorria zeritzon lantegian, bi sobietar frankotiratzaile hilez. Horren jakitun, hara abiatu zen Zaitsev, bere kide Nikolai Kulikovekin batera. Hiru egun egon omen ziren König eta Zaitsev, besteak akats bat egin eta bere kokalekua noiz agerian utziko zain. Azkenean, König Zaitsevek prestaturiko tranpa batean erori zen. Hori guztia ez dago dokumentaturik, ez sobietarren aldetik, ez alemaniarren aldetik. Dagoen informazio bakarra alemaniar atxilotu batek eman zuen. Antony Beevor Stalingrad liburuaren egilearen arabera, König maiorra izena hedabideek sortu zuten, eta gizon hura egiaz Heinz Thorvald zen, Alemaniako armadaren frankotiratzaile eskola bateko burua.
Vasili Zeitseven inguruko kondaira hori zinemara eraman zuen Jean-Jacques Annaud frantziar zinema zuzendariak, Enemy at the Gates filmarekin, 2001ean.