Vanessa Goikoetxea
Vanessa Goikoetxea Agorria (West Palm Beach, Florida, Estatu Batuak, 1980ko azaroaren 30a) sopranoa da, opera eta zarzuela abeslaria. Munduko areto ezagun askotan abestu izan du, maisu handien zuzendaritzapean. Vanessa Floridan jaio zen arren, umetan joan zen Durangora bizitzera eta lotura handia izan du beti Bizkaiko herri honekin.[1]
Vanessa Goikoetxea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | West Palm Beach (Florida), 1980ko azaroaren 30a (43 urte) |
Herrialdea | Bizkaia |
Bizilekua | Durango |
Jarduerak | |
Jarduerak | opera abeslaria |
Ahots mota | sopranoa |
Musika instrumentua | ahotsa |
vanessagoikoetxea.com | |
Biografia
Vanessa Goikoetxea Durangoko Bartolome Ertzilla kontserbatorioan hasi zituen musika-ikasketak. Ondoren, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan jarraitu zuen ikasten. Gero, Madrileko Escuela Superior de Canto eta Municheko Hochschule für Musik und Theater goi-eskoletan ikasi zuen. Bere formazioa hornitzeko eskola magistralak ere jaso zituen Montserrat Caballé, Roberto Scandiuzzi, Edith Wiens, Miguel Zanetti eta Ana Luisa Chovarengantik. Gaztelania eta aleman kantuan tituluduna da. Goi-mailako titulua du akordeoian eta materduna da operan. Bere ibilbidean zehar, honako maisuen zuzendaritzapean abestu du: Fabio Luisi, Matteo Beltrami, Pier Giorgio Morandi, Carlo Montanaro, Patrick Fournillier, Diego Fasolis, Massimo Zanetti edota Sir Andrew Davis, besteak beste.
Soprano ibilbidea
Atzerrian
2011/12 denboraldian Dresdeneko Semperoper konpainian debutatu eta Alexander Joel-en zuzendaritzapean honakoak kantatu ditu: Alcina, Musetta (La bohème), Rachel (La juive), Hanna Glawari (Die lustige Witwe) eta Vixen (La zorrita astuta).
Martina Franca Italiar hiriko Festival della Valle d’Itria jaialdian, Italian debuta eginda, Alfredo Casella-ren La Donna Serpente [Emakume sugea] operako Armilla, Fabio Luisi maisuaren zuzendaritzapean.
Hurrengo denboradian (2012/13), Bartzelonako Gran Teatre del Liceun debutatu zuen Rusalka operako izen bereko Rusalka pertsonaiarekin.
2014an Madrileko Teatro de la Zarzuelan debuta egin zuen Catalina obrako pertsonaia nagusia abestuz. Hurrengo urtean, Boccherini-ren Clementina zarzuela abestera gonbidatu zuten bertara Andrea Marcon maisuaren zuzendaritzapean.
Beste antzezpen aipagarri batzuk: Alexander Joel-en zuzendaritzapean (Bakanteak) operako Autonoe, Erroman debuta eginda, Teatro dell’Opera-n.
2017 Donizettiren Elisir d’amore (Maitasunaren elixirra) operako Adina, Triesteko Verdi Antzokian: Granadako Hiriko Orkestrak gonbidatuta, Clementina zarzuelako Doña Narcisa, Andrea Marcon maisuarekin. Dresdenera itzuli zen, berriz ere Hanna Glawariren papera interpretatzeko eta Die CsárdásfürsBiztin Csárdás printzesa operetan debuta egiteko. Urte berean, 2017an Bartzelonako Gran Teatre del Liceun ere egin zuen debuta, Mozarten entzute handiko Don Giovanni operako Donna Anna paperarekin.
2018ko udan Seulgo Ópera Nacional de Corean, Franz Lehár-en Die Lustige Witwe operetako Hanna Glawari pertsonaiaren papera kantatu du.[2]
2019ko maiatzean Estatu Batuetako Seattle Operan debutatu zuen Bizeten Carmen operako Micaela interpretatuz.[3][4] Ondoren, Hego Koreako Seul hirian Kurt Weill musikagile alemaniarraren Mahagonny hiriaren arrakasta eta hondamena obrako Jenny Hill-en rola bete zuen.[5]
Euskal Herrian
Munduan zehar emanaldi asko eskaini dituen arren, Vanessak hazten ikusi zuen Durangon ere hainbat bider abestu du. 2013an Durangoko Andra Mari Basilikan kontzertua eskaini zuen Mateo Pais italiar piano-jotzaileak lagundurik.[6] Nepalgo lurrikaren biktimen aldeko kontzertu solidarioa eskaini zuten 2015ean Durangoko Andra Mari basilikan, Xabier Arana durangar organo-jotzailearekin batera.[7] Durangoko San Antonio ikastetxea sortu zeneko 150. urteurrenean, bertan abestu zuen, Elena Orobiogoikoetxea piano-jotzailearekin batera, biak ala biak ikastetxeko ikasle ohiak baitira.[8]
2018ko udazkenean berriz, Bilboko Euskalduna jauregian, OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartearekin La bohèmeren Mimi interpretatu zuen. 2019an, Abao Txikiren eskutik, Bilboko Arriaga antzokian Caperucita blanca operan, Txanozuritxo interpretatu zuen.[9]
2020ko martxoan, Bilboko Euskalduna jauregiko Musika-Musica 2020 jaialdiaren irekiera kontzertuan, Vanessak Poulencaren Gloria abestu zuen Erik Nielsenen zuzendaritzapean, soprano bakarlari gisa, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Sociedad Coral de Bilbaorekin batera.[10]
Sariak
- 2014an, Estatu Batuetako Vero Beach Opera Foundation-en Marcello Giordani kantu lehiaketako "Deborah Voigt saria" irabazi zuen.[11]
- 2023ko azaroaren 15ean XVI DEIA Laboral Kutxa Hemendik Saria jaso zuen Durangoko Plateruenan.[12]
Erreferentziak
- «Vanessa Goikoetxea, soprano» www.operabase.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- Vanessa Goikoetxea. Me halaga estrenar en Corea esta opera de Kurt Weill. (Noiz kontsultatua: 2020-03.09).
- «Vanessa Goikoetxea, soprano» www.operabase.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- «VANESSA GOIKOETXEA: "Tras la gran ovación en mi debut en la Seattle Opera, casi me puse a llorar"» Mugalari Kultura 2019-05-07 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- «La soprano duranguesa Vanessa Goikoetxea hace historia en Corea del Sur» Mugalari Kultura 2019-07-13 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- (Gaztelaniaz) «Ruper Ordorika y la soprano Vanessa Goikoetxea, citas musicales de lujo en Durango» durangon.com 2013-11-29 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- «3.850 euro batu zituzten Vanessa Goikoetxearen kontzertuan - Durango» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- (Gaztelaniaz) «Dos talentos de la música se funden en honor a San Antonio» El Correo 2017-05-05 (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- Antzokia, Teatro Arriaga. «Caperucita blanca» Teatro Arriaga (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- (Gaztelaniaz) «Vanessa Goikoetxea brilla en el Musika-Música 2020» Ópera Actual (Noiz kontsultatua: 2020-03-11).
- «marcellogiordani-foundation.org - This website is for sale! - marcellogiordani foundation Resources and Information.» www.marcellogiordani-foundation.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- (Gaztelaniaz) Buruaga, Un reportaje de K. Doyle y O.. (2023-11-16). «Durangaldea arropa los Hemendik Sariak» Deia (Noiz kontsultatua: 2023-11-17).
Kanpo estekak
- Vanessa Goikoetxea. Bio
- Vanessa Goikoetxea as Micaëla - "Je dis" (CARMEN 2019)
- vVanessa Goikoetxea. Come scoglio - Così fan tutte
- Vanessa Goikoetxea. Irudiak. Galeria
- Vanessa Goikoetxea. Facebook