Vanessa Bell

Vanessa Bell (jaiotzaz Vanessa Stephen; 1879ko maiatzaren 30a1961eko apirilaren 7a) ingeles artista postinpresionista ezagunenetakoa izan zen. Virginia Woolf idazle eta saiakera-egilearen ahizpa zaharrena zen, eta haren liburu batzuen azalak diseinatu eta ilustratu zituen. Munduko bi gerra handien artean sortutako Bloomsburyko Taldearen sustatzailea eta kidea izan zen, garai hartako britainiar idazle, artista eta intelektual zenbaitek osatzen zutena. Eraikinen barrualdeen diseinatzailea ere bazen, eta, besteak beste, Ingalaterrako Sussex konderrian kokatutako Berwick herrixkako elizako horma-irudiak sortu zituen, Bloomsburyko Taldeko kide Duncan Grantekin batera.

Vanessa Bell

Bizitza
JaiotzaLondres, 1879ko maiatzaren 30a
Herrialdea Erresuma Batua
HeriotzaCharleston etxaldea eta Firle (en) Itzuli, 1961eko apirilaren 7a (81 urte)
Hobiratze lekuaSt. Peter's Churchyard, West Firle (en) Itzuli
Heriotza modua: gaixotasun kardiobaskularra
Familia
AitaLeslie Stephen
AmaJulia Stephen
Ezkontidea(k)Clive Bell (en) Itzuli  (1907 -  1961)
Bikotekidea(k)
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
HeziketaLondresko King's College
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, diseinatzailea, argazkilaria eta artista
Lantokia(k)Frantzia
Firle (en) Itzuli eta Londres
MugimenduaBloomsburyko Taldea
Genero artistikoaizadi hila
erretratua
paisaia margolaritza

Find a Grave: 11059762 Edit the value on Wikidata

Lehen urteak

Sir Leslie Stephen eta Julia Prinsep Duckworth senar-emazteen alabarik zaharrena zen.[1] Virginia (gerora Virginia Woolf) ahizpaz gain, guraso bereko bi neba zituen, Thoby (1880-1906) eta Adrian (1883-1948); gainera, aita ezberdineko bi nebaorde ere bazituen, George eta Gerald Duckworth, zeinek, Bellek helduaroan esango zuenez, bortxatu egin baitzuten umetan[2]. Londreseko Westminster auzoan bizi ziren, Hyde Park Gate-ko hogeitabigarrenean. Oinarrizko hezkuntza etxean jaso zuen, eta batez ere hizkuntzetan, matematikan eta historian trebatu zen; marrazketa-eskolak ere jaso zituen, Ebenezer Cook arte-hezitzailearen eskutik. Hamazazpi urte zituela Sir Arthur Cope arte-eskolara joan zen, eta 1901ean Errege Akademian sartu zen, pintura ikasteko.

Helduaroa

Bloomsbury Taldeko kide batzuk. Ezkerretik eskuinera: Ottoline Morrell andrea, Maria Nys (geroago Aldous Huxley andrea), Lytton Strachey, Duncan Grant eta Vanessa Bell.

Ama 1895ean hil zitzaion, eta aita, berriz, 1904an. Aita hil ondoren, Bellek Hyde Park Gate-ko etxea saldu zuen, eta Londreseko Bloomsbury auzora joan zen bizitzera, Virginia ahizparekin eta Thoby eta Adrian nebekin batera.[1] Bloomsburyn bizi zirela, garai hartako artista, idazle eta intelektualen ezagutza egin zuten, eta haiekin harremanetan hasi ziren.[1] Aurrerago, talde hari Bloomsburyko Taldea deituko zioten; alta, ostegun ilunabarreko lehen bilerak Bell-en etxean egin zituzten, Bloomsbury auzoko Gordon plazan. Han elkartzen ziren, besteak beste, Lytton Strachey, Desmond MacCarthy eta, geroago, Maynard Keynes, Leonard Woolf, Roger Fry eta Duncan Grant.

1907an Clive Bell-ekin ezkondu zen, eta bi seme izan zituzten, Julian (1937ko Espainiako Gerra Zibilean hil zen, 29 urterekin) eta Quentin.[1] Ezkonbizitza irekia zeukaten, eta biek ala biek hainbat maitale izan zituzten; Vanessari dagokionez, maite-kontuak izan zituen Roger Fry arte-kritikariarekin eta Duncan Grant margolariarekin, besteak beste.[1] 1918an alaba bat izan zuen, Angelica; umearen aita biologikoa Grant bazen ere, Clive Bellek beraren alaba izango balitz legez hazi zuen.[3]

Lehen Mundu Gerra lehertu baino apur bat lehenago, Vanessa eta Clive Bell, Duncan Grant eta beraren maitale David Garnett landa-eremura joan ziren bizitzera, hain zuzen ere Sussex konderriaren ekialdean kokatutako Firle herrixkako Charleston etxaldera. Vanessa Bellek, Duncan Grantek eta Roger Fry-k Omega Workshops diseinu-enpresa sortu zuten, eta Bellek eta Grantek enpresa horren bidez eskatutako margolanak eta diseinu-lanak egiten zituzten Charleston etxaldean. Gainera, Bellek Omega Workshops-en estudioan egin zuen beraren bakarkako lehen erakusketa, 1916an.[4]

Vanessa Bell Charleston etxaldean hil zen, 1961ean. Firle Parrokiako hilerrian lurperatu zuten, Duncan Granten ondoan.

Lanak

Ottoline Morrell andrearen bildumako vintage argazki inprimatua/NPG Ax141298. Argazkian: Jean de Menasce, Vanessa Bell, Duncan Grant eta Eric Siepmann (1922).

1906rako, Bell bere burua artistatzat ikusten hasia zen. Londresen bertan margolaritzaren garapenerako lagungarri izango zen txoko bat eduki nahian, Ostiraletako Taldea sortu zuen. Roger Fry margolari eta arte-kritikariak antolatutako erakusketa postinpresionistek asko adoretu zuten, eta berak sortutako lanetan haien kolore argiak eta forma ausartak kopiatzen hasi zen. 1914an, ostera, abstrakziorako bideari ekin zion.[5]

Vanessa Bellen hilobia, Firle Parrokiako hilerrian

Vanessa Bell artista ingeles postinpresionista ezagunenetakoa izan zen. Bere lanak Londresen eta Parisen erakutsi zituen, eta, adituen ustez, helduaroko lehen urteetan lan berritzaile askoa egin zuen.[6] Uko egin zion pintura viktoriar narratiboari, bai eta feminitatearen ezaugarri ideal eta itxuragabeak irudikatzen zituen korronteari ere. Ostera, bere bizitza pertsonalarekin estuki lotuta zeuden lanak sortu zituen.[7]

Tamaina handiko margolanak pintatzeaz gain, Virginia ahizpak eta haren senar Leonardek sortutako Hogarth Press argitaletxeak plazaratutako hainbat libururen azalak diseinatu eta ilustratu zituen[8]; adibidez, Virginia Woolfen To the Lighthouse liburu ezagunaren azaleko irudia berak sortu zuen, umetan Cornwall konderriko St Ives herrian ezagutu zuten hondartza itsasargiduna gogoan hartuta.[9] Eskulan itxurako diseinu soilak egiten zituen, eta berak sortutako azalen ezaugarri bihurtu ziren irudi geometrikoak eta letra xeheak erabiltzen zituen.[7]

Bellen lanen artean daude, besteak beste, Studland Beach (1912), The Tub (1918), Interior with Two Women (1932) eta ahizpa Virginia Woolfen erretratuak. Bestalde, 1940-1942 bitartean Sussex konderriko Berwick herrixkako elizako horma-irudiak sortu zituen, Bloomsburyko Taldeko kide Duncan Grantekin batera.[10]

Erreferentziak

  1. Jones, Marnie. «Review: Her Own Story» JSTOR.
  2. Dunn, Jane. (1990) A Very Close Conspiracy: Vanessa Bell and Virginia Woolf. London: Jonathan Cape, pp. 20-21. ISBN 9780224022347
  3. Archive Journeys: Bloomsbury
  4. Shone, Richard. (1999) The Art of Bloomsbury Roger Fry, Vanessa Bell and Duncan Grant. Princeton: Princeton University Press, pp. 137-138. ISBN 0691049939.
  5. Chilvers, Ian. "Bell, Vanessa". The Oxford Companion to Western Art. Ed. Hugh Brigstocke. Oxford Art Online. Oxford University Press. Retrieved 21 February 2015.
  6. Vanessa Bell and Dora Carrington: Bloomsbury Painters. Gillian Elinor. Woman's Art Journal. Vol. 5, No. 1 (Spring – Summer 1984), pp. 28-34. Woman's Art Inc. Stable URL: http://www.jstor.org/stable/1357882.
  7. Marion Dell and Marion Whybrow; Helen Dunmore (Introduction), Virginia Woolf and Vanessa Bell: Remembering St Ives.
  8. .
  9. Vanessa Bell: Studland Beach, Domesticity, and "Significant Form". Lisa Tickner. Representations. No. 65, Special Issue: New Perspectives in British Studies (Winter 1999), pp. 63-92. University of California Press. Stable URL: http://www.jstor.org/stable/2902962.
  10. .

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.