Valentin Larrea
Valentin Larrea Iturbe (Gabiria, 1876ko abenduaren 27a - Iruñea, Nafarroa Garaia, 1970eko maiatzaren 10a) gipuzkoar piano-jotzaile eta musikagilea izan zen.
Valentin Larrea | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Gabiria, 1876ko abenduaren 27a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Iruñea, 1970eko maiatzaren 10a (93 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | piano-jotzailea eta musikagilea |
Bizitza
Valentin Larrea Iturbe Gabirian jaio zen 1876ko abenduaren 27an. Meliton Larrea Perez de Lazarraga zalduondarraren eta Tekla Iturbe ormaiztegiarraren bost seme-alabetan zaharrena zen. Txikitatik izan zuen dohaina musikarako, eta aitarekin egin zituen lehen ikasketak, Gabiriako idazkari, maisu eta organista baitzen.[1]
1893ko urrian, 17 urte zituela, Madrilgo Musika eta Deklamazioa Eskola Nazionalean sartu zen. Jose Tragó, Emilio Serrano eta Gimeno de Lerma izan zituen, hurrenez hurren, pianoko, armonia eta konposizioko eta organoko irakasleak.[2]. Gorenetako kalifikazioak izan zituen. Diplomak eta aipamenak Ruperto Chapík, Gerónimo Gimenezek eta Tomás Bretónek izenpeturik daude.[3] Bertan ezagutu zuen Teresa Auzmendi, eta izugarri maitemindu egin zen.[1]
1898an, Iruñean, Nuevo Casino Eslava berrantolatuan, pianista titularra izateko postu bat atera zuten oposiziora. Valentin aurkeztu zen, eta aho batez eman zioten postua.[3] 1900ean ezkondu zen Teresa Auzmendirekin, eta etxebizitza bat hartu zuten Iruñeko Alde Zaharreko Txapitela kalean. Han bizi izan ziren 70 urtez. Tarte horretan, Casino Eslavako pianista izan zen, klaseak ematen zituen, eta konposatu. Lehiaketa askotara aurkeztu zen, eta sari asko irabazi. Horrela egin zuen bere ibilbidea.[1] Pianista eta bakarlaria izateaz gain, Aramendia boskotearen kide izan zen 1913-1921 bitartean: bera pianoan, eta bi biolin, biola eta txeloa. Iruña kafetegian eta Donostiako Continental hotelean ematen zituzten kontzertuak.[2][1]
Lanak
Bere obra ugaria eta askotarikoa da. Hona hemen pieza nabarmen batzuk:[2]
- Orfeoi eta ahots zurien kororako moldatutako obrak
- Negra sombra
- Aslixieras anduriñas
- Canción primaveral
- Arku instrumentuentzako obrak
- Andante
- Scherzo
- Meditación religiosa
- Andante religioso
- Soka laukote eta pianorako obrak.
- Vals romántico
- Intermezzo
- Canción vasca
- Donostia
- Romanza en sol
- La Perla del Océano
- Bella Easo
- Geno
- Picadillos.
Sariak
Musikagile gisa oso saritua eta txalotua izan zen[2]:
- Gipuzkoako aldundiak antolaturiko Euskal Jaietan 12 sari lortu zituen:1900,1901,1902,1904, 1906,1907,1911an.
- Bilboko ateneoko musika lehiaketako lehen saria 1902an.
- El Heraldo de Madrid egunkariko musika lehiaketan aipamen berezia izan zuen 1903an.
- Irungo udaletxeko musika lehiaketako lehen saria 1930ean.
- Iruñeko udaletxeak antolaturiko literatura eta musika lehiaketan lehen saria 1946an.
- 1949ko otsailean laneko domina eman zitzaion 50 urtez Nuevo Casino Eslavako pianista izan zelako.
Erreferentziak
- Telleria Sarriegi, Enekoitz. Aitona Valentinen doinuak. Berria, 2021eko maiatzak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-11).
- (Gaztelaniaz) «A008 - Valentín Larrea» Guía de fondos Eresbil (Noiz kontsultatua: 2019-08-29).
- «Larrea Iturbe, Valentín - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-29).