Utsjoki
Ohcejohka edo Utsjoki (Inariko samieraz, Uccjuuhâ; skolt samieraz, Uccjokk) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da; zehazki, Europar Batasun osoan iparralderen dagoena da. Guztira, 1.210 biztanle ditu 5.372 km²-ko azaleran[1][2], eta horregatik, biztanle dentsitate txikiena duen herrialdeko hirugarren udalerria da. Nabarmentzekoa da azaleraren %80 inguru babestutako natura eremuek osatzen dutela; horien artean, Kevoko Natura Erreserba Hertsia da aipagarriena[4]. Bestalde, Utsjoki sami herritar ehuneko altuena duen Finlandiako udalerria ere bada, izan ere, utsjokiarren %69,9 da herri horren kide[5]. Hain zuzen, udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta 1973. urtean, Enontekiö, Inari eta Sodankylä udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Ipar samiera Utsjokiko hizkuntza ofiziala da finlandierarekin batera.
Ohcejohka / Utsjoki | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Ohcejoga gielda (ipar samieraz) Utsjoen kunta (finlandieraz) | |
Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea Ipar Lappiko azpieskualdea | |
Alkatea | Vuokko Tieva-Niittyvuopio | |
Sorrera | 1876 | |
| ||
Koordenatuak | 69°54′25″N 27°01′25″E | |
Azalera - Ur-azalera |
5.372,00 km²[1] 226,02 km² (%4,2) | |
Biztanleria Dentsitatea Lehen hizkuntza - Finlandiera - Ipar samiera - Besteak |
1.210 (2020)[2] 0,24 bizt/km² (2019)[3] % 52,7 (ofiziala) % 43,1 (ofiziala) % 4,1 | |
Webgune ofiziala |
Teno ibaiak ezinbesteko garrantzia du Utsjokiko bizimoduan. Norvegiarekin muga markatzeaz gain, udalerriko motore ekonomikoa ere bada, izan ere, Teno ibaiko izokin handi ospetsuek erakartzen duten arrantza-turismoa eta mugak ekartzen duen salerosketa dira diru-iturri nagusiak[6]. Udalerriko langileen %75ek egiten du lan hirugarren sektorean, bai zerbitzu publikoetan, bai pribatuetan[7].
Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira Sami zubia, eliza eta elizaren ingurunea. Hain zuzen, Finlandiar Ondarearen Erakundeak Utsjokiko elizaren ingurunea "Interes Nazionaleko Eraikitako Ondare" izendatu zuen 2009an; bertan XVIII. eta XIX. mendean eraikitako egurrezko 14 etxola daude, samiek jai eta azoka egunetan elkartzeko erabiltzen zituztenak[8].
Ingurunea
Utsjoki Lappi eskualdearen eta Finlandiaren iparraldeko muturrean dago, Ipar Lappi lurraldean, eta Norvegiarekin egiten du muga mendebaldean eta iparraldean. Bizilagunak Inari hego-ekialdean, eta Karasjok, Tana eta Nesseby norvegiar udalerriak dira; eskualdeko Rovaniemi hiriburutik, aldiz, 450 bat km iparraldera dago[9]. Utsjokik, guztira, 5.372 km²-ko azalera du eta, hain zuzen ere, azalera handiena duen herrialde osoko hamabigarren udalerria da[1]. Lurralde zabal honetan, hainbat eremu bereizten dira. Lautada zabaletan klima azpiartikoa eta taiga edo baso boreala nagusitzen dira, eta zuhaizti ohikoenak pinudiak eta urkidiak izaten dira; altuera gutxiko mendi gainetan, berriz, zuhaitzik gabeko tundra eta klima polarra dira bereizgarri nagusiak. Azkenik, aipatzekoak dira landare espezie ez-ohikoak bizi diren inguru zingiratsu eta paduratsuak.
Udalerria zirkulu polar artikoaren gainean dago, 350-500 bat km iparrera[9]; horrenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Alde batetik, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna udalerriko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bigarren astetik abuztu hasiera arte; Ohcejohkako edo Utsjokiko elizatean, esaterako, gertakariak 71 egun irauten du (maiatzaren 18an hasi eta uztailaren 28an amaitzen da)[10]. Bestetik, gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia azaroaren 27tik urtarrilaren 17ra izaten da; guztira, 51 egun[11]. Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[12].
Klimari dagokionez, azpiartikoa da gailentzen dena eta, ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Dena den, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain izozgarriak, Ozeano Artikotik iristen den haize epelak neguak leuntzen dituelako. Orokorrean, elurrak udalerriko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera 175 egunez[13]; izotzak, bestetik, aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Hilabete euritsuenak udakoak dira, uztaila bereziki, eta lehorrena, aldiz, maiatza. Eremu menditsuetan, bestalde, klima polarra da nagusitzen dena, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinetik erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta udalerriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua)[14]. Azkenik, aipatzekoa da udalerrian klima aztertzen duen gune garrantzitsua dagoela, Turkuko Unibertsitateak 1956. urtean ireki zuen Kevo Ikerketa Azpiartikoko Institutua[15].
Geavvu / Kevo | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima azpiartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | -0,1 | 1 | 1 | 7,7 | 20,6 | 21,4 | 33,4 | 31,5 | 23,2 | 12,7 | 5,2 | 2,9 | - | |
Batez besteko maximoa ºC | -8,9 | -10,5 | -6,5 | 2,8 | 13,3 | 13,2 | 25,2 | 16 | 11,8 | 2,2 | 0,8 | -4,1 | 4,7 | |
Batez bestekoa ºC | -14,6 | -15,6 | -13 | -1,3 | 7,2 | 9,5 | 18,1 | 11,5 | 7,3 | -1,2 | -2,1 | -9,4 | -0,2 | |
Batez besteko minimoa ºC | -21,1 | -21,7 | -20,9 | -6,8 | 0,3 | 5,3 | 10,9 | 7 | 2,8 | -5,3 | -5,8 | -14,2 | -5,8 | |
Minimoa ºC | -33 | -34,8 | -33,8 | -20,7 | -10,1 | 0,8 | 5,2 | -0,3 | -5,5 | -14,9 | -13,7 | -25,6 | - | |
Prezipitazio-egunak | 29 | 27 | 27 | 23 | 18 | 23 | 11 | 23 | 19 | 20 | 28 | 27 | 275 |
Ipar Lappi lurraldea ez da oso eremu menditsua; mendi gehienak Sodankyläko ipar- eta hego-ekialdean daude. Dena den, Utsjokin badaude 600 metro goitiko hiru tontor: 619 metroko Kaimioaivi, samientzat sakratua den 620 m-ko Ailigas, eta Ipar Lappiko bigarren eta Finlandiako hamaikagarren goragune altuena den Guivi edo Kuivi, 640 metro neurtzen duena. Bestalde, 500 eta 600 metro arteko hainbat gailur daude udalerrian sakabanatuta; besteak beste, altuenetik baxuenera, Duottarmavnna, Njavgoaivvi, Ruohtir, Avzegasoaivi, Varddoaivi, Nuvvus-Ailigas, Geatgebassi, Orosoaivi eta Birkeoaivi[17].
Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuz gero, Utsjoki ez da aintzira handiko udalerria. Zehazki, azalera osoaren %4,2 baino ez da ur-azalera; guztira, 226,02 km²[1]. Hala ere, 1.820 aintzira daude bertan, gehienak ekialdean biltzen diren aintzira txikiak[18]; besteak beste, aipatzekoak dira Veahčajávri edo Vetsijärvi, Norvegiarekin muga egiten duen Buolbmátjávri/Pulmankijärvi, Máttajávri/Máttajávri, Geavojávri/Kevojärvi, Inarirekin muga egiten duten Čárajávrrit eta Juttjávri/Jottijärvi, eta mendebaldeko Luopmošjávrrit edo Luomusjärvet multzoa, Stuorrajávri eta Nuorttahjávri aintzirek osatzen dutena. Ur eremu honen artean, bestalde, nabarmenak dira udalerria zeharkatzen duten ibaiak, batik bat, herrialdearen iparraldeko muga marrazten duten Deatnu edo Teno (250 km-ko luzera du) eta Kárášjohka, eta Anár edo Inari ibaia (152,9 km luzekoa). Beste ibai garrantzitsu batzuk Inaritik iristen den Gámasjohka edo Kaamasjoki, Kevoko arroila sortzen duen Geavojohka edo Kevojoki, Veahčajohka/Vetsijoki, eta udalerriak izenak zor dizkion Ohcejohka edo Utsjoki dira. Azkenik, aipatzekoa da 26 metroko altuera duen eta herrialde osoko erorketa malda altuenetakoa duen Fiellu ur-jauzia[19][20].
Ur eremu honetan, amuarrain arruntak eta laponiakoak, koregonoak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak, perkak, timaloak eta fama handiko izokinak bizi dira, urtero milaka arrantzale erakartzen dituztenak[21][22].
Udalerriko natura basatia oso zaindua da, azaleraren %80 inguru babestutako lurraldeek osatzen baitute. Guztira, natura erreserba bat eta hiru eremu basati daude Utsjokin:
- Geavvuko edo Kevoko Natura Erreserba Hertsia: osoki Utsjokin dagoen eta 712 km²-ko eremua hartzen duen erreserba hertsia da. 1956. urtean sortu zen bertako natura berezia babesteko asmoz. Hain zuzen ere, erreserbaren barruan daude, besteak beste, 26 metroko altuera duen Fiellu ur-jauzia, 40 km-ko luzera eta 80 metroko sakonera duen Kevoko arroila, eta pasagune estutik igarotzen den Geavvu edo Kevo ibai meharra. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, dena den, badira markatutako bi ibilbide: 64 km-ko luzera duen eta arroila inguratzen duen Geavvu edo Kevo bidea, eta eremu menditsuan barrena doan 78 km luzeko Guivi edo Kuivi bidea. Bi bideak zailtasun handikoak diren arren, urtero milaka naturazale iristen da bertara[4].
- Gálddoaiviko edo Kaldoaiviko, Muotkatunturiko edo Muotkkeduottarreko, eta Paistunturiko edo Pänituoddârreko eremu basatiak: Utsjokiren bereizgarri nagusietako bat dira udalerrian dauden hiru eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta samien kultura eta bizilekuak babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dituzte. Hala ere, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[23].
Natura eremu horietan ehizatzea erabat debekatua dago; beraz, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari ere badago. Ugaztunen artean, aipatzekoak dira altzeak, amerikar bisoiak, azeri gorri eta zuriak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lemingak, lepahoriak, otso arruntak, satitsu txikiak, tundrako otsoak, ur-ipurtatsak, ur-satitsu hankazuriak, eta elur-orein basati eta etxekotuak (basoko elur-oreinak)[4][23].
Bestalde, hegazti espezieei dagokienez, aniztasun handia dago. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak dira bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak. Hala eta guztiz ere, uda pasatzera iristen diren hegazti espezieak dira nagusi; esaterako, aliota txikiak, arrano beltz eta arrantzaleak, belatz gorri, handi eta txikia motako harrapariak, basoilarrak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, erroiak, hontz gabiraiak, ipar-antzandobiak, ipar-belatzak, ipar-txioak, istingor arrunt eta txikiak, kukua, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, larreoiloak, mendebal-txori mokomeheak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltzak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, temminck txirriak, txio horiak, txirri hankalaburrak, ur-zozoak, urre-txirri arruntak, zingira-berdantzak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Azkenik, ur-hegazti espezieen artean, aipatzekoan dira ahate txistulariak, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handi eta mottodunak, zerra ertain eta txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak[21][4][23].
Historia
Lurralde honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi ziren garaian iritsi zela uste da; hain zuzen ere, lehenengo biztanle horien aztarna zaharrenak Veahčajávri edo Vetsijärvi izeneko aintziraren inguruan aurkitu dira eta adituek 9.500 urte inguru dutela ebatzi dute[24]. Veahčajávrikoak Ipar Lappiko historiaurreko arrasto zaharrenak dira. Lehen giza-talde hori iparraldetik etorritako Komsa kulturako gizakiek osatu zuten, ehiza eta fruitu-bilketatik bizi ziren, eta jatorria Ozeano Artikoko kostaldea zenez, Ipar Itsasoko Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izango zutela uste da. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorriak ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu horien eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara iritsi ziren eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten uraldar herrien nahasketaren ondorio direla[25].
Erdi Arora arte egoera antzekoa izan zen. Bertako biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herrik edo taldek osatzen zuten; talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa zen. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari arazo handirik gabe eutsi ahal izan ziotela uste da[24].
XIV. mendean, baina, Ipar Lappi osoa Suediar Erresumako antzinako Laponia probintzia barnean finkaturik gelditu zen. Muga zurrundu egin zen eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan. Garai horretan, gaur egun udalerriak hartzen duen eremuan, bi siida edo sami talde bereizten ziren: hego-mendebaldeko Deanu siida eta ipar-ekialdeko Ohcejohka. Banaketa horrek XIX. mendera arte iraungo zuen[26].
Suediarren eragina XVII. mendean hasi zen nabarmentzen; kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponia iparraldean. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza finkatu behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko[25]. Utsjokiko lehena Mantojärvi edo Máttajávri izeneko aintziraren ertzean eraiki zuten 1701. urtean[27]. Hala, kristautasunaren etorrerarekin batera, samiak xamanismoa alde batera uzten hasi ziren. Gainera, iparraldean sektore ekonomiko berria sortzeko helburuarekin, samiak elur-orein zaintzan jarduteko laguntzak jasotzen hasi ziren Suediar Erresumaren eskutik, eta horrek ere euren bizimodua eraldatzea ekarri zuen[24].
Bestalde, XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen eta Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren iparraldeko muga lasaitu egin zen. XVIII. mendean, aldiz, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren. 1751. urtean Strömstadeko Akordioa sinatu zuten Norvegiak eta Suediak, eta iparraldeko muga Teno (edo Kárášjohka) ibaian zehaztu zuten; erabaki horrek ondorio kaltegarriak izan zituen lurraldean, bertako bi sami herriak (Deatnu eta Ohcejohka) bi herrialdetan banatuta gelditu zirelako: Teno ibaiaren iparraldeko ertza Kautokeinoko elizbarrutiak bereganatu zuen eta hegoaldeko ertza, aldiz, Utsjokiko elizatearen inguruan bildu zen, Suediaren eta Sodankyläko elizbarrutiaren barruan[28]. Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen eta Finlandia Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen[24].
Jabe aldaketak lurraldeko samien bizimodua hankaz gora jarri zuen. Hain zuzen, elur-orein zaintzan jarduten zuten sami abeltzainek animaliak lekualdatzen zituzten sasoiaren arabera, eta neguan Ozeano Artikoaren kostaldera eramaten zituzten elikagai hobeen bila. Baina, Finlandia Errusiar Inperioak bereganatu zuenean, Norvegiako muga itxi egin zuten 1852an, eta samiak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Ezintasun horrek kalte handiak eragin zituen ekonomian eta abeltzain askok hegoalderantz jotzeko apustua egin zuen, hartara Inariko samiekin harremanak estutuz. Gorabehera horien ondorioz eta finlandiar kolonoen kokatzea bultzatzeko, eskualdea zerga-sistematik salbuetsia gelditu zen hainbat urtez. Azkenik, 1876. urtean, Utsjokiko elizatearen inguruko herriak Sodankylätik bereizi eta udalerri propioa sortu zuten[24].
Errusiaren mende ehun urte igaro ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Estatus aldaketa hau oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere burujabe estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak udalerriko herrietan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Finlandia astindu zuten Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerraren ondoren, herrialdeak SESBekin bake-akordioa sinatu zuen; akordioa gauzatzeko, finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea. Horrela, gutxira arte soldadu nazien kide izandako finlandiarrak horiek jazartzeari ekin zioten eta bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera, alde egitea galarazteko, soldaduak mugako udalerrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen eta eskualdeak ondorio garratzak pairatuko zituen. Alemaniarren XXXVI. armada-gorputzak muga Karigasniemi herritik igarotzea erabaki zuen; hala ere, XXXVI.a Ivalo suntsitu zuen armada-gorputz bera izan arren, Utsjokin ez zuen sarraskirik egin[28][29].
Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Dena den, hazkunde hori guztia ez zen hain oparoa izan udalerriarentzat, industriak ez baitzituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik), eta samiek jatorrizko ekonomiatik bizirauten jarraitu zuten. XX. mendearen bigarren erdian, aldiz, arrantza-turismoaren eskutik azpiegiturak iristen hasi ziren eta natura basatia babesteko apustua egin zen Ipar Lappin. Utsjokin bertan, Kevoko Natura Erreserba Hertsia sortu zen 1956an eta horren inguruan jarduera ekonomiko berriak azaltzen hasi ziren[4].
Gaur egun udalerrian bi talde etniko nagusi daude: samiak (%69,9) eta finlandiarrak[5][30]. Hain zuzen, sami biztanle ehuneko handiena duen udalerria da Utsjoki. Herritar horien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesten dituen Samien Lurraldea sortu zuen Utsjokik Enontekiö, Inari eta Sodankylä udalerriekin batera 1973. urtean[31].
Administrazioa
Banaketa
• Kuolna • Kuoppaniva • Koikkiniva • • Rovisuvanto • Piesjoki • Fierranjoki • Akukoski • Outakoski • Nuorpiniemi • Aittijoki • • Nuvvus • Utsjoki • Gárnjárga • Vetsikko • • • • • Mieraslompola • Korretoja • Kevo • Patoniva Kaldoaivi Muotkatunturi Paistunturi • Skalluvaara DEATNU / TANA |
Udalerria hiru herrigune nagusik osatzen dute: Utsjokiko elizateak, Europar Batasunean iparralderen dagoen Nuorgam herriak eta hego-mendebaldeko Karigasniemik. Hiru herri horietan eta inguruko auzuneetan bizi dira udalerriko biztanle gehienak. Bestalde, mendebaldean bada beste biztanle-gune garrantzitsu bat, Nuvvus eta Dálvadas sami herriek, eta Outakoskik osatzen dutena; dena den, bertan herritarrak sakabanaturik bizi dira[33].
XIX. mendera arte, gaur egun udalerriak hartzen duen eremuan, bi siida edo sami talde handi bereizten ziren: hego-mendebaldeko Deanu siida eta ipar-ekialdeko Ohcejohka. Dena den, 1751. urtean Norvegiak eta Suediak iparraldeko muga Teno (edo Kárášjohka) ibaian zehaztu zutenean, bertako bi sami herriak bi herrialdetan banatuta gelditu ziren: ibaiaren iparraldeko ertza Kautokeinoko elizbarrutiak bereganatu zuen eta hegoaldeko ertza, aldiz, Utsjokiko elizatearen inguruan bildu zen. Hala, ordura arte mendebaldera begira izan ziren Karigasniemi eta inguruko herriak Ohcejohkarekin elkartu eta udalerri berria sortu zuten 1876. urtean: Utsjoki[26].
Hauek dira udalerriko herrigune garrantzitsuenak:
|
|
|
Lehen izendapena finlandieraz, bigarrena ipar samieraz.
175 biztanle baino gehiago dauzkaten herriak beltzez.
Garraio azpiegiturak
Utsjoki hain handia izanik eta herriak hain sakabanatuta egonik, ez da erraza bertatik mugitzea errepide bidez ez bada. Ez dago iparralderaino doan trenik ezta aireporturik ere; hurbilen dauden aireportuak Ivalokoa -Ivalo aireportua- (150-175 km hegoaldera), Lakselv-Banak aireportua (Karigasniemitik 94 km ipar-mendebaldera), eta Kirkenes aireportua (Nuorgam herritik 145 km ekialdera) dira[34]. Beraz, garraiobide nagusiak autoa eta autobusa dira.
Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide eta autobide nagusiak:
4E 75 Valtatie 4: Helsinki – Lahti – Jyväskylä – Oulu – Kemi – Rovaniemi – Inari – Utsjoki
92 Kantatie 92: Karigasniemi – Kaamanen (Inari) – Näätämö (Inari)
970 Seututie 970: Karigasniemi – Utsjoki – Nuorgam
Hala, Utsjokiko herrien artean ibiltzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Utsjokitik autobide bakarra igarotzen da, Nelostie izenaz ezaguna den Valtatie 4a[35]. Autobide honek Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du (herrialde osoko autobide luzeena da). E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu, Kemi eta Rovaniemi hirietatik, Kevotik eta elizatetik igarotzen denez, utsjokiarren autobide erabiliena ere bada. Bestetik, bigarren mailako errepide ugari ere badaude; esate baterako, Karigasniemin hasi Inariko Kaamanen eta Näätämö herrietara iristen den 192 km-ko Kantatie 92a[36], eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera Utsjokiko mugako herri guztiak (Karigasniemi, Outakoski, Nuvvus, Dálvadas, Utsjoki, Nuorgam) bat egiten dituen Seututie 970a, 148 km dituena[37]. Norvegiara igarotzeko, azkenik, errepidezko hiru muga nagusi daude: Karigasniemitik, Nuorgametik, eta, Sami zubia igaroz, Utsjokiko elizatetik.
Garraio publikoari dagokionez, Karigasniemi herria eta Utsjokiko elizatea lotzen dituen autobusa izaten da astelehenetan eta ostegunetan[38]. Bestalde, Eskelisen Lapin Linjat konpainiako autobusek ia egunero egiten dute geldialdiren bat Karigasniemin edo Utsjokin; izan ere, herrialdea Norvegiarekin eta Ipar lurmuturrarekin lotzen duten bidaiak maiz egiten dira eta udalerria derrigorrezko geldialdia izaten da horietan[39].
Hezkuntza
Lappiko hezkuntza azpiegitura nagusiak eskualdeko hiriburuan daude, Rovaniemin; haien artean, Unibertsitatea eta Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea. Dena den, utsjokiarrek derrigorrezko hezkuntza udalerrian bertan jasotzeko aukera dute. Hain zuzen, Udalak tokian tokiko irakaskuntzaren alde egiten du, eta Utsjoki sakabanatuta dauden hainbat herrik osatzen duten arren, eskaintza sarea zabala da.
Guztira, Haur Hezkuntzako hiru eskola daude Utsjokin, hirurak publikoak: Utsjokiko elizateko, Karigasniemiko eta Nuorgamgo haur eskolak. Ikastetxe horietan, sei urtera arte iristen den Haur Hezkuntza eskaintzeaz gain, Derrigorrezko Hezkuntzako lehen bi mailak ere burutzen dituzte ikasleek. Aurre-eskola izena duten bi ikasturteetan, gazteak ordutegira egokitzen eta ikasgai berriak ikusten hasten dira, besteak beste. Ondorioz, aldaketa horren handia izan ez dadin, fase hau aurreko ikastetxe berean burutu ohi dute[40].
Hirugarren mailatik aurrera, aldiz, Utsjokiko gazteek elizatean dagoen Samien Institutura (Utsjoen saamelaislukio edo Ohcejoga sámelogahat) jo behar izaten dute euren ikasketekin jarraitzeko, udalerrian dagoen Derrigorrezko Hezkuntzako ikastetxe bakarra baita. Eskola bakarra izanik, gazte gehienek inguruko herrietatik bertara mugitu behar izaten dute egunero; dena den, ikastetxeak herri urrunenetako ikasleen joan-etorriak ordaintzen eta errazten ditu. Elebitasunak garrantzi handia du institutuan eta ikasketak finlandieraz edota ipar samieraz eskaintzen dira. Bertan dauden instalazioen artean nabarmentzekoak dira liburutegia, gimnasioa, kirol aretoa eta igerilekua[41].
Osasuna
Eskualdea bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta, bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia; azken horren barruan dago, hain zuzen ere, Utsjoki[42].
Familiako edo etxeko medikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta horiek udalerrian bertan dauden osasun-etxe eta eskualde-erietxeetan egiten dute lan. Hain zuzen, osasun zentroetan laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, eta tresna bereziak izaten dituzte, eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte. Utsjokin, ezaugarri horiek dituen eta Utsjokiko elizatean dagoen osasun-etxe nagusiaz gain, eskualde-erietxe bat ere badago Karigasniemi herrian. Lappi Ospitale Barrutiko erietxe nagusia (Lappiko Ospitalea), aldiz, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin[42][43].
Udala
Utsjokiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2017ko apirilaren 9an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.
Utsjokiko Udalbatza[44] | |||||
---|---|---|---|---|---|
Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | ||
-- | Zentroko Alderdia | 5 | 1 | % 33,7 | |
-- | Koalizio Nazionala | 3 | 1 | % 21,3 | |
-- | Alderdi Sozial-Demokrata | 2 | 1 | % 15,3 | |
-- | Ezker Elkartasuna | 2 | 1 | % 8,5 | |
-- | Benetako Finlandiarrak | 1 | 0 | % 9,8 | |
-- | Suediar Alderdi Popularra | 1 | 1 | % 8,7 | |
-- | Alderdi Kristau-Demokrata | 1 | 1 | % 2,7 |
Utsjokiko Udalbatza 15 ordezkarik osatzen dute eta, Lappiko udalbatza gehienen antzera, talde politiko nagusia Zentroko Alderdia da. Nahiz eta aurreko hauteskundeetan baino emaitza kaskarragoak lortu eta ordezkari bat galdu, guztira, botoen %33,7 eta bost eserleku eskuratu zituen. Dena den, emaitza ez zen nahikoa izan gehiengo osoa eskuratzeko. Hurrengo alderdia botoen %21,3 jaso zuen Koalizio Nazionala izan zen. Alderdi liberal-kontserbadoreak ere ez zuen lortu aurreko emaitzak hobetzea eta batzarkide bat gutxiago eskuratu zuen; guztira, hiru ordezkari. Bestalde, ezkerreko alderdiek gorakada nabarmena izan zuten. Alderdi Sozial-Demokratak eta Ezker Elkartasunak batzarkide bat gehiago lortu zuten, bina. Azkenik, ordezkari bana lortu zuten Benetako Finlandiarrak, Suerdiar Alderdi Popularrak eta udalbatzan lehen aldiz sartu zen Alderdi Kristau-Demokratak. Hauteskundeetako parte hartzea %78,1ekoa izan zen[44].
Udalerriko alkatea Vuokko Tieva-Niittyvuopio andrea da eta Utsjokiko Udalbatzak 2014ko irailaren 5ean izendatu zuen aho batez[45]. Bestalde, 2017ko udal hauteskundeen ostean, Zentroko Alderdiko Ilmari Tapiola jauna izendatu zuten udalbatzako presidente eta Udal Zuzendaritza Batzordearen buru, aldiz, Alderdi Sozial-Demokratako kide den Mika Aikio. Hurrengo udal hauteskundeak 2021. urtean ospatuko dira[46].
Biztanleria
Mila eta hirurehun biztanlera iristen ez den udalerri hau biztanle gutxien duen Lappiko hirugarren udalerria da, eta bere azalera handiak Finlandia osoko biztanle dentsitate txikiena duen udalerrien artean sartzen du. Utsjoki sami herritar ehuneko altuena duen herrialdeko udalerria da, zehazki, utsjokiarren %69,9 da herri horren kide[5]. Samien hizkuntza (ipar samiera) udalerriko hizkuntza ofiziala da finlandierarekin batera. Azken urteotan ipar samierak babes handia jaso duen arren, hizkuntza nagusia finlandierak izaten jarraitzen du, herritarren %52,7ren lehen hizkuntza baita; ipar samiera, aldiz, %43,1en lehen hizkuntza da, zehazki 523 utsjokiarrena (2020). Udalerriaren izen ofizialak "Ohcejohka" eta "Utsjoki" dira, ipar samieraz eta finlandieraz hurrenez hurren[2][47]. Finlandiarrak, bestetik, batez ere 50eko hamarkadatik aurrera iristen hasi ziren udalerrira. Teno ibaiko izokinen ospea aspalditik ezaguna zen arren, garai hartan geroz eta arrantzale gehiago iristen hasi zen Utsjokira, eta jarduera horren inguruan zerbitzuak garatzen hasi ziren. Arrantza-turismoaren eskutik dendak ireki ziren, hotelak, errepideak, jatetxeak, eta herrialdeko toki guztietatik iritsitako arrantzaleek udalerriko ekonomia piztu zuten. Hain zuzen ere, oparotasun horrekin batera, hegoaldetik finlandiar herritar ugari heldu zen, eta samiek biztanlerian izandako nagusitasuna murriztu zen hein batean[6].
Biztanle gehien duten herriak (2018)[5] | ||
---|---|---|
Z. | Herria1 | Biztanleria |
1. | Utsjoki / Ohcejohka | ~ 600 |
2. | Karigasniemi / Gáregasnjárga | ~ 295 |
3. | Nuorgam / Njuorggán | ~ 200 |
4. | Outakoski / Vuovdaguoika | ~ 170 |
1 Lehen izendapena finlandieraz eta bigarrena ipar samieraz. |
90eko hamarkadaren amaieran, aldiz, mende hasieratik urtez urte etengabe hazten ari zen Utsjokiko biztanleria jaisten hasi zen. Batik bat, lan esparru zabalago baten bila bertatik ateratzen ziren herritarrak ziren biztanle galera horren kausa. Joera horrek jarraitzen duen arren, azkenaldian udalerriko biztanleria egonkor mantendu da.
Bestalde, Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Utsjokin 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa baxua da: %14,2; eta 64 urte baino gehiago dituztenena, berriz, oso altua: %30,5. Erlijioari dagokionez, herritar gehienak sinesgabeak (%25,2) edo luteranoak (%73,2) dira; sinestunen kopuru handiena samiek osatzen dute[2]. Atzerritarrak, azkenik, biztanleriaren %4,1 dira (2020)[47].
Utsjoki hiru herrigune nagusik osatzen dute: Utsjokiko elizateak (Utsjoki-Mieraslompolo), Nuorgam herriak eta hego-mendebaldeko Karigasniemik. Hiru herri horietan eta inguruko auzuneetan bizi dira udalerriko biztanle gehienak; dena den, utsjokiarren %26,1 baino ez da bizi herriguneetan, gainontzekoa landa-eremuan bizi da[48]. Bestalde, mendebaldean bada beste biztanle-gune garrantzitsu bat, Nuvvus eta Dálvadas sami herriek, eta Outakoskik osatzen dutena; bertan herritarrak sakabanaturik bizi dira[33].
1880 | 1890 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1980 | 1990 | 1995 | 2000 | 2005 | 2010 | 2015 | Orain |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
390 | 394 | 488 | 494 | 528 | 618 | 781 | 980 | 1.209 | 1.384 | 1.479 | 1.514 | 1.568 | 1.394 | 1.363 | 1.297 | 1.250 | 1.210 |
Utsjoki sami idazleen udalerria da. Hain zuzen ere, utsjokiar ezagunenak ipar samieraz idazten duten Inger-Mari Aikio-Arianaick eta Rauni Magga Lukkari olerkariak, Pedar Jalvi, eta Kirsti Paltto eta Jovnna-Ánde Vest idazleak dira. Bestalde, musikarekin lotura estua duten bi artista ere aipatzekoak dira, Inariko Angeli herrian jaio arren Utsjokin bizi den Ulla Pirttijärvi abeslaria, eta Kaamasmukkako Áilu Valle sami raperoa.
Samiak
Udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa kulturako tribuen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. XVI-XVII. mendera arte, herri nomada izan zen samiena eta garai hartan elur-orein zaintzaren kultura hasi zela uste da; bizimodu berri horrek, hala ere, aurreko kutsu nomada izaten jarraitu zuen, sasoiaren arabera, abeltzainek elur-oreinak hegoalde eta iparraldeko Ozeano Artikoaren artean eduki behar izaten baitzituzten. Bereizgarri horrek eta hizkuntzak (ipar samiera) Utsjokiko eta inguruko samiak gainontzeko tribu eta herrietatik bereizi izan ditu eta, ondorioz, giza-multzo honek "ipar sami" deitura jaso izan du, gaurdaino gorde den deitura. Izan ere, oraindik, abeltzaintzak ipar samien jarduera nagusia izaten jarraitzen du[25][51].
1973. urtean, Utsjokik, Enontekiö, Inari eta Sodankylä udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Gaur egun, Utsjokiko biztanleriaren %69,9 da talde etniko honetakoa (Samien Lurraldea kudeatzen duten arduradunen irizpideen arabera) eta Sami Parlamenturako hauteskundeetan parte har dezake[5]. Hain zuzen, Utsjoki sami etniako biztanle gehien bizi den Finlandiako udalerria da eta "Ohcejohka", "Uccjuuhâ" eta "Uccjokk" izenak jasotzen ditu ipar samieraz, Inariko samieraz eta skolt samieraz, hurrenez hurren (lehenengoa baino ez da ofiziala).
Azkenik, aipatzekoa da herritar gehienak elebidunak edo elebidun hartzaileak direla (finlandiera eta ipar samiera); ipar samiera zehazki utsjokiarren %43,1en lehen hizkuntza da[2].
Kultura
Armarria
Armarria 1953. urtean sortu zuen Gustaf von Numers artistak eta bere helburua, bertan agertzen diren irudiekin, udalerriko natura adieraztea izan zen; urte bereko apirilaren 20an, Barne Ministerioak Utsjokiko ikur ofizialtzat hartu zuen. Atzealde beltzaren gainean, zilarrezko lau puntako izarra eta Eguzkiaren garrak daude. Lau puntako izarrak Iparrizarra irudikatzen du, neguko gau ilun, hotz eta luzeetan zerua argiztatzen duen argi nagusia; horrek, era berean, udalerriaren kokapena adierazten du, herrialdearen iparraldean eta zirkulu polar artikoaren gainean. Bestalde, Eguzkiaren gar edo izpiak ipar argiak dira, iparraldeko eskualdeen bereizgarri nagusiak direnak. Horrela, esan daiteke armarriak gau polarra adierazten duela. Azkenik, nabarmentzekoa da Utsjokiko armarriaren atzealde iluna, izan ere, kolore hitsak (grisa, beltza) Lappiko udalerrietako armarrien bereizgarriak dira, neguko zerua irudikatzen dutenak[52].
Elkarteak eta Erakundeak
Hezkuntza eta ikerkuntzarekin lotutako gune garrantzitsuak daude udalerrian:
- Girjebusse edo Kirjastoauto: Karasjok, Porsanger eta Utsjoki udalerrien artean igarotzen den autobusaren izena da, hiru udalerrien liburutegi ibiltaria dena. Nuorgamdik, Utsjokiko elizatetik, Teno ibai ertzeko herrietatik, Karigasniemitik eta Kaamasmukkatik pasatzen da, eta uztailean eta abuztuan izan ezik, Utsjokiko herriei hilabetean behin edo bitan egiten die bisita[53].
- Kevo Ikerketa Azpiartikoko Institutua: Lappiko klima aztertzen duen zentroa da. Turkuko Unibertsitatearen laguntzaz ireki zuen Paavo Kallio botanikoak 1956. urtean; Kallio institutuaren buru izan zen 1976ra arte. Sortu zenetik helburu nagusia klima azpiartikoa duten eremuetan ikerketak egitea izan da. Hain zuzen, natura azpiartikoa, airearen kutsadura, elur-orein zaintza, eta naturaren eta gizakien arteko elkarrekintza dira ikergai nagusiak. Egoitza Kevoko Natura Erreserba Hertsiaren mugan dago, Geavojávri/Kevojärvi aintziraren ertzean, eta horrek babestutako eremuaren ingurugiroari eta basabizitzari buruzko ikerketa ugari egitea ekarri du. Azkenik, aipatzekoa da 2291 Kevo asteroideak ikerketa zentroari zor diola bere izena[15].
Museoak eta Ondasun nabarmenak
Ingurune naturalaren balioaz gain, Utsjokiko ondasun nabarmenenak samien aspaldiko bizimodu eta kulturarekin lotura duten eraikinak dira. Esate baterako, egurrezko egitura bereziei esker, Lohisaariko eta Utsjoki ibai ertzeko arrantzaleen txabolak, Mantojärvi aintzira inguruko etxolak eta Dálvadas sami herria monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean; hauekin batera, aspaldian garraiorako erabiltzen zen Nivajoki-Alajalve bidea ere[54][55].
Denen artean, ondokoak dira udalerriko eraikin, oroitarri eta ondasun nabarmenenak:
- Ipar muturreko oroitarria: Finlandia eta Europar Batasun osoan iparralderen dagoen lekua markatzen duen harrizko oroitarria da. 1995. urtean ezarri zen, eta Nuorgam herritik eta norvegiar mugatik hurbil dago, Seututie 970 errepidearen ertz batean[56].
- Nivajoki-Alajalve bidea: Teno ibaiaren bazterretik doan 4,8 km-ko bidea da. Lappin ibaiak bidaiatzeko eta garraiatzeko bide nagusiak ziren aspaldian, eta hain zuzen ere, Tenori buruzko 1598. urteko aipamen idatzi batek hori berresten du, hau da, Teno ibaia garai hartako garraiobide garrantzitsua zela; dena den, Alaköngäs izeneko ur-lasterrek pasabide oro oztopatzen zuten. Beraz, ibaiaren ertzean urtez urte eratzen joan zen bide bat sortu zuten herritarrek, 1928. urtean Finlandiako errepide sarera gehitu zena. 2005. urtetik hartxintxarrezko bidea aire zabaleko museoa da[57].
- Sami zubia: Teno ibaia zeharkatzen duen zubi tenkatua da. Elizatean dagoen zubiak Utsjoki eta Tana udalerrien arteko eta Finlandiaren eta Norvegiaren arteko muga markatzen du. Egitura 1993. urtean eraiki zen eta, guztira, 316 metroko luzera eta 12 m-ko zabalera du; argi luzeena, aldiz, 155 m-koa da. Zubi gainetik igarotzen da E75 errepidea, Europako iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen autobidea[58].
- Utsjokiko eliza: udalerriko eliza luteranoa da, Mantojärvi aintzira ertzeko muino txiki baten gainean dagoena. Granito grisez eta adreiluz egindako eraikina Ernst Lohrmann arkitektoak diseinatu zuen, eta 1850. eta 1853. urteen artean eraiki zen; 1924ko erretaula, aldiz, Aukusti Koivistoren margolana da. Guztira, 230 eserleku ditu, eta Finlandia eta Europar Batasun osoan iparralderen dagoen eliza da[59][60].
- Utsjokiko elizaren ingurunea: Mantojärviren ertzean dagoen aire zabaleko museoa da. 2010. urtean sortu zen, urtebete lehenago Finlandiar Ondarearen Erakundeak ingurunea "Interes Nazionaleko Eraikitako Ondare" izendatu ondoren. Museoak barnean hartzen ditu Utsjokiko eliza, apaizetxea eta inguruan dauden egurrezko etxolak[27][8].
- Aintzirak lotura estua izan du aspalditik kristautasunarekin, bertan eraiki baitzen Utsjokiko lehen eliza 1701. urtean. Egurrezko eliza txikiak, baina, garrantzia hartu zuen eta hainbat berritze-lan egin ziren arren, eraikina txiki gelditu zen. Azkenean lurrera bota eta eliza berria eraiki zuten 1853. urtean. Gaur egun hilerria dago aurreko eliza zaharrak hartzen zuen lur-eremuan. Garai hartakoa da Utsjokiko egurrezko apaizetxea ere, zehazki 1843. urtekoa, eta Carl Ludvig Engel arktikektoak diseinatu zuen[61].
- Hala ere, ingurunearen bereizgarri nagusiak elizaren magalean dauden egurrezko etxolak dira. Utsjoki hain udalerri zabala denez, herritarrek distantzia luzeak egin behar izaten dituzte elizaraino iristeko, eta hori aspaldian buruhauste handia zen. Hala, Mantojärvi aintziraren ertzean egurrezko etxolak eraikitzen hasi ziren, herritarrak elizkizunetan, azoka garaian, eta ospakizun berezietan bertan gelditu ahal izateko; festa egun garrantzitsuenetan, bi astez ere gelditu ohi ziren bertan. Egun horietan utsjokiar samiak elkartzen ziren: bataioak eta ezkontzak ospatzen zituzten, trukeak eta erosketak egiten ziren, eta zergak ordaintzen zituzten. Guztira, 30 bat etxola izan ziren bertan eta Bigarren Mundu Gerra arte erabili zituzten. Dena den, gaur egun 14 baino ez dira zutik gelditzen, zaharrenak XVIII. mendean eraikitakoak. 70eko eta 80ko hamarkadan Finlandiar Ondarearen Erakundeak lan handia egin zuen etxolak berriztatu eta udalerriaren galdutako ondarea berreskuratzeko[61][62].
Ekonomia
Lappiko gainontzeko udalerrien antzera, Utsjokiko jarduera ekonomiko nagusia zerbitzu-sektorean dago. Guztira, langileen %76,1ek egiten du lan hirugarren sektorean, bai zerbitzu publikoetan, bai pribatuetan. Hain zuzen, Teno ibaiak erakartzen duen arrantza-turismoa eta mugak ekartzen duen salerosketa dira udalerriko diru-iturri nagusiak. Bestalde, aipatzekoa da samien artean abeltzaintzak betetzen duen funtzioa, izan ere, elur-orein zaintza euren kulturaren bereizgarri garrantzitsua da. Lehen sektoreko langileak %10,6 dira[63]. Langabezia tasa eskualdeko bosgarren baxuena da: %8,6 (2020)[64]; eta udal-tasa, aldiz, %21ekoa[65].
XX. mende erdialdera arte, Utsjoki lehen sektoreko udalerria izan zen. Samien elur-orein etxaldeak ziren herritarren diru-sarrera nagusia, eta arrantzak eta egoera klimatikoak guztiz baldintzatutako nekazaritzak irabazi hauek osatzen zituzten. Dena den, 50eko hamarkadan egoera aldatzen hasi zen. Teno ibaiko izokinen ospea aspalditik ezaguna zen arren, geroz eta arrantzale gehiago iristen zen Utsjokira, eta jarduera horren inguruan zerbitzuak garatzen hasi ziren. Arrantza-turismoaren eskutik dendak ireki ziren, hotelak, errepideak, jatetxeak, eta herrialdeko toki guztietatik iritsitako arrantzaleek udalerriko ekonomia piztu zuten. Oparotasun horrekin batera, finlandiar herritar ugari heldu zen, eta samiek biztanlerian izandako nagusitasuna murriztu zen. Hala, urte gutxiren buruan, Utsjokiren egitura ekonomikoa zeharo aldatu eta hirugarren sektoreko udalerri bihurtu zen[6].
Bestalde, Teno ibaiko muga igaro eta udalerrira erosketak egitera iristen diren norvegiarrek ere pisu handia dute Utsjokiko ekonomian. Finlandia 1995ean Europar Batasuneko herrialde bihurtu zenean, Norvegiaren eta Finlandiaren egoera ekonomikoa aldatu zen. Nahiz eta 1996. urtean bi herrialdeak Schengen eremuan sartu, 2002an euroa iritsi zenean produktuen prezioek gorabehera handiak izan zituzten. Ordutik, muga zeharkatu eta Utsjokiko dendetan erosketak merkeago egiten dituzten norvegiarrek diru-kopuru handia uzten dute udalerrian. Irabazi gehien dituena Nuorgam eta Karigasniemi herrietan dendak dituen Alko enpresa da[6][66].
Samiei dagokienez, abeltzaintzak eta klimak baldintzatutako nekazaritzak jarduera garrantzitsuak izaten jarraitzen dute. Hain zuzen ere, sami herriaren kultura eta elur-orein zaintza estuki loturik daude aspalditik. Dena den, Utsjokiko langileen hamar lanpostutatik bakarra da lehen sektorekoa[6].
90eko hamarkadaren amaieran, mende hasieratik urtez urte etengabe hazten ari zen Utsjokiko biztanleria jaisten hasi zen. Batik bat, lan esparru zabalago baten bila bertatik ateratzen ziren herritarrak ziren biztanle galera horren kausa. Joera horrek jarraitzen duen arren, azkenaldian udalerriko biztanleria egonkor mantendu da[2].
Azken urteotan turismoaren esparrua zabaltzeko lan handia egin da administraziotik. Besteak beste, 1956. urtean sortu zen Kevoko Natura Erreserba Hertsia eta udalerriko ondasun natural eta kulturalak ezagutzera emateko ekimenak gauzatu dira. Hala, Utsjokiko inguruneak eta gauerdiko eguzkiaz eta ipar argiez gozatzeko aukerak naturazale asko erakartzen ditu gaur egun. Dena den, arrantza turismoak udalerriko ekonomiaren motore izaten jarraitzen du, ingurugiroa babesteko asmoz arrantza lizentzien kopurua murriztu den arren[67][6].
Iruditegia
- Kevojärviko 1923ko irudia
- Muotkatunturiko Eremu Basatia
- Kevo ibaia
- Elur-orein taldea
- Inari ibaiko zubia
- Nuorgam
- Leming arrunta Kevon
- Nuorgamgo supermerkatua
- Ipar muturreko oroitarria
- Ruktajávri aintzira
- Kenesjärvi aintzira
- Ke sauna Mantojärviko etxola baten barruan
- Alaköngäs, Teno ibaiko ur-lasterrak
- Mantojärviko etxolak
- Kevoko iluntzea
- Egurrezko etxola
- Pinu gorria
- Arrantzalea Ohcejohka ibaian
Erreferentziak
- "Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2020". Maanmittauslaitos. 2020.04.13
- "Väestörakenteen ennakkotiedot alueittain, 2020M01*-2020M02*". Tilastokeskus. 2020.04.13
- "Language according to sex by municipality, 1990-2019". Tilastokeskus. 2020.04.13
- Kevo Strict Nature Reserve. National Parks. 2018.12.10
- "Tenonlaakson Rantaosayleiskaavat Utsjoen Osa - Alueen Osayleiskaava (2018)". Utsjoen kunta. 2018.12.26
- "Kuntatietoa". Utsjoen kunta. 2018.12.25
- "Työttömyys väheni elokuussa (Lappi)". Elinkeino-, liikenne- ja ympäristökeskus. 2018.12.31
- "Utsjoki's Church Huts". National Parks. 2018.12.29
- "(Utsjoki) Located 450 km north of the Arctic Circle". Saami Village. 2018.12.10
- "Lapland's midnight sun sets". Yle. 2018.12.04
- "Polar Night Counter". Expedia. 2018.12.04
- "On the hunt for northern lights". Visit Finland. 2018.12.04
- "No snow in Lapland could spell a festive flop". CNN Travel. 2018.12.10
- "8 Jagiáiggi". Siida. 2019.01.12
- "Kevo Subarctic Research Institute". University of Turku. 2020.04.15
- "Kevon ilmasto". Tu Tiempo. 2019.01.07
- "Utsjoki". Kansalaisen karttapaikka. 2019.01.15
- "Utsjoki". JärviWiki. 2018.12.11
- "Utsjoen luontotupa". Luntoon. 2019.01.15
- "Fiellun putous". Suomen Vesiputoukset. 2019.01.16
- "Utsjoki Area - Natural Features of Utsjoki". nationalparks.fi. 2018.12.10
- "Utsjoki wilderness". Eraluvat. 2018.12.10
- "Lapin erämaa-alueet: Kaldoaivin, Muotkatunturin ja Paistunturin erämaa-alueet". Luontoon. 2019.01.15
- "Utsjoen alueen historia". luontoon.fi. 2018.12.13
- "Lapin historiaa". lappi.fi. 2018.12.11
- Rasmussen, Siv. "Churches in Finnmark County and the Torne Region in the Early Modern Period". The Arctic University of Norway. 2018.12.13
- "Utsjoen kirkkotuvat". Inari Lapland. 2018.12.14
- "Lapin historiaa". Suonttavaara.se. 2018.12.14
- Ahto, Sampo (1980). Aseveljet vastakkain – Lapin sota 1944–1945 [Arma Anaiak Aurrez Aurre Borrokan – Laponiako Gerra 1944–1945] (finlandieraz). Helsinki: Kirjayhtymä. ISBN 978-951-26-1726-5
- "Laki saamelaiskäräjistä". finlex.fi. 2018.12.14
- "The Sámi Parliament – The representative self-government body of the Sámi". Samediggi. 2018.12.14
- "Utsjoen kunta". fonecta.fi. 2013.04.13
- "Information about the Utsjoki Region". Saami Village. 2018.12.23
- Utsjoki-Ivalo Airport Distance. distance.to. 2018.12.24
- "Nelostie E75 ry". Nelostie. 2018.12.24
- Grönroos, Matti: "Kantatie 92 Karigasniemi–Kaamanen–Näätämö, 192 km". mattigronroos.fi. 2018.12.24
- Grönroos, Matti: "Seututie 970 Karigasniemi–Utsjoki–Nuorgam, 148 km". mattigronroos.fi. 2018.12.24
- "Joukkoliikenne". Utsjoen kunta. 2018.12.26
- "Timetables and routes". Eskelisen Lapin Linjat. 2018.12.24
- "Sivistystoimen hallinto". Utsjoen kunta. 2018.12.24
- "Utsjoen saamelaislukio". Utsjoen kunta. 2018.12.24
- "Lapland Hospital District". Lapin Sairaanhoitopiiri. 2018.12.25
- "Sosiaali- ja terveystoimi". Utsjoen kunta. 2018.12.15
- "Vaalien tulokset 2017". Tulospalvelu. 2018.12.25
- "Utsjoki valitsi Tieva-Niittyvuopion uudelleen". Kuntalehti. 2020.04.16
- "Hallinto". Utsjoen kunta. 2020.04.16
- "Population Structure". Tilastokeskus. 2020.04.02
- "Taajama-aste alueittain". Tilastokeskus. 2018.12.30
- "Väestö kielen mukaan sekä ulkomaan kansalaisten määrä ja maa-pinta-ala alueittain 1980 - 2016". Tilastokeskus. 2018.12.26
- "Lappi maailmansodan vuosina".Suomi80. 2018.12.26
- Aikio, Ante (2012). "An essay on Saami ethnolinguistic prehistory". Finno-Ugrian Society. 2018.12.27
- Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto ISBN 951-773-085-3..
- "Girjebusse/Kirjastoauto". Utsjoen kunta. 2018.12.30
- 1993: Säilyttäminen lista: Lohisaari, vanhat kalamajat, Mantojärvi, Nivajoki - Alajalve -tie, Talvadaksen kylä, Utsjoen kulttuurimaisema, Mieraslompolo, Utsjoen postipolku, Välimaan rakennusryhmä. Museovirasto. 2018.12.27
- "Utsjoki". Museovirasto. 2018.12.27
- "Euroopan unionin pohjoisin piste". Inari Lapland. 2018.12.30
- "Alakönkään koskenkiertotie". Valtakunnallisesti merkittävät rakennetut kulttuuriympäristöt RKY. Museovirasto. 2018.12.30
- "Saamen silta". Inari Lapland. 2018.12.29
- Pekka Rönkkö: Noitarummusta kirkkauden kruunuun. Lapin kirkkomaalauksia keskiajalta nykypäivään, 147–149. Kustannusosakeyhtiö Pohjoinen, 1985. ISBN 951-749-005-4
- "Utsjoen kirkkomaisema". Valtakunnallisesti merkittävät rakennetut kulttuuriympäristöt RKY. Museovirasto. 2018.12.29
- "Utsjoen kirkkomaisema". Valtakunnallisesti merkittävät rakennetut kulttuuriympäristöt RKY. Museovirasto. 2018.12.29
- "Utsjoen kirkkomaisema". Utsjoen seurakunta. 2018.12.29
- "Kuntien avainluvut - Utsjoki". Tilastokeskus. 2020.04.16
- "Lappi - Työllisyyskatsaus". Työllisyyskatsaus. 2020.04.11
- "Luettelo kuntien ja seurakuntien tuloveroprosenteista vuonna 2019". Verohallinto. 2020.04.11
- "Stores". Alko. 2018.12.31
- "Utsjoki on tuskissaan uusien kalastusrajoitusten kanssa - Kulttuurin tukahduttamista". Iltalehti. 2018.12.31
Ikus, gainera
Kanpo estekak
|