Urtubiaga
Urtubiaga Ean dagoen burdinola eta errota baten izena da, bizitoki- eta ekoizpen-multzo batek osatuta. Hona hemen atal nagusiak: elkarri atxikitako lau eraikin; haiei lotutako sistema hidrauliko bat -presa, ubidea eta erregulazio-biltegia-; eraikinen aurreko harrizko zubia; eta babes-ingurune bat. Burdinolari, errotari eta haien kokalekuari buruzko erreferentzia dokumentalakXVIII. eta XVI. mendekoak dira.
Urtubiaga | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Ea |
Koordenatuak | 43°22′29″N 2°35′00″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIX. mendea |
Ondarea | |
EJren ondarea | 55 |
Multzoa itsasertzetik kilometro erdira dago, gutxi gorabehera, Ea itsasadarraren ezkerreko ertzean, ibaian behera, eta landa-inguru batean, zelaiz eta basoz inguratuta. Multzora heltzeko, bi bide daude: alde batetik, ekialdetik, lehengo paper-lantegiaren ingurutik, ibaia harrizko zubi batetik zeharkatuz; eta, bestetik, iparraldeko Olako bidezidorra izeneko bidetik -multzoa Eako portuarekin lotzen du bide horrek.
Sistema hidraulikoa
Presa burdinolatik 200 m-ra dago, ibaian gora. Nahiko egoera onean dago, harrizkoa da, kurbatua, eta txapadura eta kontrahormak ditu; oraindik ere, arrantza-tokia dauka, ezkerreko ertzean, ibaian behera. Antza dauka Juan Bernardo Villarreal de Berriz lekeitiarrak diseinatutako beste presa batzuekin. Diseinu berritzailea dauka, XVIII. mendekoa dela aintzat hartuta. Egun, urak estalita dago, geroago beste presa bat eraiki baitzen ibaian behera.
Ubidea presan hasten da, eta ezkerreko ertzetik doa, ibaian behera, erregulazio-biltegiraino. Lurrean hondeatuta dago, eta metro batetik gora du sakon; eraikinetara hurbildu ahala ubidearen zabalera handitu egiten da, eta errotaren aurrealdean du zabalera handiena. Lurrez eta landarez estalita dago, eta harri ederrekin egina dago. Eskuinaldea sendotuta dauka. Hustubide bat dauka, bide erdian, eta beste bat, errotaren aurreko antapara betetzeko. Harlanduz bukatuta dago; harriok mehetuta eta zulo bat utzita ditu uhatea sartzeko.
Burdinola
Erregulazio-biltegia edo antapara. Ura biltzeko esparru bat da; burdinolako lantegien eta tunel hidraulikoaren altueran dago. Lur-sailean hondeatuta dago, eta haren hormek zabalera handiagoa dute ubidean zehar baino. Nabarmen eroria dago; are gehiago, hormaren zati bat behera etorrita dago hauspoen aldearen gainera. Hortaz, alde horretan lehenbailehen esku hartu beharra dago, eroritako zatiak berreraiki eta horma sendotzeko.
Burdinolaren eraikina. Sendoa da, eta egoera onean dago. Oinplano angeluzuzena dauka, eta honako atal hauek: tunel hidraulikoa, burdina lantzeko lantegia, ikaztegiak eta bulegoa edo kontrol-gunea.
- Tunel hidraulikoa. Mendebaldeko hegalean dago, eta harlangaitzezko bi horma sendok osatzen dute; hormetako bat kontrahormaz sendotuta dago. Hondoa kanoi-gangan bukatuta dago, eta ez da gorde ura bideratzen zuen putzua edo antapara; bai, ordea, horman dagoen zuloa, soberako ura kanporatzen zuena. Tunelak hiru atal ditu: hauspoaren ardatzen eta gurpilen atala; tarteko atal bat, puntu erdiko arku batek bereizia, ura hozteko aska moduan erabiltzen zena; eta mailuaren ardatzari dagokion atala, pantaila-horma batek bereizita dagoena -horma horren behealdean, ura husteko arku bat dago. Ez da gorde jatorrizko makineria.
- Lantegia tunel hidraulikoari atxikitzen zaio, eta bi alde ditu: hauspoen gela, batetik, eta, bestetik, gabiaren eta labearen gela, biak ere bergamazo-horma batek bereizita. Horma hori antapararen horman dago bermatuta, bi alde horien arteko pasabidea libre utzita, eta, behealdean, arku irekiko zulo bat dauka. Hormatzar horrek jatorrian zuen tamaina dauka, baina, hala ere, goialdeko zati bat nabarmen erorita dauka eta, gainera, beheko zuloaren zati batzuk behera etorrita daude. Tunel hidraulikoaren horman, zuloak antzeman daitezke, horietatik igarotzen baitziren gurpilen ardatzak eta askatik ateratzen zen ura; antzeman daitezke, halaber, arraildurak, non bermatzen baitzen goiko solairuetako zurezko egitura. Bi isuriko estalkia, berriz, ez da gorde.
- Ikaztegiek lau angeluko bi gela dituzte, biak ere tamaina bertsukoak, lantegiarekiko zutak eta hari atxikita, eta suhesi zabal batek bereizita. Kanpotik, arku beheratu baten zulotik, ikaztegietako batera sartu daiteke, eta handik, antzeko zulo batetik, beste ikaztegira igaro daiteke. Errotaren aldera egindako zabalkuntza bat dauka, geroago egindakoa, eta hormetan hainbat adreilu-zoladura daude; gainera, suhesian, zoladura gotiko bat dago. Horretaz gain, hainbat arraildura antzematen dira, non bermatuta baitzeuden tarteko solairuetako zurezko habeak; lehenengo solairuan bao itsu bat dago.Lantegira zuzenean sartzeko bi bao daude, bata buruduna eta bestea arkuduna. Bao horietatik ikatza sartzen zuten. Badago beste bao bat -egun harriek eta lurrak itsututa-, ikaztegia eta hauspoen aldea batzen zituena, eta hor ganga baten hasiera izan daitekeena antzematen da. Ikaztegietako baten ekialdeko bazter batean, labe bat dago. Ez daukate estalkirik.
- Bulegoa atal txikiena da -lau metro koadro eskas-, eta handik kontrolatzen zen ekoizpen-prozesua. Ikaztegien eta lantegiaren artean dago, eta azken horrekin bat egiten du arku eskartzano batetik.
Burdinolaren funtzionamendua uraren bideari lotuta dago: presatik, ura ubideetan zehar garraiatzen da erregulazio-biltegi bateraino eta, handik, tunel hidraulikoraino. Tunel horretatik, ura gurpil hidraulikoen gainera erortzen da, mugiarazi egiten ditu, eta, hala, behar adinako indarra sortzen da bai gabia bai labea biziagotzen duen hauspoa mugiarazteko.
Burdinolan, gorde dira espazioaren antolamendua eta egitura edo horma nagusiak; hala ere, badira hondatze-zantzuak, eta zati batzuk erorita daude.
Errota
Ubidearen, ikaztegiaren eta atxikitako beste eraikin baten artean dago errota. Beheko eta goiko solairuak dauzka; goikoaren zati batzuk erorita daude. Bi isuriko estalkia ez da gorde. Fatxada nagusia harlangaitzez eginda eta igeltsuztatuta dago, baina egun landareek estaltzen dute. Atzeko fatxadak antapara eta estolda bereizten ditu: espazio horretan daude turbina eta ehotze-gela, eta, azken horretan, errotarriak. Horma kurbatu bat da, egoera onean gorde dena; ondo landutako harlanduz egina dago, eta, behealdean, deskarga-arku bat dauka. Burdinolan ez bezala, errotako makineriaren atal batzuk gorde dira. Beheko solairuan turbina dago; goikoan, berriz, ehotze-banku bikoitza, errotarri enbutituak, irina biltzeko aurreko tiraderak eta errotarriak pikatzeko besoa, denak ere landareek eta egituraren egur eroriek estalita. Toberak ez dira gorde. Garauak sartzeko erabiltzen ziren toberak, eta errotarrien gainean egon ohi ziren.
Fatxada nagusian, puntu erdiko bao handi bat dago, eta handik estoldara sartzen da. Ehotze-gelara joateko, fatxadari atxikitako eskailera batzuk daude. Gela guztiak ehotze-gelaren albo banatan daude.
Atxikitako eraikinak
Ikaztegietako iparraldeko hormari eta lantegiko hormari atxikita dago eraikin horietako bat, gelak barne hartzen zituena, hain zuzen ere. Beheko solairuan, pasabide bat dauka, eta handik igarobide bat zabaltzen da eraikin-multzoko mendebaldearen eta kanpoko eremu nagusiaren artean. Eraikin horrek Olagoikoa zuen izena, eta errotari atxikitako besteak, berriz, Olabekoa. Bi eraiki horietan, gelak, ukuilua, biltegiak, errotariaren etxea eta beste gelak batzuk zeuden.
Iruditegia
- Kanpoko aldea.
- Burdinola.
- Burdinola eta zubia.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |