Urtebetetze
Persona baten urtebetetzea edo urteak pertsona horren jaiotegunaren urtemuga da. Data horretan pertsonak urteak egiten dituela edota bere zorionak direla ere esaten da.
Urtebetetzeak Euskal Herrian
Euskal Herrian guztiz zabaldurik dago gaur egun urtebetetzeen ospakizuna. Haurren urtebetetzeetan ohikoa da haurrek euren ikastegiko adiskideen artean goxokiak eta antzekoak banatzea. Urteak egiten dituenari belarritik urteak bete adina aldiz tiratu ere egin ohi diote lagun eta adiskideek. Aldi berean bere lagunak etxean edo etxetik kanpo egiten den askari batera gonbidatzeko ohitura zabaldu da. Horrelakoetan, betetzen diren urteak adina kandela txiki dituen tarta bat prestatu ohi da. Urteak egiten dituenak kandelak haize eginez itzaltzen dituen bitartean beste guztiek Zorionak zuri abesti ezaguna kantatzeko ohitura bada. Zorionak zuri abestiaren hitzak hauek izaten dira:
- Zorionak zuri,
- zorionak zuri
- zorionak (urteak egiten dituenaren izena)
- zorionak beti!
Helduen artean ere ospatu ohi dira urtebetetzeak, baina gehienetan ospakizuna etxekoekin edo lagunminekin koadrilan bakarrik egin ohi da. Haurra zein heldua izan, opariak egiten zaizkio urteak betetzen dituen pertsonari.
Bestalde, ohikoak dira Zorionak!, Urte askotarako! (Aunitz urtez! Nafarroan), Urte askoan, txapela kaskoan! esapideak urteak egiten dituen pertsona bat zoriontzeko.
XX. mendearen bukaeran ezaguna egin zen Kaxiano soinujolearen Zorionak abestia. Jendeak maiz deitzen zuen hainbat irrati saiotara egun horretan bertan urteak egiten zituen etxeko edo lagunmin bat zuzenean zoriondu eta ondoren irratian Kaxianoren abestia jartzeko. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ere urtebetetzeak ospatzeko Zuri zorionak abestia sortu zuten 2001. urtean, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoek ere urtebetetzeak ospatzeko Mila zorion abestiarekin gehien bat haurrei zuzendurikoa. Haur euskaldun artean arrakasta handia izan zuen EITBko Betizu Klubeko kide zirenei zorion gutuna eta oparia bidaltzen zitzaizkien urtebetetze egunean.