Urretxindorrak
Urretxindorrak taldea 1966an sortu zuten Bergarako (Gipuzkoa) lau gaztek: Gotzon Bikuña, Raul Calvo, Juan Mari Narvaez eta Julio Unamunok. Euskaraz abestuz, hizkuntzari eta euskal kulturari beren ekarpena egin nahi zioten lau gazteek, frankismoaren garai gogorrean. Ahots jokoak eta melodia arinak uztartzen zituzten kantu ezagun ugari grabatu zituzten bost diskotan 1968tik 1971ra bitartean ("Markesaren alaba", "Aitor'en hizkuntza zaharra", "Neska zaharrak"...), eta milaka disko saldu zituzten, beren garaiko talde arrakastatsuenetakoa izanik. 1973an utzi zioten kantatzeari, ehunka jaialditan parte hartu eta gero.
Urretxindorrak | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | Bergara (Gipuzkoa) |
Musika mota | folk |
Urteak | 1966 - 1973 |
Produkzioa | |
Diskoetxea(k) | Cinsa |
Taldekideak | |
Julio Unamuno Gotzon Bikuña Raul Calvo Juan Mari Narvaez | |
Taldea
Raul Calvo (1949-2005), Julio Unamuno (1949), Juan Mari Narvaez (1948) eta Gotzon Bikuña (1948) Bergarako Labegaraieta auzoan jaio ziren, eta eskolan hasi ziren kantatzen eta gitarra jotzen. Sortzeke zegoen herriko ikastolaren aldeko jaialdi batean agertu ziren lehen aldiz jendaurrean, 1966an, Novedades aretoan. Lau kanta abestu zituzten: "La Bamba", "Munduko bideak", "Loretxoa" eta "Panpiñak zintziliz". Berehala hasi ziren inguruko herrietan emanaldiak eskaintzen (Eibar, Oñati, Azkoitia, Zumarraga, Zestoa...), eta 1968ko ekainean Eibarko Euskarazko Kantuaren Lehen Jaialdira aurkeztu ziren. Finalerako sailkatu ondoren, hirugarren saria jaso zuten, Oskarbi eta Ameslariak taldeen atzetik. Urte hartan bertan, zilarrezko domina jaso zuten Santurtziko Abra Jaialdiaren bigarren ekitaldian. Astebururo bi eta hiru kantaldi eginez hasi zen laukotea, gehienetan ikastolen alde antolatzen ziren festibaletan, bidaia eta afariaren truke.
Bizkaian egiten ziren euskarazko kantu jaialdi gehienak garai hartan, eta haietako askotan ere aritu zen Urretxindorrak taldea: Bilbo, Getxo, Sestao, Mungia, Galdakao, Sestao, Etxebarri... Herrialdea zeharkatu zuen. Lehen urte haietan, Txomin Amasorrainek laguntza eman zion taldeari, hainbat kanturen hitzak euskaratuz edo moldatuz. Hari esker, Aita Onaindiaren Mila euskal olerki eder liburua ezagutu zuten, eta liburu horretatik atera zituzten kantu asko eta askotarako hitzak. Musika gehiena, berriz, Raul Calvok sortu zuen, baina Dionisio Olaberriak lagundu zien ahots moldaketak lantzen. Hain zuzen, lau ahotsen arteko jokoek eta instrumentazio urriak -bi gitarra eta panderoa- ezaugarritzen zuten Urretxindorrak taldearen soinu arin eta atsegina. Nazioarteko abesti ezagunen bertsioak ("La, la la"...), euskal herri kantuak ("Markesaren alaba") eta eurek sortutakoak kantatzen zituzten jaialdietan.
Taldeari izena Serafin Esnaola apaizak jarri zion. "Urretxindorrak baino hobeto kantatzen duzuenez, urretxindorrak izan zaitezte", proposatu zien Esnaolak, eta lau gazteek onartu. 1967tik 1971ra bitartean ehunka kontzertu eman zituen taldeak, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Argoitia neba-arrebak, Benito Lertxundi, Maite Idirin eta beste askorekin, baita Espainiako talde arrakastatsu batzuekin ere: Fórmula V eta Los Buenos, esaterako.
Zornotzan jaialdi batean parte hartu eta gero, Xabier Gereño CINSA diskoetxeko arduradunak disko bat grabatzeko eskaintza egin zion, 1968an. Madrilen grabatu zuten lehen disko txikia, lau kantuz osaturikoa, tartean "Aitor'en hizkuntza zaharra", Urretxindorrak taldearen kanturik ezagunena. Garai hartan ohikoa zenez, kantuek zentsuraren kontrola gainditu behar izan zuten argitaratuak izateko. "Aitor'en hizkuntza zaharra"-ren kasuan, kantua grabatzeko baimena eman zuen Manuel Fraga buru zuen ministerioak, baina irratian jartzea debekatu zuen. Hala ere, kantua asko zabaldu zen, eta ikastolen mugimenduaren ereserki bilakatu zen. Juan Manuel Ares kazetari bilbotarrak diskoen salmenta datuak eta irratietako entzuleen botoak bilduz hamabostean behin osatzen zuen euskal kantu arrakastatsuen Euskal Hit Parade zerrendan behin baino gehiagotan nagusitu zen "Aitor'en hizkuntza zaharra".
Zentsurarekin arazo bat baino gehiago izan zituen Bergarako taldeak, beste askok bezala. Esaterako, disko luzea grabatzea galarazi zion. "Hamasei kanta prestatu eta zentsurari pasa genizkion, onespena edo gaitzespena jasotzeko. Erantzuna, oraingoan ere, xelebrea izan zen: disko handirik ezin genuen grabatu, bi txiki, berriz, bai" (1). Beste batzuetan, hitzen ahapaldi batzuk atzera bota zizkien zentsurak, eta kantuaren pasarte horietan txistua jotzen zuten.
1969an single bat grabatu zuten, "Aita barik" eta "Aurresku" herri kantuekin. Hark ere harrera beroa jaso zuen, eta lehenengoarekin batera 10.000 disko saltzea lortu zuen taldeak, Cinsa diskoetxeak 1970ean kaleratutako taldearen hirugarren EPan emandako datuaren arabera. Lan horretako lau kantuetatik "Neska zaharrak" eta "Ai amatxo" nabarmendu ziren jendearen harrerari dagokionez, diskoa kaleratu eta berehala Euskal Hit Paraderen lehen postuetara heldu baitziren. Bolada onak 1971n jarraitu zuen, beste bi disko txiki kaleratu zituen laukoteak, Markesaren alaba eta Haurra seaskan, eta haiek ere arrakasta handia izan zuten, baina, soldadutzaren erruz, taldearen jarduna eten egin zen. 1973an itzuli zen taldea entseguetara, beste bi kide gehiagorekin: Xabier Otegi eta Javier Unamuno. Zenbait diskoetxeren eskaintzak jaso arren, taldeak ez zuen beste diskorik grabatu, eta 1973an bertan utzi zion zuzenean kantatzeari.
Lau taldekideak berriz elkartu ziren 1991n, Bergaran ospatutako Kilometroak jaian abesteko. Halaber, 2003an beren kantuen bilduma plazaratu zuten. Bost diskoetan agertutako 18 kantuez gain, zentsurak galarazitakoak eta beste batzuk grabatu zituzten Bergarako Urretxindorrak diskorako.
Urretxindorrak taldearen kantuak oraindik gogoan ditu jendeak; horren lekuko da 2007an, Bergaran egindako Kilometroak euskararen aldeko jaialdian, Bergarako Orfeoiak eta Aritzeta Abesbatzak Urretxindorrak-en hiru kantu oso ezagun abestu zituztela, David Azurzak moldatuta: "Neska zaharrak", "Aitor'en hizkuntza zaharra" eta "Nahi nuen kantatu".
Diskografia
Kanpo estekak
- Edukiaren zati bat «Urretxindorrak» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.