Ureztatze

Ureztatzea (ureztaketa, ureztapena) edo garaztatzea lurzoruari ura artifizialki gehitzea da. Nekazaritzan eta lorezaintzan erabiltzen da gehienbat, laboreen hazkundea azkartu eta handitzeko, lorategietako landareak berde mantentzeko eta oro har paisaiak mantentzeko, leheneratutako lurrak landarez azkarrago hornitzeko, landareak izoztetik babesteko, eta beste hainbat jardueretarako. Ureztatzearen aldean, euriak ekarritako hezetasunean oinarritutako nekazaritzari lehorreko nekazaritza deritzo.

Ureztatze metodo batzuk.

Bestalde, ureztatzea nekazaritzari lotuta ez dauden beste zenbait jardueratan ere erabiltzen da: hautsa kentzea, hondakinak metatzea, meatzaritza, etab.

Historia

Ureztatzea nekazaritzaren funtsezko elementuetako bat izan da 5.000 urtez, eta zibilizazio askoren ekonomiaren oinarria izan da.

K.a. 5000. urtearen inguruan Tigris, Eufrates eta Nilo ibai eta Mediterraneo ekialdeko nekazariek lurrak lantzeko arazoak zituzten lehorteak zirela medio. Orduan, haien soroak ureztatzeko ubideak indusi zituzten haien soroetara ura eramateko.

Ureztatze motak

Ureztatze mota anitz daude, ura hornitzeko eraren arabera. Landareen kasuan, helburua ura ahalik eta uniformeen banatzea da, landare bakoitzak behar duen ur kantitatea jaso dezan. Horrez gain, ureztatze motak euri beharren arabera ere banatu daitezke. Ureztatze “osagarriak” euritik datorren urari gehitzen dio bere ekarpena; “ureztatze osoa”-n, berriz, landareek ez dute euriko urik jasotzen.

Uholde bidezko gainazaleko ureztaketa

Gainazaleko ureztaketa

Ureztaketa mota zaharrena eta ohikoena da, milaka urtetan zehar erabili baita. Gainazaleko ureztaketan, ura nekazal lursailetan zehar mugitzen da, gainazala busti eta lurzoruan sartzeko. Ura grabitate indarraren edo lursailaren pendizaren ondorioz mugitzen da. Oso maiz, ur mailak dike sistemen bidez kontrolatzen dira (lurrez egindako dikeak, kasu).

Mikro-ureztaketa

Mikro-ureztaketan aurrez diseinatutako hoditeria-sistema bat erabiltzen da ura presio txikian barreiatzeko.

Ihinztagailua

Ihinztagailu bidezko ureztaketa

Ihinztagailu bidezko ureztaketan ura lursaileko erdigunera garraiatzen da tutuen bidez, eta bertan presio handiz barreiatzen da ihinztagailuak erabilita. Ihinztagailuak estatikoak edo mugikorrak izan daitezke; oso ohikoak dira, esaterako, ura mugimendu zirkularren bidez barreiatzen duten ihinztagailuak. Bestalde, ihinztagailuak plataforma mugikorretan kokatuta, gainazal handiagoak urezta daitezke.

Lur azpiko ureztaketa

Maila freatikoa

Lur azpiko ureztaketan, maila freatikoa artifizialki igota, lurzorua hezetzen da landareen sustraien azpitik. Metodo honetan pompaketa sistemek, kanalek, dikeek eta ateek ur maila handitzea edo txikitzea ahalbidetzen dute, hartara maila freatikoa kontrolatzeko.

Uraztaketarako funtsezko faktoreak

Topografia

Lurzoruaren pendizak urak gainazalean duen zirkulazioa baldintzatzen du

Propietate fisikoak

Lurzoruaren iragazkortasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ahulagoa da ura edukitzeko duen ahalmena. Bestalde, kohesioak ere eragina du ureztaketan; hala, hondartsuak diren lurrak ureztatzea zailagoa izango da.

Propietate kimikoak

Alde batetik, lurzoruari hezetasuna emateak gai organikoen eraldaketa azkarrean eragiten du. Bestalde, gai mineralek ere eragina dute ureztaketan.

Ura

Uraren jatorria faktore garrantzitsua da, bai eta bere propietateak eta emaria ere. Tenperatura da propietate fisikorik garrantzitsuena, landareen ureztaketarako tenperatura optimoak baitaude, landare motaren eta ekosistemaren arabera. Ur hotzegiak edo beroegiak landareetan kalteak sor ditzakete. Uraren propietate kimikoak ere behatu beharrekoak dira (substantzien kontzentrazioa, gazitasuna, sodioa, alkalinotasuna, pHa, landareentzako toxikoak izan daitezkeen substantzien kontzentrazioa).

Ureztatze gailu bat.

Kultura

Ur beharrak, ureztatze sistemak, klimaren ezaugarriak eta erabiltzaileen erabakiak ere ureztatzean kontuan hartu beharreko funtsezko faktoreak dira.

Ur iturriak

Ureztaketarako ura ibaietatik, lakuetatik, putzuetatik, araztegietatik edota itsasoko ura gatzgabetzeko estazioetatik eskura daiteke. Uraren garraiorako akueduktu eta ubide sistemak erabiltzen dira.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.