Urederraren iturburuko natura-erreserba

Urederraren iturburuko natura-erreserba Nafarroa Garaiko naturagune babestua da. Ameskoabarrenan dago, Bakedao kontzejuan. Bertan sortzen da Urederra ibaia, Egaren adarra.

Urederraren iturburuko natura-erreserba
Motaiturburu
Geografia
Map
Koordenatuak42°47′50″N 2°07′59″W
Honen parte daUrbasa-Andia natura parkea
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaAmeskoabarrena
Giza kokalekuBakedao

Urbasako akuiferoaren hustubiderik emaritsuena da. Bakedaoko ipar-mendebaldeko anfiteatro malkartsuan dago, 630 metroko garaieran. 1987an izendatu zuten natura-erreserba. Horretaz gain Urbasa-Andia natura parkeko eta Natura 2000 sareko “Ega-Urederra ibaiak” kontserbazio bereziko eremuaren zati da.[1]

Geologia

Urederraren iturburua urak modelaturiko zirku malkartsu bat da, Urbasako hegoaldeko isurialdean dagoena. Alderdi horren geomorfologia berezia da, eta paisaia berriz hagitz ederra, ongi kontserbatutako ekosistemak dituena.[2]

Paleozenoko kareharri eta dolomita karstifikatuek eratzen dute Urbasako akuiferoa, eta prezipitazioen urak kargatzen du (1.200 mm eta 1.400 mm artekoa da urteko batez bestekoa). Lenar eremu handiek, dolinek eta sarbegiek xurgatzen dituzte prezipitazio horiek, eta lur azpiko galerietan barrena azkar ibiltzen da ura, iturburuetan azaleratu arte. Urederrakoa kareharrien eta Kretazeo Berantiarreko tupa irazgaitzen arteko ukipen gunean dago.[2][3]

Urbasako ur-sorbururik garrantzitsuena da, eta baita Nafarroa Garaiko handiena ere. Urteko batez besteko emaria 4,5 metro kubo segundoko da, eta 50 metro kubora irits daiteke eurite garaian; agorraldian, berriz, 0,3 metro kubo segundokoa da.[2][4][5]

Landaredia

Landare dibertsitatea agerian gelditzen da udazkenean, hostoen kontraste kromatikoak bide ematen baitu eremu txiki batean hainbat zuhaitz mota identifikatzeko. Komunitaterik hedatuena pagadi karezale eta xerofiloa da: Epipactido helleborines-Fagetum sylvaticae; baso mota hori Kantauri aldeko estai menditarrean banaturik dago.[2]

Urederraren iturburua udazkenean.

Espezierik aipagarrienak honako hauek dira: ezki hostozabala (Tilia platyphyllos), haritzak (Quercus sp.), hostazuria (Sorbus aria), astigar arrunta (Acer campestre), pagoa (Fagus sylvatica), lizar arrunta (Fraxinus excelsior), zumar hostozabala (Ulmus glabra), lertxuna (Populus tremula), hurritza (Corylus avellana), elorri beltza (Prunus spinosa), hagina (Taxus baccata), ezpela (Buxus sempervirens) eta ipurua (Juniperus communis). Dibertsitate handia dago landare belarkaretan ere, oso interesgarria botanikaren ikuspuntutik, espezie bitxiak ageri direlako, hala nola Lathraea squamaria bizkarroia.[2]

Fauna

Natura-erreserbako animalia haragijaleen artean, besteak beste, lepazuria (Martes foina) eta basakatua (Felis sylvestris) nabarmentzen dira, eta baita azkonar arrunta eta basurdea ere. Harkaitzetan habia egiten du sai zuriak (Neophron percnopterus) eta basoan gabiraiak (Accipiter nissus). Ur-zozoak ur lasterrak eta erreka bazterrak arakatzen ditu zomorro bila. Paseriformeak ugari dira basoan, esate baterako, pinu-kaskabeltza (Parus ater), amilotx mottoduna (Parus cristatus), kaskabeltz handia (Parus major) eta amilotx urdina (Parus caeruleus).[2]

Giza aztarnak

Mendez mende gizakiaren eskuek moldatu dute eremu hau, eta garai ezberdinetako aztarnak aurkitu ahal dira inguruan. Iturburuaren goiko aldean, historiaurreko aztarna megalitikoak daude, hala nola, Bakedaoko Puerto Viejo trikuharria eta Zurgaingo tumulua.[6]

Zudairiko zentral hidroelektrikoa

Serapio Huitzi atarrabiar bide-ingeniariak eta Daniel Mugikak abiatu zuten energia hidroelektrikoa sortzeko sistema. Alde batetik, Ubaban egindako ur-bilketa eta 2.750 metroko ubidea, lurpekoa gehiena, ingeniaritza lan nekeza gertatu zena; eta, bestetik, Zudairiko indarretxea, 1903an eraikitakoa. Zentraletik Olatzagutiko porlan fabrikaraino eraman zuten argindarra, 14 kilometroko hari sistema baten bidez. Zudairi eta Bakedao herriak ere hornitu zituzten argindarrez. 1916an eta 1920an eraberritze lanak egin zituzten zentralean. Egun oraindik martxan dago, 1983an mekanizatu eta berriztatu ondoren.[7]

Turismoa

Urederraren iturburura iristeko NA-718 Lizarra-Olatzagutia errepidea jarraitu behar da, eta 13,8 kilometroan Bakedaora doan NA-7187 errepidea hartu. Herriko aparkalekutik oinezkoentzako bidezidorra abiatzen da, bisitarientzako moldatutakoa. Iturburuak egindako anfiteatroaren goiko aldera heltzeko, berriz, Zurgaingo aparkalekuan utzi behar da ibilgailua, NA-718 errepideko 22. kilometroan.[8]

Iturburua bisitatzeko aforoa mugaturik dago 2014tik. Beraz, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da; online egin daiteke, orrialde ofizialean, edo Bakedaoko turismo bulegoan. Sarrerak doan dira. Egunean 500 lagunek bisitatu dezakete natura erreserba. Gainera, bidearen azken zatia itxirik dago, segurtasunagatik eta ingurumena berreskuratzeko.[9][5]

Erreferentziak

  1. Urederraren iturburua. reservas.redexploranavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-12).
  2. 230/1998 FORU DEKRETUA, uztailaren 6koa, Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onesten dituena. bon.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-12).
  3. Nacedero del Urederra. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2024-1-15).
  4. El Parque Natural de Urbasa y Andía. fundacioncajanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-12).
  5. Tubia, Iker. Ur eta baso ederrak. Bizigiro, 2020/07/10, astekaria.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-14).
  6. Urederraren iturburua: Balioak. parquedeurbasa.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-14).
  7. La Central Hidroeléctrica de Zudaire. Ubaba. Urederra. ondaregia.com (Noiz kontsultatua: 2024-1-14).
  8. Kokagunea - Sarrera. parquedeurbasa.es (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  9. (Gaztelaniaz) Nacedero del Urederra: Nueva regulación para la reserva de visitas. parquedeurbasa.es (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.