Urederra

Urederra Nafarroa Garaiko mendebaldeko ibaia da, Ebroren arrokoa. Haren iturburua, Bakedao herritik gertu dagoena, Urbasako akuifero karstikoaren irteera naturala da. 19 kilometroko ibilbidea egin ostean, Egara isurtzen da Lizarra ondoan.[1]

Urederra
Urederra ibaia Artabian
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera19 km
Geografia
Map
Koordenatuak42°48′18″N 2°08′12″W
KokapenaEuskal Herria
Hidrografia
Arroaren azalera319 km²
Arro hidrografikoaEbroren arro hidrografikoa
IturburuaUrederraren iturburuko natura-erreserba
Bokalea
()
Ega

Urederraren iturburua

Urbasa mendigune karstikoan bildutako uraren irteera natural nagusia da Urederraren iturburua, milioika urtez isuri diren urek sortu duten arroka anfiteatro eder batean dagoena, Bakedaon, 630 metroko altitudean.[2] Harkaitzezko amildegiko bi pitzaduratatik ateratzen da ura, Ubabako begiratokiaren azpialdean, 30 metro baino gehiagoko ur-jauzia eratuz.[3]

Iturburua Urbasako akuiferoa betetzearen ondorioa baino ez da. Urteko batez besteko jarioa 4,5 metro kubo segundoko da, eta 50 metro kubora irits daiteke eurite garaian; agorraldian, berriz, 0,3 metro kubo segundokoa da.[4][5]

Balio ekologiko handiko naturagunea da, 1987tik natura erreserba izendaturik dagoena. Bisitari anitz izaten baita, sarrera mugaturik dago; beraz, aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da. Egunero 500 lagunek bisitatu dezakete iturburua. Gainera, segurtasun eta kontsebazio arrazoiak medio, bidearen azkenengo zatia itxirik dago.[2]

Ibilbidea

Goi-ibilguan zehar hainbat ur-jauzi ditu, bai eta putzuak ere. Urak kolore turkesa bereizgarria dauka, karstifikazioaren eraginez. Ipar-hego norabidean, Ameskoabarrenako Bakedao eta Zudairi herrietatik igarotzen da, eta Ameskoagoienatik datorren Uiarra erreka hartzen. Aurreraxeago, Allinen sartu eta hego-ekialderako noranzkoan zeharkatzen du harana. Artabia, Amillao eta Larriondik igaro, eta Egarekin batez da Lizarrara iristean.[1]

19 kilometro luze da eta 319 kilometro koadroko arroa dauka. Gehiena Nafarroan dago, Araban dagoen Uiarraren burua izan ezik (55 kilometro koadro). Lokiz mendilerroko Okomendian dago arroko garaierarik handiena (1.255 metro), eta ahoan du punturik apalena, 430 metro.[1]

Hidrometria

Urederraren emaria 1931-2019 bitartean neurtu zen Eraulgo estazioan. Ibaiak 309 kilometro koadroko eremua drainatua du gune horretan, arro osoaren % 97. Urteko batez besteko emaria 6,8 m³ segundoko da. Emari handiena otsailean du (14,3 m³/s), eta txikiena irailean (1,2 m³/s).[6]

Urederraren batez besteko emariak (/s), Eraulen neurtuak
Datuak: 1956-2019 bitartean

Balio naturalak

Lathraea squamaria

Urederra balio natural handiko ibaia da. Haren iturburua natura erreserba da 1987tik, eta Nafarroako naturagunerik bisitatuenetako bat. Bestalde, ibilgu osoa Natura 2000 sarearen zati da, “Ega-Urederra ibaiak” kontserbazio bereziko eremuaren barnean. Bi landare dira aipagarrienak, Hippuris vulgaris[7] eta hurritzaren eta zumarraren sustraiak parasitatzen dituen Lathraea squamaria, biak oso urriak Nafarroan.[8][9]

Galzoriko animalia batzuk bizi dira bertan, hala nola Coenagrion mercuriale eta Gomphus vulgatissimus odonatuak. Ibaiko arrainak (loinak, errutilo hegalgorriak, amuarrainak...) dira igarabaren (Lutra lutra) eta martin arrantzalearen (Alcedo atthis) hazkurria, eta ur-zozoa (Cinclus cinclus) ornogabeez elikatzen da. Ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) eta zenbait saguzar espezie (Pipistrellus pipistrellus, Rhinolophus hipposideros, Rhinolophus ferrumequinum eta Myotis emarginatus). ere hauteman dira.[8][9]

Zentral hidroelektrikoak

  • Zudairiko indarretxea. Cementos Portland enpresak eraiki zuen 1905ean, Olatzagutiko zementu fabrika argindarrez hornitzeko. 1919an handitu zuten, eta 1983an erabat automatizatu. Ubaban biltzen du ura, Urederraren iturburuan, eta 2.750 metroko ubidea dauka, lurpekoa gehiena. 180 metroko jauzia du Zudairin dagoen zentraleraino.[10][11]
  • San Fausto indarretxea. 1927an eraikia, Artabian hartzen du Urederraren ura, 4,8 metroko presa bati esker. Ubidea 6.726 metro luze da, eta 58,5 metroko jauzia dauka. Zentrala Eraulen dago.[12]

Erreferentziak

  1. Urederra. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2024-1-15).
  2. Tubia, Iker. Ur eta baso ederrak. Bizigiro, 2020/07/10, astekaria.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2024-1-14).
  3. (Gaztelaniaz) Urederra, La Reserva Natural del Nacedero del Río Urederra se encuentra en el Parque Natural de Urbasa y Andía. parquedeurbasa.es 2020-02-25 (Noiz kontsultatua: 2020-02-25).
  4. 230/1998 FORU DEKRETUA, uztailaren 6koa, Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onesten dituena. bon.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-12).
  5. El Parque Natural de Urbasa y Andía. fundacioncajanavarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-12).
  6. Urederra Eraulen. ceh.cedex.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-15).
  7. Hippuris vulgaris. gobiernoabierto.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-16).
  8. Blanco Mendizabal, Eduardo. Ega eta Urederra ibaiak. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-16).
  9. Bases técnicas para el Plan de gestión del Lugar ES2200024 “Ríos Ega-Urederra”. Diagnosis.. espaciosnaturales.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-16).
  10. La Central Hidroeléctrica de Zudaire. Ubaba. Urederra. ondaregia.com (Noiz kontsultatua: 2024-1-14).
  11. Visita técnica a la central hidroeléctrica de Zudaire. sc.ehu.es (Noiz kontsultatua: 2024-1-16).
  12. San Fausto, Central Hidroeléctrica de. enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2024-1-16).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.