Urdinola-Arizmendienea etxea
Urdinola-Arizmendienea Oiartzunen dagoen XVIII. mendeko jauregia da, XX. mende hasierako euskal burgesiaren oporretako etxebizitzaren adibide argia[1]. 2020ko ekainaren 12an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Monumentu kategorian[2].
Urdinola-Arizmendienea etxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Oiartzun |
Koordenatuak | 43°17′56″N 1°51′35″W |
Ondarea | |
Urdinola-Arizmendienea etxea XVII. mendetik dokumentuetan jasota dagoen eraikin historikoa da, XVIII. mendean obretan esku-hartze handia izan zuena, eta XIX. eta XX. mendeetan gerora egindako egokitzapenak dituena. Etxea Urdinola familiarena izan zen, Oiartzungo haraneko zaharrenetarikoa, eta familia horren jarduera ekonomiko eta sozialen erreferentzia dokumentalak XVI. mendearen erdialdetik daude.
Urdinola-Arizmendienea etxearen arkitektura- eta eraikuntza-ezaugarrien garrantzia zehazten duten kultura-balioak honako hauek dira: batetik, morfologikoa (lorategiko lurzatiarekin batera unitate morfologiko interesgarria osatzen duen eraikinaren konposizio- eta forma-balioagatik), eta, bestetik, tipologikoa (espazio funtzionalen antolaketagatik, sarrerako ataria eta garajearen espazioa barne; eskailera osoa, hasieratik bukaerara arte, estalkiaren azpian; gelek duten distribuziogatik, kapera ere barne), eta, azkenik, eraikuntza-izaerakoa, zurezko egituran (lehen mailakoan bai eta bigarren mailakoan ere), itxituretan eta arotzerian erabiltzen diren sistema, soluzio eta eraikuntza-exekuziogatik.
Ezaugarriak
Egungo egituran, oinplano angeluzuzeneko eraikina da, kaletik begiratuta, mehelina egiten du eskuinaldean, eta hiru isurkiko estalkia du, ekialdeko isurialdean txapitula duena.
Bolumena kalearen goiko aldean dago, eta eraikuntzarik gabeko 60 metro inguruko espazio bat uzten du, lotutako lorategiari dagokiona, gaur egun udal-jabetzakoa dena. Horri esker, etxearen balio formalak eta lorategitik eratorritako ingurumen-balioak hauteman daitezke.
Fatxadak
Etxearen itxitura-hormen aparailua hareharrizko harlanduzkoa da, neurri onekoa, bai beheko solairuan, bai bao guztien izkina eta markoetan; markoetan, zurezko barneko arotzeria eta kontraleihoak jartzeko behar diren beherapenak sartzen dira; gainerakoan, itxitura luzitutako harlangaitzezkoa da.
Eraikinak hiru altuera eta teilatupeko espazioa ditu. Kalearen gaineko fatxada lauangeluarra da, eta hiru gorputz horizontaletan banatuta dago, platabandaz bananduta, solairu bakoitzeko bat; beheko atala harlanduzko aparailukoa da erabat. Fatxada horretan hiru ardatz bertikal bereizten dira, alboetan balkoi karelduna lehen solairuan eta erdi-irtena bigarrenean. Beheko solairuko leihoak burdin hesiz estalita daude. Fatxada horren erdiko ardatzari dagokionez, beheko aldean, etxearen ataria dago, tatxatutako zurezko ate lodi bat duena, eta, goialdean, lauki urdinxka bat, Sokorriko Ama Birjinaren irudia duena. Aurrealdea, harburu landuak dituen hegal irtenaz errematatzen da, eta lehenengo platabandan, «EMEN SARTZEN DANA / BERE ETXEAN DAGO» inskripzio bat aurkezten du.
Ezkerreko alboko fatxadak, lorategirantz, ez du platabanda horizontalik, eta isurialde horretako teilatu-hegaleko habeak ez daude zizelkatuta. Fatxada horretan lau bao ditu beheko solairuan, horietako bat garajerako sarrera da, eta bost bao goiko bi solairuetako bakoitzean, guztiak modu harmoniatsuan antolatuta. Fatxada osoan bao handiak, balkoi karelduna eta leiho karratuekin ixten diren bao txikiak tartekatzen dira. Lehenengo solairuan, balkoi luze batek, angeluan, fatxadaren ezkerraldeko hiru baoak zeharkatzen ditu atzeko fatxadan sukaldera sartzeko dagoen ate-leihoraino.
Atzeko fatxadak, bigarren solairuan, beste balkoi luze bat du fatxada horren luzera osoan. Fatxada horretan, lehen solairuko eta bigarren solairuko balkoiek, bi solairuetako gelekin eta korridore orokorrekin ez ezik, kanpoko bolumen bertikalarekin ere komunikatzen dute. Bolumen horrek ateak eta leihoak ditu, eta beheko solairutik estalkiraino harriz eraikia dago, solairu guztietarako zerbitzugunea dena.
Barnea
Eraikinaren gaur egungo egoera XVIII. mendearen erdialdean egin zitzaion birgaitzeari dagokio. Eraikinak garai hartako jatorrizko eraikuntza-ezaugarri guztiak mantentzen ditu, bai egituraren habeen, habexken eta zutabeen materialei, gauzatzeari eta eskuairei dagokienez, bai eta fatxadak egiteko erabilitako harrizko itxiturei dagokienez ere.
Eraikinaren antolaketa funtzionala segurua da, eta etxeak izan dituen jabeen eskakizunetara egokitu izan da; hala ere, etxeak bere tipologia-benetakotasunari eta eraikuntza-osotasunari eusten dio nabarmen.
Gaur egun, etxeak Arizmendi familiaren etxebizitzaren behar funtzionalei erantzuten die, 1920an erosi baitzuen. Hala, beheko solairuan, etxera sartzeko sarrerako ezkaratza eta garajerako sarbidea, lorategiaren bidez, konpontzen dira; lehen solairuan, sukaldea, kale gaineko erdiko balkoia duen jangela eta lorategiaren gaineko balkoi jarraitua duten bi gela daude; bigarren solairuan, atzeko fatxadako balkoira irteera duen korridore bat, lau logela guztiak kanpoaldekoak, eta bainugela bat aldagela duena; eta teilatupean, korridore txiki bat, bi gela, kapera eta teilatu-hegalera sartzeko galeria bat daude.
XIX. mendeko esku-hartzeek garai hartako dekorazio-arteei lotutako balioak ekarri dizkiote eraikinari. Hala, XIX. mendearen erdialdeko hiru gela ditu, paper margotuak dituztenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan duten garrantziagatik, antzinatasunagatik eta urritasunagatik, babestuta geratu behar dute gaur egun duten kokalekuan.
Bestalde, XX. mendeko esku-hartzeek etxearen tipologia-balio formalak eta egiturazkoak errespetatu dituzte, eta etxearen tipologiarekin bateragarria den elementu bat gehitu dute, balio esanguratsuak eta historikoak eransten dituena, hala nola teilatupeko espazioaren hegoaldeko hegalean dagoen kapera. Elementu hori ere babestuta dago.
Lorategia
Lorategiak 1.450 metro karratu inguruko azalera du eta eraikin nagusia duintzeko eta bertako bizilagunen erosotasunerako balio du. Ibilbide bihurria duten bidezidorren bidez eta 50 metro inguruko luzera duen gurdibide baten bidez egituratzen da. Bide horrek etxeko garajeko atea eta lorategiko itxitura-horman, kalearen ondoan, dagoen forjaketa-errementaritzako atetzarra lotzen ditu. Lorategiaren ingurumen-balioetan laguntzen du, eta horregatik lorategiaren parte da kontserbatu beharreko elementu gisa, lorategiaren tamaina handiko zuhaizti guztia.
Lorategiak XX. mendeko dekorazio-arteen elementu batzuk ere baditu, hala nola Aguraingo Cerámica Alavesa fabrikatik datozen azulejuak, tubatuaren teknikaren bidez eginak, kontserbatu beharrekoak.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- Arizmendienea Etxe Museoa (noiz kontsultatua: 2023-3-22)
- Kultura ondasun izendapena EHAAn (noiz kontsultatua: 2023-03-22)