Urdin

Urdina[1], halaber azula (Heg. Herr.) edo blua (Ipar. Herr.), batzuetan oztina[neol. 1], oinarrizko koloreetako bat da. Urdin moduan espektro elektromagnetikoaren barnean uhin-luzera 420-490 nanometrokoa duen kolore multzoari dagokio.

Urdina
 
Kolore koordenatuak
Hamaseitarra #0000FF
RGB (r, g, b) (0, 0, 255)
CMYKN (c, m, y, k) (100, 100, 0, 0)
HSV (h, s, v) (240°, 100%, 100%)

Urdina koloreen sorrerako erabiltzen den 3 oinarrizko koloreetako bat da, nahiz eta CMYK eskala erabiltzen duten inprimategietan zian kolorea erabiltzen den.

RAL kolore sisteman urdinak 5001 eta 5099 artekoak dira.

Esanahiak

Euskaraz

Euskaraz urdina grisaren baliokidea da hainbat esamoldetan:

  • Ilea urdintzen hasia dago: «ile zuriak ditu»;
  • Zerua urdindu da: «hodeiak agertu dira».

Bestelako esanahiak

  • Hotza identifikatzeko erabiltzen da, beroa gorriak ordezkatzen baitu. Esate baterako, uraren tenperatura identifikatzerakoan edo atmosferako aire masa hotz eta beroen norabideak identifikatzerakoan.
  • Irudi anatomikoetan zainak urdinez azaltzen dira, eta arteriak – gorriz, zainetako odola ilunagoa baita eta zainak, beraz, urdinak irudikatzen zaizkigu.

Etimologia

Adituen ustez,[2] hur «ur» eta *din «bilakatu» erroak bereizi behar dira hitzaren osaeran.

Lehen erroak (hur) bere horretan iraun du egun arte, hasierako hasperena zubereraz soilik gorde badu ere (eta Nafarroa Behereko testu zahar batzuetan; Etxeparerenean, esaterako). Bigarrena (*din), aldiz, hainbat hitz-elkartu zaharretan iritsi zaigu fosilduta (gordin, berdin eta, beharbada, lotin, astin hitzetan), bai eta aditz-forma jokatu batzuetan ere: alde batetik, gaur egun indikatiboz kanpoko nor saileko aditz laguntzaile gisa (*edin formaz aipatzen dena eta dadila, bedi, daiteke... forma jokatuen oinarrian legokeena) eta, bestetik, euskara zaharrean «bihurtu, izatera iritsi» esanahia zuen aditz trinko gisa (honako adibide hauetan irakur daitekeena: Leizarragaren Abraham zedin baino lehendevant qu’Abraham fût”, RSetako asto dina ['dadina'], zordunel que se hace fiador, deudor", edo Viva Jesus testuko Kristo zetarako sidin gizon?).

Hortaz, eta hitzak izenda zezakeen kolore-tartea kontuan hartuta (gutxienez zurixka, grisa, arrea eta azula), urdin-en jatorrizko esanahia «ur(aren koloreko) bihurtua, ura bezalakoa» litzateke.

Paralelo moduan latinezko aqua «ur» eta aquilus «marroi ilun, arre» hitzen arteko itxurazko lotura aipatzen du Mitxelenak, nahiz eta Meilletek ez zuten argi ikusten (“on ne voit pas pourquoi l’eau aurait été prise pour désigner une couleur tirant sur le noir”); hala ere, euskarazko lekukotasunak aski argiak dira zentzu horretan, eta egiantzekoago egiten dute lotura hori (ikus baita ere ubel eta uher, zeinen oinarrian ere ur izan daitekeen).

Oharrak

  1. Oztin hitza aranismoa da.

Erreferentziak

  1. «Urdin». Euskaltzaindiaren Hiztegia. (Noiz kontsultatua: 2021-6-29.)
  2. Lakarra, Joseba, A.; Manterola, Julen; Segurola, Iñaki. (2019). Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200). Euskaltzaindia, 440-441 or. ISBN 9788494647789..

Kanpo estekak

  Urdinak  
Urdina Erregezkoa Itsas urdina Heraldikoa Anila Elektrikoa
           
Ziana Ziana (CMYK) Turkesa Oztina Zeru-kolorea Aquamarina
           


Espektro elektromagnetikoa

 gamma izpiak  X izpiak  ultramoreak  argia  infragorriak  mikrouhinak  irrati uhinak 
Koloreak

  ultramorea morea urdina berdea horia laranja gorria infragorria  
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.