Unitate didaktiko

Hezkuntzan, unitate didaktikoa (UD), edo batzuen ustez sinonimotzat jo daitekeen ikas sekuentzia[oh 1][oh 2][1][2] ikasgai edo eduki jakin eta zehatz baten inguruan (adibidez, meteorologia edo energia ez berriztagarriak) hezkuntza-ikasketa prozesua antolatzeko modu bat da, edukia ikaslearen mailara, eskura dauden baliabideetara eta lortu beharreko helburuetara egokitzen duena. Normalean denboralizazioari buruzko aurretik egiten diren estimazioak eta plangintzak ere gehitu ohi dira.

Unitate didaktikoa problema edo erronka baten inguruan ere eraiki daiteke, arazo-egoera batetik[3], adibidez, "egin dezagun letxugari ura kentzeko zentrifugagailu bat", edo "antola dezagun Xra bisita-bidaia", edo "idatz dezagun antzezlan bat", edo "egin dezagun arbola orrien erakusketa bat"...

Curriculumak barne hartzen dituen ezagutzak eta gaitasunak hainbat ikasgaitan bereizten dituzte unitate didaktikoek eta horrela, hezkuntzaren antolaketan denbora-planifikazioa eta beharrezko ebaluazioa bideratu.

Atalak

Unitate didaktiko bat diseinatzen arazo-egoera batetik abiatuz.

Unitate didaktikoan, zehaztu daitezke zeintzuk izango diren helburu nagusiak, zeintzuk izango diren landuko diren edukiak, eta gehien garatuko diren gaitasun edo konpetentziak...[4]

Zehaztu daiteke, gehiago edu gutxiago, ze metodo eta ze teknika erabiliko diren ikasleek konpetentzia horiek ahalik eta gehien garatzeko, ze estrategiak erabiliko diren. Zehaztu daiteke non egingo diren egin beharrekoak eta denbora-plan bat. Azkenik, zehaztu daiteke nola ebaluatuko eta nola kalifikatuko den. Ze ebaluazio irizpide, ze ebaluazio adierazle, ze ebaluazio tresna, erabiliko diren, eta noiz, eta nola.

Helburuak

Unitate didaktiko bat diseinatzerakoan zehaztu daitezke zeintzuk izango diren helburu nagusiak eta zeintzuk zeharka landuko diren helburuak.

Zehaztu daitezke denbora muga jakin batean lortu nahi diren helburuak, eta zehaztu daitezke denbora tarte laburragoan tarteko helburuak.

Helburuak izan behar dute

  • Zehatzak, espezifikoak. Ez dute balio "idazlan kontuetan saiatuko gara hobetzen", "idazlan gehiago egingo ditugu", "ahaleginduko gara mintzamena gehiago lantzen" bezalako orokorkeriak. Helburuak ondo formulatuta egoteko, idazlan kontuetan hobetzeko egingo diren ekintza zehatzak aipatu behar dira, mintzamen kontuetan egingo diren ahaleginak ahalik eta zehatzen deskribatu behar dira.
  • Ebidentzien bidez neurtzeko modukoak. Idazlan kontuetan ebidentziak jaso behar dira, ikasleen idazlanak hain zuzen ere. Errubrikak edo berariaz sortutako txantiloiez idazlaneko hainbat parametro neurtzeko modukoak izan behar dute. Kantitatea neurtzea erraza da, idazlanaren neurria begien bistakoa izaten da, baina kalitatea ere neurtzeko modukoa izan behar du, eta hori hasieratik ondo formulatuz gero, hobe. Mintzamen kontuak neurtzeko ere, grabazioak izan daitezke ebidentziak. Grabazioen diskurtsoen kalitatea neurtzeko errubrikak edo kontrol zerrendak erabiliz gero, neurtzeko moduko ebidentziak jaso dira.
  • Erakundearen helburu nagusiekin bat egin behar dute edozein unitate didaktikoko helburuek. Unitate didaktikoa diseinatzerakoan, mintegian, ikastetxean, dauden proiektuekin eta planekin talkak saihestu egin beharko.
  • Helburuak erronka izan behar dute. Helburuak irakasleria eta ikasleriarentzat lortzeko modukoak izan behar dute, ezin dira helburu errazegiak izan, ―"iaz egin genuenaren % 50 egingo dugu" estilokoak―, ezin dira zailegiak izan, edonor desanimatzeko modukoak. Errealistak izan behar dute baina betiere hobetzeko erronkarekin.
  • Helburu zehatzak lortzeko denbora zehatzak aurreikusi behar dira. Helburuak ebidentzien bidez neurtzeko modukoak izan behar dute, baina ebaluazio horiek egiteko denbora batzuk markatu behar dira aurretik.

Helburuak: inposatuak ala negoziatuak?

Helburu negoziatuak lortzeko osagai batzuk.

Erakunde batean, izan hezkuntzakoa, izan enpresa estilokoa, helburuak goitik behera ezarri daitezke. Goikoek helburuak sortu eta zehaztu, eta behekoek helburu horiek lortzen saiatu. (Eta helburuak lortuz gero goikoek zoriondu, eta bestela, kontuak eskatu; eta behekoek helburuak lortuz gero saria eskatu, edo bestela, aitzakiak asmatu).

Bada beste aukera bat, goikoak saia daitezke helburuak behekoekin adosten[5]. Helburuak lortzeko egon daitezkeen zailtasunak, bakoitzak bere ikuspegitik ikusten ditu. Batzuen asmoak gehiegi edo gutxiegi iruditu ahal zaizkie batzuei eta besteei.

Erakundeko edonork helburuak bere egitea nahi bada, konfiantzazko lan-giroa lortu behar da. Komunikazioa erraztuko duen testuinguru mesedegarri bat lortu behar da. Goikoek behekoei lan egiteko eskatu behar diete, baina helburuak erronka bezala aurkeztea komeni, eta behekoek helburuen diseinuan parte hartzea komeni. Goikoek eta behekoek helburuen diseinuan parte hartuz gero, negoziazioak egongo dira. Betiere zaindu behar da negoziazio horietan erabiltzen den doinua, goikoek inposatu baino, iradoki egin behar dute, eta lortu behar dute behekoek konpromiso batzuk hartzea. Azken batean, behekoek egin behar dituzten ekintzak planifikatzen ari dira. Planifikazioan denbora mugatu batzuk ezarri behar dira. Zer egingo den eta zein epetan egingo den negoziatu, adostu egin behar. Goikoek konpromiso minimo batzuk lortu behar behekoengandik, kontuak gehiegi behartu gabe eta nasaikeriatan erori gabe.

Egindakoak egin eta gero, azken ekoizpenen eta prozesuen ebaluazioa egin behar da. Lorpenen eta egindako akatsen komunikazioa ezin da ahaztu. Erakundeko pertsona guztiengana heldu behar da komunikazioa, inor isolatuta utzi gabe. Guztiek ulertu behar dituzte helburuak, ahal bada lortzeko moduko helburuak direla pentsatu beharko dute guztiek, eta erakundeko pertsona guztiak sentitu beharko lirateke helburuen diseinuaren nolabait protagonistak. Eta etengabe hobetzeko, etengabe ebaluatu behar da. Epe jakin batzuetan helburuen lorpen maila neurtu eta helburu berriak ezarri beharko.

Landuko diren konpetentziak

Gehiago jakiteko, irakurri: «Gaitasun (hezkuntza)»

Unitate didaktiko bat diseinatzerakoan zehaztu daitezke zein konpetentziak landuko diren. Konpetentzia guztiak landu daitezke unitate didaktiko bakar batean, baina beti landuko diren konpetentzia batzuk beste batzuk baino sakonago.

Edukiak

Ikasleek eduki batzuk jakin beharko dituzten beren konpetentziak garatzeko, eta ez badakizkite ikasi beharko. Eta ikasiz gero, jakintza hori erabili beharko proiektua aurrera eramateko.

Landuko diren testu/diskurtso motak

Ahozko eta idatzizko testu mota batzuk agertuko dira unitate didaktikoan. Unitate didaktiko asko diseinatzerakoan testu eta diskurtso aniztasuna bilatu beharko.

Proiektua aurrera eramateko, ikasleek ahozko zein idatzizko testuak erabili beharko dituzte, eta horiek askotarikoak izan behar dute unitate didaktiko asko batera diseinatuz gero.

Testuetan, ahozko diskurtsoetan zein idatzizko testuetan, ikasleen komunikazio beharrizanak aintzat hartu beharko dira.

Jarduerak

Unitate didaktiko bat diseinatzerakoan,

  • ikasleen aurrezagutzak azaleratzeko jarduerak diseinatu beharko lirateke.
  • ikasleei prozesuan lagundu beharko zaie: planifikatzen, antolatzen, berrikusten.
  • ahozko zein idatzizko jarduerak diseinatu beharko lirateke.
  • jarduerek aukera eman beharko dute arloko konpetentziak eta zeharkako konpetentziak garatzeko (ikasten ikasteko, norbera izaten ikasteko, elkarrekin bizitzen ikasteko, ikaslearen autonomia garatzeko...).
  • Unitatearen didaktikoaren garapenean ebaluazio-jarduerak daude. Eta ebaluazioa ez da zertan amaieran bakarrik egingo den jarduera bat, proiektua garatzeko prozesu osoan zehar hainbat ebaluazio-prozedura ezar daitezke. Eta hainbat ebaluazio tresna erabil daitezke.
  • unitatearen didaktikoaren garapenean ohikoak izaten dira gogoeta linguistiko batzuk sortzea, hizkuntzaren garapena eta ikaskuntza lotuta daude-eta. (Esate baterako, ezin da, edozein jakintza arlotan, ezer ikasi, jakintza arlo horretako eremu semantikoa zabaldu gabe).
  • taldekatze-mota desberdinak proposatu daitezke. Unitate didaktikoan zehar taldeak mantendu egin daitezke edo prozesuan aldaketak proposatu daitezke.
  • jardueren helburuen artean testu bat edo batzuk (ahozkoak zein idatzizkoak) ekoiztea izango da. Edozein formatutan: aurkezpen digital, bideo, audio, jendaurreko aurkezpena, grabatuko diren taldearen azalpenak, infografia bat...

Denboralizazioa

Unitate didaktiko bat diseinatzerakoan jarduera bakoitzak zenbat denbora beharko duen kalkulatu beharko. Daukagun denborari, neurria hartu beharko.

Ikasleek ekoizpenak burutzeko epea zein duten aldez aurretik ezagutu beharko, eta tarteko denbora-kontrol batzuk ere diseinatzea komeni.

Ebaluazioa eta kalifikazioa

Sakontzeko, irakurri: «Ebaluazio (hezkuntza)»

Ezinbestekoa da, edozein unitate didaktiko diseinatzerakoan, ebaluazio prozesu bat ere diseinatzea. Kalifikatzea ere askotan, ezinbestekoa izaten da, hezkuntza sistema askok horrela eskatzen dutelako.

Oso komenigarria da ikasleek aldez aurretik jakitea zeintzuk izango diren ebaluazio irizpideak eta ebaluazio adierazleak. Ikasleek halaber, jakin beharko dute eginbeharrekoak egiteko zenbat denbora izango duten, ataza bakoitza amaitzeko epea zein ote den.

Prozedurak ebaluatu behar dira, ez azken ekoizpenak bakarrik.

Gaitasun edo konpetentzia guztiak ebaluatu behar dira, arlokoak eta zeharkakoak, ez edukien ezagutza bakarrik.

Gaur egun, positiboki baloratu ohi da ikasleak ebaluazio tresnak diseinatzerakoan parte hartzea, eta unitate didaktikoko zenbait arlo diseinatzerakoan ere parte hartzea.

Egitura orokorra

Goiko irudiko unitate didaktikoaren egitura orokorrean, abiapuntu bezala, arazo-egoera bat proposatzen da, eta amaieran ikasleei ekoizpen jakin bat, taldeka, sortzeko eskatuko zaie. (Kartel bat, bideo bat, aurkezpen digital bat irudi eta audio eta guzti...).

Unitate didaktikoaren ardatza proiektu bat modu kooperatiboan aurrera ateratzea da.

Arazo-egoera ikasleentzat erakargarri eta esanguratsu den testuinguru batean txertatuta egon beharko.

Amaierako ekoizpena nolakoa izan behar duen, hasieratik jakin beharko dute ikasle guztiek.

  • Ikasleek ondo jakin behar dute, hasiera-hasieratik ahal izanez gero, arazo-egoera batetik abiatuta zein izan beharko duen amaierako ekoizpena, nolakoa izan beharko den. Ikasleek jakin behar dute nola antolatuko diren, bakarka, irakasleak sortutako taldeetan, ikasleek sortutako taldeetan, talde irekietan, talde itxietan, taldeen arteko elkarlana sustatuz, taldeen arteko lehia sustatuz... Bikoteka, hirukoteka, laukoteka...
  • Ikasleek ondo jakin behar dute, hasiera-hasieratik ahal izanez gero, zeintzuk izango diren ebaluatzeko jasoko diren ebidentziak. Ebidentzia horiek ez dira amaierako ekoizpenari lotuta bakarrik egongo, prozedurak ebaluatzeko ere ebidentziak jaso beharko dira, eta ikasleek horren gainean jakin beharko dute. Eta jakin behar dute, halaber, zelako errubrikak erabiliko diren ebidentzia horiek neurtzeko.

Oharrak

  1. (Gaztelaniaz) Antonio Ferreira da Silva Júnior: "Secuencia o unidad didáctica". Unitate didaktiko eta sekuentzi didaktiko, ikas sekuentzia sinonimotzat jo izan dira argitalpen askotan, baina badago bien arteko aldea berezitzeko lana hartu duten hainbat argitalpen.
  2. Unitate didaktikoa irakaskuntza-ikaskuntza prozesu oso bati buruzko lan-proposamen bat da. Eskolako eguneroko zereginak planifikatzeko tresna bat da, eta irakaslearen esku-hartzea bideratzen du eta errazten du, hau da, irakasleari bere eguneroko hezkuntza-praktika antolatzeko aukera ematen dio, kalitatezko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak behar bezala antolatzeko. Plangintza-tresna hutsa da eta alde batetik ikasle taldeari eta bestetik ikasle bakoitzari laguntza pedagogikoa emateko ondo diseinatutako plana izan behar du.

    Sekuentzia didaktikoa, (ikas sekuentzia), berriz, jarduera sorta ordenatu bat da, elkarren artean ondo lotutako jarduera sorta ordenatu bat, non denboralizazioa planifikatzen den, eta erabiliko diren baliabideak ere kontuan hartzen diren. Sekuentzia didaktikoaren xedea eduki-multzo jakin bat irakastea izan daiteke, proposatu nahi den arazo egoera bat, ataza bat, ikasgai jaikin bat edo haren zati bat...

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Hernando, Tamara. (2011-12-21). «Pretty Little Liars: Diferencias entre Unidad Didáctica y Secuencia Didáctica» Pretty Little Liars (Noiz kontsultatua: 2021-05-14).
  2. «Arazo-egoera batetik abiatuta ikas-sekuentzia bat egingo dugu.» B08 Leioako Berritzegunea 2018-03-23 (Noiz kontsultatua: 2021-05-12).
  3. Unitate didaktikoak – Adibideak. Heziberri 2020. (Noiz kontsultatua: 2021-03-30).
  4. Berritzegune Nagusia. Heziberri 2020 - Unitate Didaktikoa egiteko eta ebaluatzeko gida. (Noiz kontsultatua: 2021-05-21).
  5. Saratxaga, Koldo. (2007). Harreman-estilo berri bat : egiteko dagoen organizazioen aldaketarako. Elkar ISBN 978-84-9783-542-8. PMC 433434736. (Noiz kontsultatua: 2021-05-18).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.