Unai Rementeria

Biografia

Tabernari baten semea,[1] Mundakan ezkondua dago eta bi seme ditu. Kirolzalea (korrika, mendia, pilota...), Athletic futbol taldearen eta Mundakako Arraun Taldearen sozioa. Mundakako Atorrak elkartearen kidea.[2] Euskara eta gaztelera menperatzen ditu,[3] eta ingeles maila ertaina du.[2]

Formakuntzaz Zuzenbide lizentziatua da eta Ekonomian diplomatua Deustuko Unibertsitatean; Zuzenbide Administratibo eta Urbanistikoan diplomatua; Praktika Juridikoan masterra Bizkaiko Abokatuen Elkargoan; Zuzenbide Urbanistikoan masterra Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean; eta kontabilitate publiko eta pribatu ikasketak ditu.[3] ELA sindikatuko kidea izan zen.[2]

Ibilbide profesionala 1999an hasi zuen, Nabarnizko idazkari-interbentore postua eta abokatu jardun pribatuarekin uztartuz (Zuzenbide Administratiboan espezializaturik): lehenik Sanz & Saiz Abogados bulegoan (1999-2002) eta gero Ibarrondo & Lamikiz bulegoan (2002-2007). 1999-2007 arteko tarte honetan udal askorentzat aholkulari gisa aritu zen Hirigintza, Ingurumen eta Zuzenbide Administratibo arloetan. 2007-08 artean Euskal Trenbide Sarea enpresa publikoaren sail juridikoan lan egin zuen. 2008an Bizkailur sozietate publikoan (geroko Bizkaiko Foru Aldundiaren Azpiegiturak bihurtuko zena) lan bera egin zuen.[3]

2009 urtean Alakrana atunontziaren bahiketan paper garrantzitsua jokatu zuen, arrantzaleen familien babesean.

Ibilbide politikoa

Mundakan, 1999ko udal hauteskundeetan EAJ-ren hautagaien artean aurkeztu zen independiente gisa; hirigintza zinegotzi eta alkateorde izan zen 1999tik 2007ra. 2007tik 2013ra herriko alkatea izan zen.

EUDELen lurralde batzordeko kidea izan zen 2007-10 artean.

Eusko Alderdi Jeltzalean, Asanblada Nazionalaren kidea izan zen, eta Bizkai Buru Batzarreko kidea 2008 eta 2012 artean.[4] Sabino Arana Fundazioko kidea.[2]

Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkidea izan zen 2009-2011 artean.

Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2011an batzarkide hautatu zuten eta EAJ-ren taldearen bozeramaile izan zen. 2013ko urtarriletik 2015ko maiatzera arte Foru Aldundiko Presidentziako diputatu eta bozeramaile izan zen[3] Jose Luis Bilbaoren gobernuan. 2015eko uztailetik Ahaldun Nagusia da.[5] 2019ko foru hauteskundeen ondoren kargua berritu zuen. 2022ko irailean publiko egin zen 2023an ez zela berriz kargurako aurkeztuko. Hain zuzen ere, 2015eko inbestidura saioan karguan bi legealdi soilik emango zituela adierazi zuen.[6]

Kritikak

Unai Rementeriaren gestioari egin zaizkion zenbait kritika:

  • Enplegu prekarioa sustatzea; merkataritza egitura handiak bultzatzea, komertzio txikien kaltetan; azpiegiturak lehenestea.[1]
  • Gaztelugatxe masifikatzea, planifikaturik gabeko promozioaren ondorioz.[7]
  • Zaldibarko zabortegiaren hondamendian,[8] zabortegiaren jardunaren kontrol falta, larrialdiari aurre egiterakoan suhiltzaileen jarduera-protokoloaren falta, autobidea irekitzea langileen osasunaren gainetik ipintzea, sailen eta erakundeen arteko koordinazio txarra, hondakin arriskutsuen berri eman ez izana[9] eta publikoki Bizkaiaren hondakinen kudeaketa eredugarritzat aurkeztu izana.[10]

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-05-14). «Rementeria suma críticas por el tuit del pescatero que minimiza la precariedad» GARA (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  2. «Parlamento Vasco - Parlamentarios y Órganos - Fichas personales» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  3. (Gaztelaniaz) País, El. (2013-01-15). «Unai Rementeria toma posesión como diputado de Presidencia y portavoz foral» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  4. «EAJ-PNV: El nuevo Bizkai Buru Batzar se reúne por primera vez» web.archive.org 2014-09-24 (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  5. (Gaztelaniaz) Hernández | @jesusjhernandez, Jesús J.. (20150701092720). «Unai Rementeria, investido diputado general de Bizkaia» Bizkaia - El Correo.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-21).
  6. Berria. «Unai Rementeria ez da aurkeztuko Bizkaiko ahaldungai nagusi izateko» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-09-21).
  7. «SOS Gaztelugatxek proiektuak "buruagaz eta parte hartzeagaz" egiteko eskatu du» Busturialdeko Hitza 2020-02-17 (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  8. (Gaztelaniaz) AGENCIAS, RTVE es /. (2020-02-28). «La Diputación de Bizkaia abre un expediente sancionador a la empresa del vertedero de Zaldibar» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
  9. (Gaztelaniaz) «Zaldibar Argitu pide dimisiones «antes del inicio de la campaña electoral»» El Diario Vasco 2020-03-06 (Noiz kontsultatua: 2020-05-09).
  10. «Zalla-Güeñes y Zaldibar: tres pueblos, dos realidades» Mugalari Kultura (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.