Ote

Otea (Ulex sp.) Fabaceae familiaren barneko landare generoa da, 20 espezie inguru biltzen dituena. Genero honetako landareak zuhaixka hostoiraunkor arantzadunak dira, Afrikako ipar-mendebaldean eta Europako mendebaldean hedatuta daudenak. Espezie gehienak Iberiar penintsulan daude.

Ote
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaFabales
FamiliaFabaceae
SubfamiliaFaboideae
Generoa Ulex

Deskribapena

Zuhaixka edo mulu arantzatsuak dira. Adarretan, alderantzizko V itxurako (7)8(9) saihets azaltzen dira eta hauen artean haran ahurrak daude kokatuta. Adarrak, laburrak dira eta arantzetan eraldatuta daude, arantza primarioetan, gero bertan ezarriko dira arantza sekundario eta tertziarioak. Hosto txandakatuak dituzte eta estipula gabeak dira. Landare gazteen hostoak peziolatuak dira eta 1-3 foliolo dituzte. Helduetan ordea, filodio zurrunak edo arraroagoak diren filodio bigun eta hostokarak aurkitzen dira. Genero honek, infloreszentzia azaltzen du, galtzarbeko lore bakartiz osatua. Lore hauek, arantza primarioen gainean kokatzen dira eta batzuetan sekundarioen gainean ere. Horrez gain, loreak pedizelodunak dira, nektar gabeak eta pedizeloaren oinarrian braktea izeneko hosto eraldatua azaltzen dute eta honen goialdean bi brakteolo.[1]

Ugalketa

Landare angiospermoetan bezala, ernalketa polinizazioarekin hasten da. Estigman itsatsitako polenak hodi polinikoa sortzen du, ginezeotik jaisten dena obuluraino. Bertan burutzen da ernalketa bikoitza, non nukleo espermatikoak obozelula ernaltzen duen enbrioia sortuz eta nukleo begetatiboak nukleo polarrak ernaltzen ditu haziaren endospermoa eratuz, gero enbrioiaren elikagai izango dena. Obulua garatu eta heldu egiten da fruitua bilakatuz.

Haziaren morfologia

Ulex generoko haziek forma oboidea dute; ariloa hari oblongo batean kokatuta dago, eta azken honek ildo batek zeharkatzen du. Lobulu erradikularraren ondoan, mikropilo bat du.[2]

Espezieak

  • Ulex minor edo ote beltza
  • Ulex argenteus
  • Ulex eriocladus
  • Ulex australis
  • Ulex baeticus
  • Ulex borgiae
  • Ulex parviflorus edo ote loretxikia
  • Ulex jussiaei
  • Ulex airensis
  • Ulex micranthus
  • Ulex carnecens
  • Ulex erinaceus
  • Ulex densus
  • Ulex europaeus edo ote zuria
  • Ulex gallii

Espezie hauen artean, Euskal Herrian agertzen direnak hiru dira: Ulex galli, Ulex europaeus eta Ulex minor.[3]

Ulex gallii Planchon

Ulex gallii 1m-ko altuera har dezaketen Ulex generoko zuhaixka da, batzuetan herrestariak izan daitekeena. Zurtoin eta adarretan ile ugari agertzen dira, bi motatakoak: batzuk luzeak, eta besteak motz eta okertuak. Arantzak ere badituzte, zuzenak edo okertuak izan daitezkenak. Arantza primarioak txandakatuak dira, zurrunak, glabroak eta 3 cm izan ditzakete. Sekundario eta tertziarioak, taldekatu egiten dira primarioen oinarrian eta hauek baino motzagoak izaten dira.

5-8 mm arteko filodio primarioak erakusten dituzte, lantza itxuradunak, arantzadunak, zilioekin hertzeetan, glabroak; eta sekundarioak lantza linear itxuradunak, haien arantza bezain luzeak direnak gehienetan. Profiloak 0,5-1,5 mm-koak dira, obalatu edo obalatu lantzadunak, pubeszenteak eta pedizeloa 3 mm-koa. Kalizak, 9-12 mm arteko luzera dauka, ezpainak etengabe estutzen direlarik oinarrira hurbiltzean, ile motz eta dentsitate aldakorrekoak eta goialdeko ezpaina 2-4 mm-ko lodierarekin. Fruitua, leka da kaliza baino pixkat txikiagoa izaten da, obalatua eta 1-4 hazi ditu, ile luze eta bigunekin.

Iberiar Penintsulan, bi ploidia maila desberdin agertzen dira: 2n = 64 eta 2n = 96. Desberdintasun hauek kalizaren diferentzia txikiekin eta gune geografikoarekin erlazionatzen dira. Hau dela eta, 2 subespezie kontsideratzen dira: Ulex gallii gallii eta Ulex gallii breoganii

Kalizaren tamaina 10,5-12 mm artean badago eta goialdeko ezpaina 2,5-4 mm-ko lodiera badauka, gallii subespeziea da. Aldiz, kalizaren tamaina 9-10 mm artean badago eta ezpain nagusia 2,5-3 mm-ko lodiera badauka, breoganii subespeziea da.[4]

Ulex europaeus espeziearen ilustrazio bat

Ulex europaeus L.

Ote zuria (Ulex europaeus) 2,5 m ingurura irits daitekeen zuhaixka da, oso arantzatsua eta agerian ez zaizkio hostoak ikusten. Zutituak edo herrestariak izan daitezke, adarkadura zabal edo konpaktudunekoak. Adar gazteak, ile luze eta nabarmenez, eta labur eta adpresoz osatuta daude. Horrez gain, arantza primarioak 4cm-koak izan daitezke, zurrunak eta zuzen edo pixka bat okertuak, eta sekundarioak eta tertziarioak, askotan primarioen oinarrian txertatuta, faszikulatuak izaten dira, bereziki landarearen alde basalekoak.

Loreek, korola horiak dituzte, papilionazeo motatakoak eta estandarte izeneko petalo oso garatuak izaten dituzte. Kaliza, nabarmenki iletsua izaten da, ile luze eta lodiak dituena. Honekin jarraituz, kalizak, oinaldean, bi brakteola ditu, 2 mm baino zabalagoak direnak eta Ulex gallii espeziearenak baino handiagoak direnak. Fruitua, ile luzez gaineztatutako leka laburra da. Filidio primarioak zurrunak izaten dira, arantza txikikoak eta ilegabeak, ilaundunak edo ile luzedunak. [1]

Ulex europaeus, lurzoru azidoetan aurkitzen da, gehienetan ingurune onbrofilo hezeetan, eta muinoetan zein mendietan aurki daiteke, baina azken honetan ohikoagoa da U. gallii.

Horrez gain, Ulex europaeus-en populazioak, ingurumen baldintzak direla eta, morfologikoki desberdinak izan daitezke. Itsaslabarretan edo itsasotik hurbil bizi direnak, haize bortitzen menpe daudenez, tamaina txikikoak izaten dira eta adarkadura labur eta lodiak izaten dituzte. Bestalde, baldintza hauek jasan ezin dituztenak, indartsu hazten dira eta zuhaixken tamaina izatera heldu daitezke.[5]

Ulex minor Roth

Ote beltza (Ulex minor) 2 m-ko altuera izan dezakeen zuhaixka da, eta adarkadura irekia duena. Bere adarrak eta zurtoina iletsuak dira, eta ile hauek bi motatakoak izan daitezke: luzeak eta ikusgarriak edo motz eta adpresoak(beste organo batera hurbildua). Arantza primarioak 2 cm izan ahal dituzte, zuzen edo okertuta egon daitezke; eta arantza sekundarioen berdinak edo luzeagoak izan daitezke. Arantza sekundarioak eta tertziarioak ere badituzte, hauek meheagoak izan ohi dira, batzuetan pila bat egon daitezke; eta fase primarioan faszikulatuta daude. Bestalde, filodio primarioak zurrun, arantzadunak, zuzenak edo zuzen-triangeluarrak eta iletsuak izan daitezke. Filodio sekundarioak, gainera, arantza bezain luzeak izan daitezke. Brakteolak 0,5-1 mm artean neurtzen dute, eta pedizeloa baino estuagoak izaten dira. Pedizeloa, bere aldetik, 1,5-5 mm artean egoten dira. Kaliza iletsua da, eta 7-8,5mm artean neurtzen du. Estandartea 7-10 edo 4,5-7 mm artean egon daiteke. Ploidiari dagokionez, diploideak dira; 2n = 32.

Ekologia eta banaketa geografikoa

Txilardi eta sastrakadietan aurkitu daitezkeen zuhaixkak dira, normalean itsasaldean eta lurzoru azidoetan hazten dira. Banaketa geografikoari dagokionez, Ulex generoko espezieak Europako mendebaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean aurki daitezke, baina espezie gehienak Iberiar penintsulan zehar hedatuta daude.

Erabilerak

Garai batean, hainbat erabilera eman ohi zitzaien Ulex generoko landareei: okinen labeetan erregai bezala erabili ohi zen, eta landareen errautsak ere oso erabilgarriak ziren detergente moduan erabiltzen zuten, alkalietan aberatsak direlako. Gainera, buztinarekin nahastuz gero, xaboia lor daiteke. Bestalde, adarren kimuak tea egiteko erabili daitezke; eta loreetatik tindagai horia ekoiztu daiteke.

1886an, A. W. Gerraldek ulexina izeneko alkaloidea aurkitu zuen Ulex generoko landare baten hazian. Ulexinak antzekotasun handia du zitisina izeneko alkaloidearekin, Cytisus laburnum landaretik erauzi zena.

Ulexinak sodio kanalak blokeatzen ditu, horregatik agente antiarritmiko bezala sailkatu da; hala ere, ez da gizakietan erabiltzen. Ikerketa berrien arabera, aktibitate antifungikoa ere aurkitu zaio ulexinari, izan ere, patogenoen aurkako defentsa eskaintzen du. Gainera, landarearen defentsa mekanismo bat izan daiteke, intsektuengan disuasio-efektuak sortzen baititu. Ulexina beste taldeetako landareetan aurki daiteke, esaterako, Genisteae tribuko eta Lupinus generoko espezie batzuetan.[6]

Erreferentziak

  1. «Ulex» www.unavarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  2. Pardo, C.; Cubas, P.. (1988). Morfología de las semillas de género Ulex L. (Genisteae, papilionoideae). ISSN 0210-7708. (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  3. «Flora Vascular - Toda la información detallada sobre la Flora Vascular | BioScripts.net» www.floravascular.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  4. «Flora Vascular - Toda la información detallada sobre la Flora Vascular | - Especie: Ulex gallii | BioScripts.net» www.floravascular.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  5. «Ulex europaeus: argoma,tojo, otea» www.cfnavarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).
  6. (Ingelesez) «Uses of the golden gorse» Pharmaceutical Journal (Noiz kontsultatua: 2019-03-21).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.