Ukrainar oligarka

Ukrainar oligarkak dira, Sobiet Batasunaren desegitearekin eta 1991ko Ukrainaren independentzia-erreferendumaren ondoren, Ukrainan izugarri aberatsak bilakatu diren enpresaburuen elitea. Errusiako 1990ko aldaketa ekonomikoetan bertako aberats berriei aplikatu zitzaien lehen aldiz oligarka terminoa, baina gainerako errepublika sobietar ohietan ere erabiltzen da, Ukrainan bereziki.

Petro Poroshenko, Ukrainako presidente izandakoa, eta herrialdeko pertsonarik aberatsenetakoa.

Oligarka aberatsenak

2021eko kalkuluen arabera, Ukrainako 10 enpresaburu aberatsenek 22.300 milioi dolar inguru kontrolatzen dituzte, Ukrainako BPGren %14 ia. Ehun aberatsenen kopurura hedatuz zerrenda, 44.500 milioi dolar dira, BPGren %27[1][2]. Hamar aberatsenak hauexek lirateke:

Maila Oligarka Balioa Oharrak
1. Rinat Akhmetov 7.600 milioi dolar Energiaren, ikatzaren eta burdin mineralaren meatzaritza, metalurgia, hedabideak
2. Viktor Pintxuk 2.500 milioi dolar Altzairua, hedabideak
3. Kostiantyn Zhevago 2.400 milioi dolar Banka, ibilgailuen fabrikazioa, burdin mineralaren meatzaritza
4. Ihor Kolomoysky 1.800 milioi dolar Banka, petrolio gordina
5. Hennadi Boholiubov 1.700 milioi dolar Banka
6. Oleksandr eta Halyna Hereha 1.700 milioi dolar Txikizkako merkataritza
7. Petro Poroxenko 1.600 milioi dolar Ibilgailuak, jantziak (presidente izandakoa)
8. Vadym Novynsky 1.400 milioi dolar Metalurgia, ontzigintza
9. Oleksandr Jaroslavski 820 milioi dolar Lur jabetza eta eraikuntza, metalurgia
10. Juri Kosiuk 780 milioi dolar Nekazaritza, elikagaien industria

Beste izen nabarmen batzuk: Serhi Tihipko, Mikola Jankovski, Serhi Taruta.

Politika eta plutokrazia Ukrainan

Hamar aberatsenen artean nabarmentzekoa da Petro Poroxenko presidentea ere agertzea. Ez da kasu bakarra plutokrata ukrainiarrek zuzenean politikan parte hartzen dutena: Julia Tymoxenko lehen ministro izandakoari Gasaren Printzesa esan izan diote Ukrainan: 1990eko hamarkadan orduko Pavlo Lazarenko lehen ministroak ahalbidetu zion aberastea, Ukrainako enpresen akzioen trukean gas errusiarra saltzen zuen enpresa bat sortuz[3]. Halyna Hereha Kieveko agintari nagusi izan da, denda kate handienaren jabe izatearekin batera.

Ukrainako zatiketa politikoan, pro-errusiar eta nazionalista/mendebaldetar zatiketak gertatu izan dira oligarka ukrainarren artean, nork bere aldeko politikoak babestu izan dituelarik. Hala ere, 2022ko krisi eta gerraren kontestuan, Ukraina independentearen alde azaldu dira, horien artean Rinat Akhmetov (aberatsena)[4].

Erreferentziak

  1. «100 богатейших украинцев 2021 — Forbes.ua» forbes.ua 2021-05-06.
  2. «Report for Selected Countries and Subjects» IMF.
  3. (Ingelesez) «Ukraine-Russia gas deal: Tymoshenko's biggest bet» Reuters 2011-10-11 (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).
  4. (Ingelesez) Tognini, Giacomo. «Richest Ukrainians With Billions To Lose Close Ranks As Putin Unleashes War» Forbes (Noiz kontsultatua: 2022-03-01).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.