Ugarte dorretxea
Ugarte dorretxea —Jauregia izenez ere ezaguna— Arabako Laudio udalerriko dorretxe bat da. Ugarte auzoan dago, izen bereko kalean. Jabetza pribatukoa da, eta ezin da bisitatu. 2018ko otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Arabako eskualde kantabriarreko dorreak monumentu-multzo sailkapenaren barnean.
- Artikulu hau Amurrioko dorretxeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ugarte (argipena)».
Ugarte dorretxea | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Araba |
Herria | Laudio |
Koordenatuak | 43°08′50″N 2°58′09″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XV. mendea |
Arkitektura | |
Ondarea | |
EJren ondarea | 18 |
Historia
XV. mendean eraiki zuten, defentsarako. Ugarteko Ozpina sendiaren oinetxea izan zen; Anuntzibai jauregiko Anuntzibai sendiarekin batera, Erdi Aroko Laudioko bi familia boteretsuenak.[1]
Garai batean Laudion egon ziren hamar dorretxeetatik gaur egun arte zutik iritsi den bakarra da.[1]
Eraikina
Harginlanez eraiki zen eta izkinak harlanduz eginak ditu. Dorreak oinplano karratua du, 12,10 x 9,70 m inguru, eta lau solairu; guztira, 12 metro baino gehiagoko garaiera du[1]. Ipar-ekialde eta hego-mendebalderantz begira dago, eta lau isurkiko estalkia du.
Mendebalde eta ekialdeko altxaeretan, eraikin bina atxikitzen zaizkie: lehenengoa XX. mendearen erdiko hamarkadetan egindako etxebizitza da, interesik gabekoa, eta bigarrena XVI. mendeko eraikina da, interes handikoa. Dorrearen sarbide nagusia, arku zorrotza duena, ekialdeko horman dago kokaturik, lehenengo solairuan eta, gaur egun, eraikin erantsiaren barruan dago. Dorrea hareharri eta kareharrizko harlangaitzez eginda dago batez ere, askotariko akaberatakoak, bai eta harri mota bereko harlanduzko obra ere eskantzu eta baoetan. Hainbat bao molde ditu. Multzoaren kanpoko sarrera nagusia eraikin erantsiaren hegoaldeko horman dago; kareharri-harlanduzko arku zorrotza du, harrizko mandio zahar baten hondakinekin bat etor litekeena. Bao berankorrez gain, gezileiho pare bana dago ipar eta mendebaldeko aurpegietan; lehenengo solairuan, ertz alakatuak diten leiho buruduna dago, puntadun abiaburuekin, baita molduradun erlaitz bat ere hegoaldeko horman; egungo bigarren solairuan, gezileiho bana dago mendebalde, ipar eta ekialdeko hormetan; goiko gelan, berriz, honakoak aurki daitezke: oxkardun leiho biki zorrotza eta leiho sabeldu bat beste altuera batera hegoaldean, leiho konopial bat ekialdean, muturrean konopio txikiak dituen leiho biki zorrotza iparraldean eta, horrez gain, hainbat gezileiho ipar eta ekialdean. Goiko zatian, horma-zulo gisako hainbat hozka bereiz daitezke, aurreko teilatua eutsiko zuten besoen zuloenak izan litezkeenak. Egun, estalkia buru ildaskatudun habeen gainean dago ezarrita, mudejar-erara; halere, horiek ez daude beren jatorrizko kokapenean. Dorrean zein eraikin erantsian, barne-egitura neurri handi batean gorde da.
Eranskinak hiru solairu ditu: beheko biak dorrearen antzeko material eta adreilu-zoladurekin daude eginda; goiko solairua adreiluzkoa da, eta zurezko bilbadura du, zeinaren larako eta junturak direla eta, XVI. mende amaierakoa edo XVII. mendekoa izango den. Eraikin honen gutxi gorabeherako dimentsioak 15,90 x 9,50 m dira. Sarbide nagusia multzoaren kanpoko sarrera nagusiaren berdina da, nahiz eta lehenengo solairuak beste ate txikiago bat izan, arku zorrotz samarrarekin. Eraikinak XVI. mendeko dolare baten hondakinak gordetzen ditu bere zurezko egituran, egoera onean gainera. Harlandu soileko zenbait leiho daude, baita zurezko markoak dituztenak (batez ere adreiluz egindako zatian) eta tamaina handiagoko modernoagoak ere.
Duela gutxira arte horren aurrean dorreari zegokion jauregi bat ere egon zelako lekukoak daude. Horrez gain, jada desagertutako ermita bat ere egon zen, San Martini eskainitakoa, bai eta dorrearen armarria ere.
- Bi eraikinen goialdearen xehetasuna
- Sukaldea
- Egongela
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- «Laudio/Llodio», Aiaraldea.org
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |