Udazkena Hudson ibaian
Udazkena Hudson ibaian (ingelesez: Autumn-on the Hudson River, 1860) Hudson Ibaiaren Eskolaren partaidea zen Jasper Francis Cropsey paisaia-margolari estatubatuarraren lana da. Olio mihise gaineko teknika erabilia egin zuen, 1860an. Egun Washingtongo Arte Galeria Nazionalean gordetzen da. Jasper F. Cropseyk Estatu Batuetako udazkenetako paisaien margolaririk onena izatearen ospea izan zuen bere garaian, bai publikoaren aldetik, bai kritikaren aldetik.[1]
Udazkena Hudson ibaian | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Jasper Francis Cropsey |
Sorrera-urtea | 1860 |
Izenburua | Autumn - On the Hudson River |
Mugimendua | Hudson Ibaiaren Eskola |
Jatorrizko herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | olio-pintura eta Margo-oihala |
Dimentsioak | 151,8 () × 274,9 () cm |
Genero artistikoa | paisaia margolaritza |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Deskribapena | |
Kokapena | |
Lekua | Washingtongo Arte Galeria Nazionala |
Bilduma | Washingtongo Arte Galeria Nazionala |
Inbentarioa | 1963.9.1 |
Historia
Margolan hau Jasper F. Cropseyk Britainia Handian 1856 eta 1863 urteen artean egindako bigarren egonaldian egin zen. Cropsey plein air pinturaren aldekoa izan arren, argi dago mihise hori buruz margotu zuela Londresko bere estudioan. Mihisea erakusteko prest egon zen 1860ko udan. Cropseyk liburuxkak banatu zituen, koadroak urri hilabetea irudikatzen zuela azalduz, arratsaldeko hiruretan gutxi gorabehera, egun bero batean.
Gainera, margolariak Hudson ibaiaren haraneko zuhaitz autoktonoen hostoekin egindako muntaia bat jarri zuen erakusketa-aretoan, mihisean erakutsitako kolorea gehiegikeria ez zela erakusteko, udazkeneko koloreak udazken ingelesekoak baino askoz biziagoak baitira Estatu Batuetako alde hartan.[2]
Ezaugarriak
Olio-pintura mihise gainean da; 151,8 x 274,9 zm. ditu. Sinadura moduan, margolanaren beheko aldean, zera irakur daiteke: "Autumn, -on the Hudson River / J. F Cropsey / London 1860".
Margolan honetan, Cropseyk goi-puntu batetik jaso zuen paisaia, hegoekialderuntz, Hudson ibaira eta Storm King mendira (New York) begira (eskuinean). Lehen planoan, leku eguzkitsu bat dago, eta, handik, zuhaitzak alde banatan dituela, erreka txiki bat doa. Hiru ehiztari beren txakurrekin eguzkiaren argiari begira daude.
Errekan zehar, gizakiaren eta naturaren arteko bat-etortze harmonikoaren zantzuak daude: enbor-txabola txiki bat, ardiak, haurrak zubi batean jolasean, eta behi batzuk, patxadaz errekastotik ura edatera sartzen direnak. Hemen gizakia ez da konkistatzaile bat, ezta naturaren morroi bat ere: biak harmoniaz bizi dira.
Udazkeneko eszenak bizitzaren iheskortasunarekin lotu ohi diren bitartean, Cropseyren pintura hau Estatu Batuetako paisaiaren ospakizun pozgarri bat bezala ikus daiteke.
Erreferentziak
- Wilton, Andrew, Barringer, Tim; American Sublime, Landscape Painting in the U.S.; Princeton University Press; Princeton-2002; ISBN 0-691-09670-8, 137. or.
- Novak, Barbara et al.; Explorar el Edén. Paisaje americano del siglo XIX; Madril-2000: Fundación Colección Thyssen-Bornemisza; ISBN 84-88474-71-7, 114.or.
Kanpo estekak
- (Ingelesez):Margolanaren fitxa Portlango museoan.