Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak
Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak (gaztelaniaz: Municipios Autónomos Rebeldes Zapatistas, MAREZ) Mexikoko Chiapas estatuko lurralde txiki batzuk dira, zapatistek kontrolatuak, 1994ko abenduan deklaratuak. EZLNk, egitura militarra den aldetik, adierazi du ez duela parte hartzen autogobernuzko eremu horietan, beren printzipioetan ez baitago boterea hartzea, eta, beraz, Batzorde Indigena Klandestino Iraultzaileko ezein agintari edo kidek ezin duela eremu horietan aginte edo gobernu kargurik bete.[1]
Lurralde horiek udalerri ofizialen barruan daude; lurralde horietako batzuk, baita udalerri berberaren barruan ere, hala nola San Andres Larrainzar eta Ocosingo. Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak kontseilu autonomoen bidez koordinatzen dira, eta helburu nagusi dute beren lurraldeetan hezkuntza eta osasuna sustatzea. Lantzen dituzten beste arlo batzuk: lurreko, laneko eta merkataritzako arazoak; etxebizitzaren eta elikagaien gaiak; kultura sustatzea (batez ere hizkuntza eta tradizioak) eta justizia administratzea.[2]
Aurrekariak
Gehien-gehienbat Mexikoko hegoaldeko Chiapasko indigenek osatutako talde armatu bat 1994an matxinatu zen, neurri batean Mexikoko Gobernuak NAFTA edo Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Ituna sinatu izanari erantzunez, beren lurrak aldarrikatzeko, Nazio Askapenerako Armada Zapatistaren ahanzturaren aurkako gerra deitu zuten horretan. Horrela, hainbat herri matxinatu ezarri zituzten, itxuraz Mexikoko legetik kanpo funtzionatzen dutenak eta komunitateen arteko tokiko garapena xede dutenak.
Banaketa
2003az geroztik, Udalerri Autonomo Matxino Zapatistak caracoles izeneko talde txikiagoetan koordinatu dira. Caracol horiek ezarri baino lehenago, neozapatistek aguascalientes deitura erabiltzen zuten 1994ko abuztuaren 8an EZLNk deitutako Konbentzio Demokratiko Nazionala egin zen lekua izendatzeko; deitura horren bidez, aipamena egin zioten 1914an Emiliano Zapataren eta Francisco Villaren armaden aliantza gertatu zen lekuari.
Udalerri Autonomo Matxino Zapatista | Caracol delakoa | Aurreko izena (Aguascalientes) | Talde indigenak | Kokatuta dauden gunea eta udalerriak | |
|
Gure ametsen itsasoko barakuiluen ama | La Realidad | tojolabalak, tzeltalak eta mameak | Mugako oihana. Ocosingo, Marques de Comillas. | |
|
Gure hitzen zurrunbiloa | Morelia | tzeltalak, tzotzilak eta tojolabalak | Tzots Choj Altamirano, Comitan | |
|
Egunsenti berri bateranzko erresistentzia | La Garrucha | tzeltalak | Tzeltal oihana. Ocosingo, Altamirano. | |
|
Guztientzat hitz egiten duena | Roberto Barrios | cholak, zoqueak eta tzeltalak | Chiapasko iparraldeko zona: San Andres Larrainzar, El Bosque, Simojovel de Allende | |
|
Erresistentzia eta matxinada gizateriaren alde | Oventic | tzotzilak eta tzeltalak | Altos de Chiapas, San Andres Larrainzar, Teopisca | |
Iturria: Hidalgo, Onésimo eta Castro Soto, Gustavo. Cambios en el EZLN. CIEPAC, 2003. |
Funtzionamendua
Mugimenduaren aldekoek diotenez, Udalerri Autonomo Matxino Zapatistetako lege edo arauak ez dituzte agintariek onartzen, komunitateetako ordezkariak koordinatuz gobernu parte hartzailea osatzen saiatzen diren Gobernu Oneko Batzordeek baizik. Hainbat komunitatetan, batzar orokorrak egiten dira astebetez, komunitatearen hainbat gai erabakitzeko. Batzarrak guztientzat zabalik daude, burokrazia formalik gabe. Komunitateek hartutako erabakiak, ondoren, hautetsiei pasatzen zaizkie, eta horien lana da erabakia ordezkari batzorde bati ematea, informaziotzat. Ordezkariak ezezta daitezke, eta txandaka aritzen dira. Horrela lortu nahi da jende asko izatea bere ikuspuntuak adierazteko gai.
Afiliazio politikoa
Neozapatistek ezkerrekoak direla aldarrikatzen dute, beste ezein ideologia politiko zehatzi atxiki gabe. Hala ere, Udalerri Autonomo Matxino Zapatisten funtzionamenduak baditu ezker tradizionalarekiko desberdintasun programatiko batzuk: zapatismoan eta magonismoan inspiratutako indigenismoa aldarrikatzen dute, sozialismo autogestionatuaren, marxismo autonomoaren eta anarkismoaren ekarpenekin.
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz) Muñóz Ramírez, Gloria. (2003). 20 y 10 el fuego y la palabra. Revista Rebeldía y Demos, Desarrollo de Medios, S.A. de C.V. La Jornada Ediciones.
- CHIAPAS: LA TRECEAVA ESTELA. Quinta parte: Una historia. Julio de 2003.
Ikus, gainera
- Nazio Askapenerako Armada Zapatista
- Neozapatismoa
- Rojava
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Bordiga, Amadeo. «Los Municipios Autónomos Zapatistas» Vigo: Cantón Libre Asociado bloga 2005-02-18. Artikuluaren izenburuaren euskarazko itzulpena: «Udal Autonomo Zapatistak».
- (Gaztelaniaz) Villarreal, Ginna. «Atención a la salud organizada desde abajo: la experiencia zapatista» The Narco News Bulletin 2007-03-12. Artikuluaren izenburuaren euskarazko itzulpena: «Antolatutako osasun arreta, behetik: esperientzia zapatista».
- (Gaztelaniaz) Coppin, Murielle. «El comercio es de todos y nace de todos» The Narco News Bulletin 2007-01-16. Artikuluaren izenburuaren euskarazko itzulpena: «Merkataritza denona da eta guztiongandik sortzen da».
- (Gaztelaniaz) Howard, Amber. «Los zapatistas muestran al país y al mundo su sistema de escuelas autónomas» The Narco News Bulletin 2007-02-27. Artikuluaren izenburuaren euskarazko itzulpena: «Zapatistek herrialdeari eta munduari erakusten diete beren eskola sistema autonomoa».