ULMA Architectural Solutions
ULMA Architectural Solutions, ULMA Taldea osatzen duten 9 elkarte kooperatiboetako bat da. Eraikuntzaren alorrean jarduten du eta drainatze eta arkitekturarako produktu aurrefabrikatuak sortzen ditu: fatxada aireztatuak, itxitura industrializatuak, aurrefabrikatu pertsonalizatuak eta hiri-altzariak.[1][2]
ULMA Architectural Solutions | |
---|---|
Datuak | |
Mota | negozioa |
Jarduera sektorea | eraikuntza |
Jarduera | |
Enplegatuak | 180 |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | kooperatiba |
Jabea | ULMA Taldea |
Historia | |
Sorrera | 1990 |
webgune ofiziala |
Historia
1957an, mekaniko gisa lan egiten ari ziren sei gaztek tailer txiki bat sortu zuten Oñatin (Gipuzkoa), inguruko txokolate industriari zerbitzu emateko. Hurrengo urteetan behin baino gehiagotan bildu ziren Jose Maria Arizmendiarrieta Arrasateko apaizarekin. Eta1961an kooperatiba bat egitea erabaki zuten. Izena jartzeko Fagor Etxetresnak izendatzeko modu bereari heldu zioten. Cooperativa Industrial Talleres ULMA S.C.I. jarri zioten, sei langileen abizenetako lehen letra erabilita. Pedro Ugarte, Isidro Mendiola, Ignacio Maiztegi eta Julián Ayastuy izan ziren sortzaileak, gehi Esteban eta Julian Lizarralde anaiak.
ULMAren lehenbiziko produktua txokolatea biltzeko makinak izan ziren (alor horretan jarraitzen du lanean ULMA Packaging kooperatibak) baina enpresa zabaldu eta urte gutxira hasi ziren beste sektore batzuetan ere lan egiten. 1963an eta Espainian lehen aldiz, aldamio prefabrikatu bat patentatu zuten, JJEIP izenarekin. Beste hainbat produktu etorriko ziren gero, tartean, eraikuntzarako bridak edota orga jasotzaileak, eta produktu horien inguruan beste hainbat kooperatiba sortuko ziren, ULMA taldea osatzeraino. 1990. hamarkadan zehar hartu zituen taldeak gaur egun dituen itxura eta egitura.
1990ean sortu zen, hain zuzen, ULMA Hormigón Polímero izeneko negozioa. Drainatzerako kanalak eta leiho-isurkiak egiten zituen eta ULMA Construcción kooperatibaren eskuetan zegoen. 1991an zabaldu zituen bere instalazio propioak eta hormigoi polimerozko pieza prefabrikatuak fabrikatzeari ekin zion. Material ia ezezaguna zen Espainian eta ingelesezko “polymer concrete” hura nola itzuli ez zekitenez, hasiera-hasieran “material colado” deitu zioten.
Sortu eta bost urtera, 1996an, utzi zion kooperatibak ULMA Construction-en menpeko izateari eta orduan sortu zen ULMA Hormigón Polímero (gerora ULMA Architectural Solutions). 1997rako sare komertzial sendoa zeukan. Hainbat produktu egiten ditu, tartean, arkitekturarako pieza prefabrikatuak eta 2001. urtetik aurrera baita fatxada aireztatuak ere. Urte horretan zabaldu zuen Oñatiko Zubillaga auzoan daukan 12.000 m2-ko egoitza[3].
Zifra ekonomikoak
2023an ULMA Architectural Solutions-ek 250 langile ditu. ULMA Taldeak, bere aldetik, mundu osoko 80 herrialdetan egiten du lan, 5.500 langile ditu eta 1.000 milioi euroko negozio bolumena.[4] Honako hauek dira ULMA Taldearen beste negozioak: ULMA Agrícola, ULMA Construction, ULMA Carretillas Elevadoras, ULMA Conveyor Components, ULMA Handling Systems, ULMA Packaging, ULMA Forged Solutions, eta ULMA Embebbed Solutions.
Enpresaren egungo egoera
Portugalen, Frantzian, Brasilen, Alemanian, Erresuma Batuan, Italian eta Ameriketako Estatu Batuetan dituen dituen eskumendeko enpresen bidez, ULMA Architectural Solutions-ek munduan zehar eskaintzen ditu hormigoi polimeroz egindako produktuak. Kanalizaziorako eta drainatzerako hoditeria eta baliabideak; arkitektura alorreko prefabrikatuak (leiho-isurkiak, horma-txapelak, forjatu fronteak, balkoi-erremateak…); fatxadetarako itxiturak (isolamendu termikoa eta akustikoa lortzeko fatxadetarako geruzak); eta fatxada aireztatuak (eraikinak janzteko apaingarriak, ganbera aireztatuak sortzen dituztenak). Hormigoi polimeroa silizieen eta kuartzoen agregatuetatik abiatuta egiten da, poliester erretxinaren bidez eta ohiko hormigoia baino sendoagoa izateaz gain, pieza finagoak egiteko egokiagoa ere bada[5][6][7]. Jardun horretatik lortzen dituen etekinen parte bat gizarte erantzunkinaren alorrera bideratzen du, besteak beste, ULMA Taldeak 2010. urtean sortu zuen ULMA Fundazioaren bidez. Fundazio honek taldearen etekinen %10a kudeatzen du eta gizarte laguntzara edo interes publikoa duten kultur eta kirol proiektuetara bideratzen du[8][9].
Ziurtagiriak eta kalifikazioak
- Drainatzerako kanalak: ULMAren drainatzerako kanalak UNE EN 1433 arau kontutan hartuta diseinatzen dira eta Komo agiria daukate[10].
- Fatxada aireztatuak: DIT 476R/10 agiria. Horrez gain, Eraikuntza Zientzietako Eduardo Torroja Institutuak Egokitasun Teknikoaren agiria aitortu die eta hormigoi polimerozko fatxada aireztatuek Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzen dute. Horrez gain, jasangarritasuna neurtzen duen Leed agiria lortzeko eraikin batek behar dituen 110 puntuetatik 32 ematen dituzte[11].
- Arkitektura alorreko prefabrikatuak: Guztiek daukate Aenor agentziak ematen duen EN 14617 kalitate agiria eta Tecnaliaren egiaztapena[12].
- Itxiturak: Fatxadak ixteko sistemak “Light gauge steel framing” izeneko teknologian oinarritzen dira. A eta A+ kategoriak dituzte Breeam sailkapenean (ingelesezko Building Research Establishment Enviromental Assesment Methodology).
- ULMA Zuzendaritza Batzordearen parte da, Eraikune Eraikuntzaren Klusterrean[13]
- Material onenei ematen zaien Arkitekturaren eta Eraikuntzaren NAN Sariak lortu ditu birritan, 2010ean eta 2013an[14].
- 2015. urtean, berriz, banatzen diren lau diplometatik bat lortu zuen Berrikuntza Teknologikoaren Construmat Sarietan[15]
Proiektuak
- Hainbat etxetako fatxada aireztatuak, besteak beste, BBK-ren Bilboko zahar-etxekoak[16].
- Kultura edo aisialdira bideratutako hainbat eraikinetan ere bai, tartean, Rio de Janeiroko Irudiaren eta Soinuaren Museoan [17] edo São Pauloko Portoseguro Antzokian, Brasilen[18]
- Eraikinen zaharberritzea fatxada aireztatuak erabilita Cornellán (Bartzelona)[19] [20]
- Drainatzerako kanalak Milango Arese zentro komertzialean (1.100 metro kanal lurrazpiko aparkalekuan)[21]
- Campofrio etxeak Soriako Olvega herrian pizza izoztuak egiteko daukan 50.000 m2-ko fabrikan; Camp Nou estadioaren sarbideetan; Bilboko Guggenheim museoan; eta hainbat aeroportutan, tartean, Barajas, Malaga edo Sao Paulo Guarulhos
- Terrazen errehabilitazioa, harrizko akaberarekin Bartzelonako eraikin zahar batean.
- 2016. urtetik, ULMA Architectural Solutions-ek barne estaldurentzako soluzioak ere eskaintzen ditu, kolore, bukaera, uki eta formato askotarikoak[22].
Erantzukizun sozial korporatiboa
ULMA Architectural Solutions Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideei, lanari, ingurumenari eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruz egindako adierazpenetatik eratorritako Mundu Itunaren 10 printzipioei atxikita dago.[23] 2010ean, ULMAk ULMA Fundazioa sortzen lagundu zuen, eta, horren bidez, bere irabazien % 10 bideratzen du interes publikoko laguntza-, kirol- edo gizarte- eta kultura-proiektuetara.[8] Geroztik, dozenaka proiektu lagundu ditu helburu sozial batekin, hala nola Txernobilgo haurrei harrera egitea (Banoia Txernobilekin elkartea), Nikaraguako garapenerako lankidetza proiektuak (AMS elkartea) edo Bogotako haur ezinduei laguntzea (Kainabera Solidaridad). Horrez gain, GKEekin eta laguntza izaerako elkarteekin lan egin du, hala nola Gautena (Autismoaren Gipuzkoako Elkartea), Aspace (Garun Paralisiaren Arretarako Elkarteen Konfederazioa) edo Ademgi (Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea); baita bere ingurune geografikoari lotutako hezkuntza, euskara eta kultura arloko beste elkarte batzuekin ere (Oñatiko Haur Ikastetxea, Arizmendi Ikastola edo Mondragon Unibertsitatea, besteak beste).
Erreferentziak
- Sistemas prefabricados en hormigón polímero. .
- (Gaztelaniaz) «El Grupo Ulma llega a un acuerdo por 314 millones para impulsar su crecimiento» ELMUNDO 2015-07-21 (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
- Ulma Architectural Solutions cumple 25 años. .
- (Gaztelaniaz) «Ulma, un volumen de negocio de 900 millones con presencia en 81 países» Crónica Vasca 2022-12-16 (Noiz kontsultatua: 2023-03-09).
- Vierteaguas recto de homigón polímero. .
- Canal Compacto ULMA Compaqdrain. .
- ULMA Architectural Solutions SRL potenzia la sua presenza in Italia. .
- Nuestros socios. .
- Colaboraciones. .
- Ulma consigue la certificación KOMO. .
- Las fachadas de ulma contribuyen a la obtención del certificado leed para edificios sostenibles. .
- Innovación en la envolvente arquitectónica. .
- Asociados. .
- Ulma Architectural Solutions, galardonada con el Premio NAN 2013 a los mejores materiales. .
- (Gaztelaniaz) «Un sistema de cerramiento autoportante multicapas que resuelve la envolvente completa del edificio requerida en cada caso» construnario.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
- Residencia con 6.000 metros cuadrados de fachada ventilada en Bilbao. .
- Fachada ventilada ULMA en mis de Río de Janeiro. .
- Instalados 3.000 ml de fachada ventilada de hormigón polímero en el Hotel Portoseguro de São Paulo. .
- 14.000 metros rehabilitados con fachada ventilada ULMA. .
- Fachada ventilada. .
- Ulma instala un sistema de drenaje en un centro comercial italiano. .
- Rehabilitación de terrazas con prefabricados de acabado pétreo. .
- Fundación ULMA, Informe de progreso 2014. Red Pacto Mundial