Txuma Murugarren
Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964ko ekainaren 8a) euskarazko abeslari, zutabegile eta blogari gipuzkoarra da, hainbat urtetatik Bizkaian bizi dena.
Txuma Murugarren | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Errenteria, 1964ko ekainaren 8a (59 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | abeslaria, gitarra-jotzailea eta idazlea |
Musika instrumentua | ahotsa |
Musikaren arloan, 1990ean "Sasoi Ilunak" taldearen ibilibidea hasi zen, bera bertako abeslaria izanda. Hamar urte geroago bakarkako lanari ekin zion, beste abeslari eta musikariekin kolaborazioak ere eginez.
Biografia
Hitzak eta doinuak bat egitetik sorturiko osotasunaren emaitza gisa hartzen bada kantua, Txuma Murugarren kantu egile petoa da, bata eta bestea loturik baitaude ezinbestean haren sorkuntzan. Galeraz, denboraren iraganaz, heriotzaz, arroztasunaz, galdutako xalotasunaz eta bestez idatzi ohi du Murugarrenek, eta gehienetan goibel, malenkoniatsu eta gazi-gozoak suertatzen diren doinuekin janzten ditu hitzak, ahots lakarrez abestuta. Hala ere, tarteka beste idazle batzuen poemetara ere jo izan du; Karmelo F. Gañan, Angel Erro eta Xabi Bordaren poemetara, adibidez.
Gipuzkoarra izan arren, Bizkaian eman ditu Murugarrenek bizitzako urte gehienak. Ortuellan sortu zuen, hain zuzen, Sasoi Ilunak, beste lagun batzuekin batera. Ez zen izan Murugarrenen lehen taldea, baina bai, ordea, oihartzun handiena lortu zuena. Batez ere, 90eko hamarkadaren amaiera aldera izan zuen taldeak oihartzuna. Bere diskorik entzutetsuena kaleratu ostean Harakina (Oihuka, 1998), taldea gelditu egin zen berriz, eta Murugarrenek bakarkako bideari ekiteko baliatu zuen unea, Oihuka diskoetxearen bultzadaz. Nahiko modu azkarrean eta Lau Behi taldeko musikariekin grabaturiko disko batekin aurkeztu zen bakarlari gisa, Nire leihoak diskoarekin (2000). Lan akustikoa eta biluzia zen, oinarrizkoa, apaingarririk gabekoa, Murugarrenek hurrengo urteetan eskaini behar zuenaren lehen zirriborroa. Sasoi Ilunak taldearen azkenengo lanak izandako harrera onak lagundu zuen Nire leihoak ere arretaz hartua izan zedin.
Haatik, hura abiapuntua izan zen. Murugarren ez zen bertan goxo geratzeko prest, eta, hurrengo diskoa lantzeko, Rafa Rueda gitarristarengana (PI.L.T.) jo zuen, aldaketaren bila. Harekin eta Jose Lastra soinu teknikariarekin landu zuen Hegazkinen arima (Gaztelupeko Hotsak, 2001) diskoaren soinu elektriko, trinko eta korapilatsua, ekoizpen lan handiaren emaitza. Hurrengo lanetan galdu ez den ukitu iluna estreinakoz eta indartsu ageri da disko horretan. Musikari taldea ere guztiz berritu zuen; Txarli Solanok (PI.L.T.) eta Arturo Garciak osatu zuten oinarri erritmikoa.
Rueda eta Murugarrenen arteko elkarlanak segida izan zuen Gauak, neskak eta maletak hirugarren diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2003). Aurrekoaren aldean soinua arindu egin zuen Murugarrenek lan honetan, baina berriz ere bere mundu intimoa islatu zuen abestietan, hori interesatzen baitzaio gehien sortzaile gisa. Gitarretan oinarrituriko pop disko honetan hurrengo urteetarako musikari taldearen bizkarrezurra finkatu zuen Murugarrenek: Rafa Aceves (pianoa; Mamba Beat), Ekaitz Hernandez (baxua; Split 77) eta Natxo Beltran (bateria; Atom Rhumba).
Diskotik diskora gauza berriak saiatzeko kezkak bultzatuta, laugarren diskoa, Nire anaiaren kotxeko argiak (Gaztelupeko Hotsak, 2004), Templar & Birdy musika elektronikoko sortzaileekin landu zuen. múm, Lali Puna eta beste talde batzuen eraginez, indietronica delakoaren esparruan sartu zen Murugarren, egitura klasikoko pop kantuak elektronika minimalistarekin osatuz. Berriz ere lan ausarta egin zuen Sasoi Ilunak taldeko abeslari ohiak.
Lau disko errenkadan kaleratu ondoren, hurrena patxada handiagoz hartzea deliberatu zuen, eta beste proiektu batzuetan murgildu zen. Horrela, Rafa Rueda eta Petti lagun hartuta, Hauxe grabatu zuen (Gaztelupeko Hotsak, 2006), hiru kantari eta musikariek partekaturiko diskoa. Halaber, Julen Gabiria idazlearekin batera, Mathilde maitatzeko moduak ikuskizuna taularatu zuen: Murugarrenen kantuetatik abiatuta, Mathilde izeneko pertsonaiaren inguruko istorio bat asmatu zuen Gabiriak, musika eta literatura uztartzeko.
Marjinalia (Gaztelupeko Hotsak, 2007) da Murugarrenek orain arte kaleratu duen azken diskoa. Gutako bakoitzaren baitan bazterturik bizi diren pertsonaiek osaturiko lurraldea da Murugarrenen marjinalia. Soinu garden eta organiko batean oinarriturik, askotariko eraginak bildu zituen Murugarren lan horretan: pop klasikoa, folk iluna, Europako ekialdeko musika, kabareta...
Komunikabideetan ere aritutakoa da Murugarrenen. Kantu bat abiapuntutzat hartuta, astero zutabe bat idazten zuen Berria egunkarian; horietako batzuk Larrialdietako irteera liburuan bildu zituen (Paper Hotsak, 2006). Halaber, Bilbo Hiria irratian Musikabla saioa aurkezten du.
2014ko abenduaren 23an jakin zenez, Txuma Murugarrenek musikari australiarraren Nick Caveren Nocturama diskoa joko zuen Bilboko Campos antzokian, abenduaren 26an, berriz, Izar & Star zikloan.[1]
Diskografia
"Sasoi ilunak" taldekoak
Bakarkakoak
- Nire leihoak (2000, Oihuka)
- Hegazkinen arima (2001, Gaztelupeko Hotsak)
- Gauak, neskak eta maletak (2003, Gaztelupeko Hotsak)
- Nire anaiaren kotxeko argiak (2004, Gaztelupeko Hotsak)
- Larrialdietarako irteera (2006, Paper Hotsak / 33 iraultza minutuko)
- Hauxe (2006, Gaztelupeko Hotsak). Rafa Rueda eta Pettirekin
- Marjinalia (Txuma Murugarren) (2007, Gaztelupeko Hotsak)
- B aldeko kantuak (2010, Gaztelupeko Hotsak)
- 14 abesti eta hamahiru istorio txiki (2013, Gaztelupeko Hotsak)
- Zerbait ari da gertatzen, hor (2016, Gaztelupeko Hotsak)
- Marmokak eta Itsas Izarrak (Singlea - 2018, Gaztelupeko Hotsak)
- Gautegia (2023, Gaztelupeko Hotsak)
Kolaborazioak
- Aste Nagusia 25 urte (2002)
- Ehungarrenean hamaika. Lauaxeta 2005 (2005, Gaztelupeko Hotsak)
- Gainsbourg gainbegiratuz (2008, Gaztelupeko Hotsak)
- Lou Reed, mila esker (2014)
Bloga
"Berria" egunkariaren komunitatean blog pertsonala dauka Murugarrenek, "Gauzen hegoaldea" izenekoa.
Erreferentziak
- Edukiaren zati bat «Txuma Murugarren» artikulutik hartua da. Artikulu hark Jon Eskisabel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- Igor Susaeta, «Nick Cave, baina euskaraz», Berria, 2014-12-24