Txuktxiera
Txuktxiera[1] (ԓыгъоравэтԓьэн йиԓыйиԓ lyg'oravetl'en jilǝjil, [ɬǝɣˀorawetɬˀɛn jiɬǝjiɬ] ahoskatua) txukotk-kamtxatkar hizkuntza da, Siberiako txuktxiarren jatorrizko hizkuntza dena.
Txuktxiera | |
---|---|
Ԓыгъоравэтԓьэн йиԓыйиԓ | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Errusia |
Hiztunak | 7.740 (2002) |
Eskualdea | Txukotka |
UNESCO sailkapena | 4: arrisku larrian |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza paleosiberiar hizkuntzak Chukotko-Kamchatkan (en) Chukotkan (en) | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | hizkuntza eranskaria eta hizkuntza polisintetikoa |
Kasu gramatikalak | orientative case (en) |
Alfabetoa | alfabeto zirilikoa |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-3 | ckt |
Ethnologue | ckt |
Glottolog | chuk1273 |
Wikipedia | ckt |
UNESCO | 466 |
IETF | ckt |
Endangered Languages Project | 1730 |
Hiztunak nagusiki Txukotkan (Errusiaren eskualdea) bizi dira; baina hiztun batzuk Jakutian ere bizi dira. 2010an egindako erroldaren arabera, Errusian 16 000 txuktxiar bizi ziren gutxi-gorabehera; haien artean 4563k (% 29k) bakarrik zekiten txuktxieraz hizketan.
1920–1930. urteetan txuktxierak luoravetlanera (луораветланский) izena jaso zuen, baina ez da erabiltzen gaur egun.
Ahaidetasunak
Txuktxierak beste hizkuntza batzuekin izan zituen harremanak ez daude ondo aztertuta; txuktxiera eta eskimo-aleut hizkuntzen arteko harremanak aztertzea zaila da idatzizko aztarnen eza dela eta. Errusieraren eragina nagusiki lexikoan (adibidez, zenbakiak adierazten dituzten hitzetan) eta joskeran (sintaxian) ikusten da; joskerako eragin hori idatzizko hizkeran agertzen da nagusiki, baina ez ahozko hizkeran.
Gaur egungo egoera
Gaur egun txuktxiera nagusiki txuktxiar sendietan eta orein hazketaren jardueran erabiltzen da (txuktxiarren jatorrizko jarduera da hori), baita telebistan eta irratian ere. Txuktxiarrak bizi diren tokietan hizkuntza ofiziala errusiera da nolanahi ere; horren ondorioz, txuktxiar guztiek errusieraz dakite, baina maila ezberdinetan.
Txuktxiera eskoletan irakasten da. 2015–2016. urteetan 28 eskolatan irakasten zen eta 1.616 haur aritu ziren hizkuntza ikasten.
Dialektoak
Txuktxierak hainbat dialekto ditu: mendebaldekoa, txuktxierazko idazkeraren oinarria dena, ekialdekoa eta hegoaldeko dialektoen taldea. Azken horiek koriakera eta kerekeraren antzekoagoak dira beste dialektoak baino, fonetika eta morfologiaren arabera.
Dialekto bakoitzaren barruan azpidialektoak bereiz daitezke. Txuktxieraren dialektoei buruz ez asko dakigu oraindik ere, baina zalantzarik gabe esan dezakegu txuktxiar guztiek hizkuntza estandarra zailtasunik gabe erabiltzen duela.
Generoaren araberako bestelakotasunak
Gizonezko eta emakumezko hizketa ezberdina da txuktxieraren bereizgarrietako bat. Emakumeek senarraren izenaren ahoskerarako tabua dute. Ohiko hitzen ahoskeran ere bestelakotasunak daude; adibidez, «р» (r) eta «рк» (rk) beharrean emakumeek «ц» (tz) eta «цц» (tztz) ahoskatzen dute: рыркы (ryrky, gizonezko ahoskera) «mortsa» — цыццы (tzytztzy, emakumezko ahoskera).
Idazketa
Iritzi batzuen arabera, lehenengo txukxierazko liburua 1823an argitaratu zen. 1931. urtetik txuktxieraren idazketa dugu (latindar alfabetoan oinarrituta zegoen hasieran, baina 1937. urtetik alfabeto zirilikoaren aldaera bihurtu zen). Ekialdeko dialektoa bihurtu zen idazketaren oinarri. Gaur egun hainbat txuktxierazko egunkari argitaratzen dira, baita itzulitako literatura ere, baina ortografiaren arauak ez dira guztiz zehatzak oraindik ere eta hobekuntzak behar dituzte.
Gaur egungo idazketa:
А а | Б б | В в | Г г | Д д | Е е | Ё ё | Ж ж |
З з | И и | Й й | К к | Ӄ ӄ | Ԓ ԓ (Л л) | М м | Н н |
Ӈ ӈ | О о | П п | Р р | С с | Т т | У у | Ф ф |
Х х | Ц ц | Ч ч | Ш ш | Щ щ | Ъ ъ | Ы ы | Ь ь |
Э э | Ю ю | Я я | ' |
Hizkuntzaren egitura eta ezaugarriak
Fonetika
Txuktxierak 6 bokal eta 14 kontsonante ditu. Kontsonante bigunak eta kontsonante gogorrak ez dira bereizten. Ez du diptongorik, diptongoen antzeko bokal multzoak bakarrik.
Kontsonanteak
Ezpainkariak | Hobikariak | Erretroflexak | Palatalak | Mihi-atzekoak | Aho-gingilezkoak | Eztarrikoak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Sudurkariak | m | n | ŋ | ||||
Leherkariak | p | t | k | q | ʔ | ||
Igurzkariak | β | ɬ | ɣ | ||||
Afrikariak | t͡ɬ | t͡ʃ | |||||
Aproximanteak | ɻ | j |
Bokalak
Hizkuntzak 6 bokal ditu – /i/, /u/, /e/, /o/, /ə/ eta /a/.
Erredukzioaren eraginez, hainbat bokal ez dira ahoskatzen batzuetan.
Morfologia
Morfologiari dagokionez, txuktxiera hizkuntza eranskaria da. Hitz bakoitzak bi morfema ditu gutxienez (lehenengoa erro bat da eta bigarrena hizki bat da); hitzek atzizki asko izan ohi dituzte. Izenek numeroak (singularra eta plurala) eta kasuak (7-9 iritzi ezberdinen arabera) dituzte.
Hizkiak
Txuktxierazko hizki guztiak bi talde nagusietan banatzen dira: hitzen formak sortzeko erabiltzen direnak eta hitz berriak sortzeko erabiltzen direnak. Hitz berriak horrela sortzen dira, adibidez: йылӄыйыл («lo») — йылӄ-ы-ль-ын («logale») — йылӄ-эт-ык («lo egin») — ры-йылӄ-эв-ык («sehaskatu») etb. Hitzen formak horrela sortzen dira, adibidez: ты-чимгъу-ркын («uste dut, pentsatzen dut», orainaldia) — мыт-чимгъу-мык («pentsatu dugu», perfektua) — чимгъу-к («uste izan, pentsatu»).
Hizkiek ordena zehatza dute hitz bakoitzean.
Hizkien zati esanguratsua erroetatik eratorri zen, baina hizki asko ez daude erroekin lotuta halere. Dirudienez, hasieran txuktxierak atzizkiak zituen bakarrik eta aurrizkiak askoz beranduago agertu ziren.
Inkorporazioa eta hitz-elkarketa
Inkorporazioa hitz bati erro osagarriak gehitzea da; izen, aditz eta partizipioen erroak gehitu ohi dira, baita aditzondo eta zenbakien erroak ere, batzuetan. Adibidez, га-пойг-ы-ма («lantza batekin»), га-таӈ-пойг-ы-ма («lantza on batekin»); пойг-ы-н «lantza» eta ны-тэӈ-ӄин «on» (тэӈ/таӈ erroa da). Ты-яра-пкэр-ы-ркын «etxera noa»; пыкир-ы-к «etorri, joan» (пыкир erroa da) eta яра-ӈы «etxe» (яра erroa da; txuktxiar jatorrizko etxeari яранга jaranga deritzo). Erro bat baino gehiago erants daitezke.
Hitz-elkarketa, hitz berriak sortzeko erabiltzen dena, inkorporazioarekin estuki lotuta dago txuktxieran. Hitz konplexu gehienak, bi osagai edo gehiago dituztenak, inkorporazioaren bidez sortuta daude. Bi hitz elkartzea ere (inkorporazio gabekoa) sarritan erabiltzen da: калетко-ран «ikastetxe» («idaztearen etxe» zehazki itzuliz); вэлытко-ран «denda» («merkalaritzaren etxe» zehazki itzuliz) etb. Horrelako hitzen kopuru handia XX. mendearen lehenengo erdian sortu zen txuktxiarren bizimoldea zeharo aldatu zenean. Hala ere, horrelako hitz asko ez dira egokiak eta, beraz, errusierazko maileguak erabiltzen dira haien beharrean, adibidez, «koaderno»: кэлитку-кэликэл («idazteko paper» zehazki itzuliz) eta mailegua den тетрат tetrat (errusierazko тетрадь) hitza.
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. (2007-03-30). 38. araua - Munduko estatu-izenak. .