Txoktaw

Choctaw tribu iparramerikarra da, Ameriketako Estatu Batuak hego-ekialdean bizi dena.

Choctaw

Louisiana Indians Walking Along a Bayou Alfred Boisseau - 1847
Biztanleak guztira
160.000
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
 Ameriketako Estatu Batuak: Oklahoma, Kalifornia, Mississippi, Louisiana, Texas, Alabama
Hizkuntza
Choctaw hizkuntza, ingeles
Erlijioa
Protestantismoa, kristautasuna, sinismen tradizionalak
Zerikusia duten beste giza taldeak
Chickasaw, Muscogee eta Seminola beranduago

Historia

Dancing Rabbit Creekeko Ituna

1830ean, egungo Mississippin (AEB), AEBetako Kongresuak Dancing Rabbit Creekeko Ituna onartu zuen. Itunaren arabera, Choctaw herriak hamaika milioi akreko lurraldea (45.000 km2) utziko zuen eta gobernuak lur sail zabalagoa (hamabost milioi akre edo 61.000 km2) baina elkorragoa emango zien trukean egungo Oklahoman. Choctaw tribuko buruzagiek zuhur jokatu arren, kolonizatzaileen indarrari ezin izan zioten eutsi, eta azkenean amore eman behar izan zuten. Indioen erreserbatara behartuta bidali zuten lehen herria izan zen, nahiz eta beste askotan bezala neurria akordio adiskidetsuz mozorrotu[1].

Choctaw herria bitan zatitu zen. Gutxi batzuek, 1.300 inguruk, uko egin zioten arbasoen lurraldea uzteari. Baina beren arauak eta tradizioak utzi behar izan zituzten, eta AEBetako legeei makurtu. Mississippin geratu ziren choctawak jatorri europarra ez zuten lehenak izan ziren AEBetako herritartasuna lortzen; eta beren jatorrizko identitatea galtzen[1].

Malkoen Bidea

Gehienek, 15.000 lagunek baino gehiagok, beste aukeraren alde egin zuten. Dancing Rabbit Creeken hitzemandako nolabaiteko autonomiaren bila abiatu ziren, beren arauei eta tradizioei eutsi nahian. Arbasoen lurraldetik Oklahomako erreserbaraino 800 kilometro egin behar izan zituzten eta bidean goseak 3.000 bat choctaw hil zituen, tribuaren %20 inguru. Gerora, Trail of Tears (Malkoen Bidea) esango zioten choctawen odiseari[1].

1845ean, Oklahomako erreserbatik 5.000 kilometrora, Irlandako Gosete Handiak hartu zuen Irlanda. Politika ekonomiko antzuak, laborantza metodo desegokiek eta, batez ere, patata uzta ezereztu zuten gaixotasunek irlandarren heriotza-tasa izugarri igoarazi zuten; goseteak milioi bat irlandar baino gehiago hil zituen, eta beste bi milioik uhartetik alde egin zuten. Heriotzak eta migrazioak medio, Irlandak biztanleriaren laurdena inguru galdu zuen hamarkada bakarrean. Irlandar Diasporari esker, besteak beste, gosetearen berri berehala zabaldu zen mundu osoan, baita choctawen eremu berrian ere[1].

1847an, Malkoen Bidea egin eta hamasei urtera, choctawek doi-doi lortzen zuten oinarrizko beharrak estaltzea. Baina ezagutzen zituzten gosearen triskantzak eta irlandarrei ahal bezala laguntzea erabaki zuten, gosetearen berria Europatik etorri arren, Choctaw herria pixkanaka desagertzera kondenatu zuten kolonoak bezala. Irlandarrei laguntzeko 175 dolar biltzea lortu zuten. Gaur egungo 50.000 euro inguru[1].

Erreferentziak

  1. Irazustabarrena, Nagore. (2013-09-01). «Choctaw herriaren elkartasun ikasbidea» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.