Jose Manuel Lujanbio

Jose Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita" (Ereñotzu, Hernani, Gipuzkoa, 1860ko abuztuaren 14a - Altza, Donostia, Gipuzkoa, 1936ko ekainaren 3a[1]) bertsolaria izan zen. Bere ospeak Gipuzkoako mugak gainditu zituen, eta XX. mendearen lehenbiziko erdialdean Euskal Herri osoan famatu zen. Mingain zorrotz eta bizkorreko bertsolaritzat nabarmendu zen, eta haren ateraldi umoretsuak herriaren gogoan gorde dira. Gai sozialak lantzen diren bertsoetan garai hartako herri-klaseen pentsamolde eta sentimenen berri ematen da.

Artikulu hau bertsolariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kilker».
Jose Manuel Lujanbio
Txirrita (ezkerrean) eta Saiburu bertsolariak (argazkilaria: Indalecio Ojanguren. Bertsio koloreztatua). Irudi gehiago
Ahotsa
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJose Manuel Luxanbio Retegui
JaiotzaEreñotzu, 1860ko abuztuaren 14a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAltza, 1936ko ekainaren 3a (75 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria, idazlea, poeta eta hargina
Izengoitia(k)Txirrita
Genero artistikoaolerkigintza
bertsolaritza

Literaturaren Zubitegia: 339

Bizitza

Jaiotza eta familia

Jose Manuel Lujanbio Retegi 1860eko abuztuaren 14ko goizeko hiruretan jaio zen. Gurasoak Bautista Lujanbio Ganborena hernaniarra eta Juana Josefa Retegi Iraola oiartzuarra izan zituen. Aitaren aldeko aiton-amonak, Pedro Lujanbio eta Paskuala Ganborena, biak hernaniarrak, eta amaren aldeko aiton-amonak berriz, Inazio Retegi oiartzuarra eta Frantziska Iraola errenteriarra izan ziren.

Latze-Zar baserria zegoen tokian busto bat jarrita dago. Baserri horretan jaio zen Txirrita.

Txirrita Gipuzkoako Hernani udalerriko Ereñotzu auzoan dagoen Latze edo Latze-Zar baserrian jaio zen. Baserri hori Hernanitik Goizuetara bidean, Ereñotzu auzoko kaletik kilometro batera zegoen, Urumea ibaiaren eskuinaldean. Benta-txuri, Pago izarte eta Urdaburutik datorren eta Uxako-erreka deritzaion erreka baten ertzean. Baserria zegoen tokiaren parean Txirritaren busto bat jarrita dago.

Bere anaia-arrebak hauek izan ziren: Josefa Inazia Lujanbio Retegi (1858ko otsailaren 11an jaioa), Migel Jose (1862ko abenduaren 23an jaioa), Juan Maria (1865ko abenduaren 4an jaioa), Maria Aszension (1867ko azaroaren 20an jaioa), Juana Bautista (1870eko apirilaren 6an jaioa), eta azkenik Isabel Bizenta (1872ko azaroaren 5an jaioa).

Ereñotzutik Errenterira

Sakontzeko, irakurri: «Hargin andaluza»

Latze baserrian hamahiru urte arte bizi izan zen. Hijos de Jaime Puig - Destilería de Leñas y Fábrica de Productos Químicos fabrika zenak Latze baserriko soro eta larreak hartu zituen, eta familia osoa Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen.[oh 1] Latze baserriak denbora askoan oso-osorik iraun zuen, baina azkenean erori egin zen.

Fabrika hura eraikitzean, langileen artean ba omen zegoen hargin andaluziar bat. Behinola, hargin andaluziar hark bezperan egindako horma okertuta aurkitu omen zuen, eta horma oker hura zuzendu nahirik bultzaka hasi omen zitzaion. Lantegi horretan ari zela, Txirritak ikusi egin zuen. Oraindik mutiko koxkorra zen, baina honako bertso hau bota zion:

« Aiziak biali du
andikan onuntza,
geroztik emen dabil
gure andaluza;
argiñ ona zala ta
zakurraren putza,
bera eroriko dek,
ez akiyok bultza.
 »

Gertaera honen beste bertsio baten arabera, oso hargin ona zela eta, berealdiko ospea zuen hargin andaluziar bat Ereñotzura etorri omen zen. Txirrita mutikoa, beste batzuekin batera hargin-mutil lanetan ibili ohi zen. Dirudienez aurreko egunean andaluziar harginak horma oker xamarra egin omen zuen (hargintzan honi bizkarra esaten omen zaio). Inork ez ikusteagatik, andaluziar hargina goizean goiz joanda, mailuarekin horma barrualdera kolpatuz ari omen zen Txirritak ikusi eta bertso ospetsu hori bota zion.

Txirrita baserrian

1936ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolariak. Erdi-erdian, Txirrita irabazlea.

Antonio Zabalari kontatu ziotenez, Txirritagana jende asko joaten omen zen norbaiten kontrako bertso-paperak jar zitzan eskatzera. Desamodio kontuak eta mota guztietako arrazoiengatik sortutako ezin ikusiak ziren, besteak beste, bertso-sorta horietako gaiak. Enkargatutako gaiaren gainean bertso-sorta bat buruz konposatzen zuen Txirritak eta bere ilobak paperean jarri, gero inprentara eraman eta azoka egunetan saltzeko. Bertso asko galdu ez izana herriaren oroimenari eta Antonio Zabala bezalako bertso-paper biltzaileei zor diegu.

Hargin ona omen zen Txirrita, baina euskal iruditerian ezagunago izan da eskola zaharreko bertsolari mutilzahar, parrandazale eta pikaroaren prototipoa bihurtu delako. Nahiko zabalduta zegoen ez omen zitzaiola lan egitea asko gustatzen eta ahal zuen guztietan jai hartzen omen zuela tabernan edanean eta jokoan aritzeko. Baina Juanjo Uria bertsozale hernaniarraren aitona, Txirritaren lagun eta lankide izan zena ez zen uste horretakoa. Bere iritziz, oso gizon langilea eta jakin­tsua zen, oro har, kontrakoa uste bada ere.[2]

Koldo Izagirrek dioenez, Txirritak bere bertsoetan erakutsitako lirika xumearen parekorik ez duela ezagutu berak poesia kultuan: «ez zen poeta, baina poetika zeukan, horregatik da hain bertsolari haundia... poetika naif-a, apaina eta liluragarria». Izagirre­ren iritziz, Txi­rri­taren bertsoak ikusi egiten dira, irudiz bete­tzen ditu, eszenatokiak sortu, adibidez, zuhur­tzia esateko «zazpi pausu aurrera eta beste zazpi atzera», dio.[2]

Eskolarik gabea zen; inprentako hizkiak irakurtzeko gai bazen ere, ez zekien idazten, baina hainbat bertso argitaratu zituen, Joxe Manuel Eraus­kin Lujanbio ilobari diktatzen zizkion berak kantatutako sortak.

Kristau Katoliko sutsua zen eta gai erlijioso asko landu zituen bere bertsoetan. "Denbora, leku zeru ta lurrak" bezalako bertsoak sortu zituen, non ikuspegi katolikoaren araberako Jainkoaren kreazioa goresteaz gain, garaiko gazteentzako mezu moralizatzaile bat igortzen zuen, betiere Eliza Katolikoaren dotrina jarraituaz.

1935ean lehen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunorde izan zen, eta hurrengo urteko edizioan txapela eman zioten, bertsolariarentzako omenaldi gisa.

1936ko maiatza aldean Goizuetan izandako krisi baten ondorioz 1936ko ekainaren 3an hil zen Altzako Gazteluene baserrian.

Bilbon, Hernanin eta Altzan hiru kalek bere izena daramate. Oreretan bada Txirrita-Maleo izeneko industrialde bat: Bere izena Txirrita eta Maleo baserrien artean egoteagatik datorkio.

Bertsolari honi buruz Juanba Berasategiren zuzendaritzapean sortutako marrazki bizidunetako Txirrita telesaila zabaldu zuten ETB-1ean 1999 eta 2000n.[3]



« Txirrita idatziz izugarria da, oraindik balioa dute haren ikuspuntuek. Beste bertsolariek ez duten zerbait dauka, hizkuntzaren aldetik, esamoldeak inork egin ez dituen moduan eginak... Ez zekien irakurtzen baina nonbaitetik ateratzen zuen informazioa. Munduaren ikuskera oso berezia zuen.  »

—Unai Agirre[2]

Sariak

Urtea Txapelketa Txapelduna Txapeldunordea
1935 Bertsolari Txapelketa Nagusia Basarri Txirrita
1936 Bertsolari Txapelketa Nagusia Txirrita Uztapide

Bertsoak

Oharrak

  1. Txirrita izena buztanikara zuria txori txiki zuri-beltzari ere ematen zaio Donostialdean. Buztanikara zuria. Txoriak.eus.

Erreferentziak

  1. Txirrita: Jose Manuel Lujanbio. Bizitza eta bertsoak. 250. orrialdea. Antonio Zavala, 1992.. Liburuan 1936 urteko Garagarrilaren 3'an, asteazkena aipatzen da. Euskalkiaren arabera garagarrila ekaina ala uztaila izan badaiteke ere, asteazkena aipatzerakoan ekainari buruz ari dela ikusten da. Agian iturriren batean uztailaren 3a agertzea garagarrilaren bizkaierazko erabilpena hartzetik dator
  2. Altuna Iza, Jon ‘Oxan’. (2016-06-04). «Hil zenetik 80 urtera, bizirik da Txirrita» www.kronika.eus (Urumeako kronika) (Noiz kontsultatua: 2018-07-01).
  3. EiTB. Txirrita marrazki bizidunak | EITB Hiru3 | Marrazki bizidunak | EiTB. (Noiz kontsultatua: 2017-04-30).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Jose Manuel Lujanbio
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.