Txirri, Mirri eta Txiribiton
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskaraz aritzeko sortu zen lehenengo pailazo taldea da. 1972ko martxoaren 25an eman zuten beraien lehenengo emanaldia Donostian. Berrogeita hamar urtetik gora daramatzate taula gainean eta Euskal Telebistako pailazoak izan dira urte luzez. Oso ezagunak dira Euskal Herrian. Beraien ibilbidean zehar euskal gizartearentzat oso ezagunak bihurtu diren ehundaka abesti sortu dituzte.
Txirri, Mirri eta Txiribiton | |
---|---|
Txirri, Mirri eta Txiribiton 2018an. Ezkerretik eskuinera: Kattalin Ansorena (Mirri), Juanma Zaldua (Txiribiton) eta Peru Ansorena (Txirri). | |
Datuak | |
Jatorria | Donostia (Gipuzkoa) |
Urteak | 1972ko martxoaren 25a - gaur egun (52 urte) |
Taldekideak | |
Peru Ansorena Kattalin Ansorena Juanma Zaldua | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
www.txirrimirrietatxiribiton.eus | |
Hiru pailazoak xelebreak dira eta bakoitzaren nortasuna ondo definituta dago. Pailazoen eskema klasikoa jarraitzen dute: Txirri azkarra, jakintsua eta dotorea da. Mirri berriz bihurria; inbidiatsua, harroxkoa eta zirikatzailea. Eta Txiribiton pailazo inozoa; ogi pusketa, gozoa, samurra eta adiskide leiala.
Taldekideak
Gaur egungoak
|
Hasierakoak
|
Urtez urteko bilakaera
Pailazo taldeak bilakaera izan du. Gaur egun Txirri, Mirri eta Txiribiton gazteak ezagunak badira ere, urte batzuk lehenago beraien gurasoak hasi ziren pailazo lanetan. Hasiera haietan Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izenarekin hasi ziren.
Aktorea | 1972-1977 | 1978-1983 | 1984-1989 | 1990-1995 | 1996-2001 | 2002-2007 | 2008-2013 | 2014-2019 | 2020-24 | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Xabier Otaegi |
Kixki | Txirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Jose Ignazio Ansorena |
Mixki | Mirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Andoni Ezeiza |
Kaxkamelon | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Txema Vitoria |
Txiribiton | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Mikel Otaegi |
Txirri junior |
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Kattalin Ansorena |
Mirri junior |
Mirri | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Fernando Ruiz |
Txiribiton junior |
Txirri junior |
Txirri | ||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Juanma Zaldua |
Txiribiton junior |
Txiribiton | |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Peru Ansorena |
Txirri |
Taldearen bilakaera
Sorrera (1972-1977)
Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Andoni Ezeiza Donostiako Parte Zaharreko Kresala elkartean euskara sustatzeko lanetan hasi ziren 1970eko hamarkada hasieran. Jolasak, lehiaketak, antzerkia, txokolatadak... antolatzen zituzten. Behin ordea, 1972an, umeentzat euskarazko ikuskizunik ez zegoela ikusi, eta hutsune hori betetzeko asmoz, pailazo taldea sortu zuten: Kixki, Mixki eta Kaxkamelon.[1]
Pailazoak sortzerako garaian, eskema klasikoa erabili zuten: pailazo azkarra (Kixki), lehenengo inozo eta bihurria (Mixki) eta bigarren inozo eta lasaia (Kaxkamelon). Izenak asmatzeko berriz, Donostian haurrek zozketa egiteko erabiltzen zuten abesti batean oinarritu ziren:
Xabier Otaegik egiten zuen Kixkiren pertsonaia, Jose Ignazio Ansorenak Mixkirena eta Andoni Ezeizak Kaxkamelonena. Beraien lehenengo emanaldia 1972ko martxoaren 25ean eman zuten Donostiako Kresala elkartean, 18-19 urte zituztela.
Pako Etxebeste apaizgaiaren laguntzaz hasi ziren haurrak gozarazteko, pailazo lanetan. Pakok lehendik pailazo lanak egiten zituen, gaztelaniaz eta asko lagundu zien hasieran. Gidoi batzuk eman eta ideia ere eskaini zizkien.
1974ko urtarrilean Xabier Otaegi soldaduskara joan zen Afrikako Ceutara eta urtebetez, Pako Etxebestek bete zuen Kixkiren papera. Aurrerago, Xabier bueltatutakoan ere, noizean behin egin izan zituen Mixki eta Kaxkamelonen pertsonaiak laguntza behar zutenean. Xabier 1975eko martxoan itzuli zen soldaduskatik eta gogor segitu zuten berriro lanean. Geroz eta emankizun gehiagotarako deitzen zieten eta urte horretan 30 saio eskaini zituzten Euskal Herri osoan barrena.
1975ean, Herri Gogoa disketxearekin beraien lehenengo diskoa grabatu zuten: Kixki, Mixki ta Kaxkamelon. Argitaratu ordea, aurrerago, 1976an egin zen. Diskoak arrakasta izugarria izan zuen eta orduan egin zuten famatu hain ezaguna den Pintto-pintto abestia.
Urtetik urtera hobetzen (1977-1981)
1977tik 1981era bitarteko martxa antzekoa izan zen. Urtean behin ikuskizuna berritzen zuten, Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztu eta gero herriz herri zabaltzen zuten. Garai honetan, beste pailazoen esketxak imitatzeari utzi eta beraien gidoi propioak asmatzen hasi ziren. Saioak ere ugarituz joaten ziren urtetik urtera.
1982an hamar urte bete zituen pailazo taldeak eta ospatzeko saio berezia eskaini zuten apirilaren 4ean Donostiako Antzoki Zaharrean. Gainera, urte berean, bigarren diskoa kaleratu zuten Trikitraka Trikitron.
Taldearen krisia eta amaiera (1981-1984)
Hurrengo urteetan Xabier Otaegik eta Jose Ignazio Ansorenak Andoni Ezeizarekin zuten harremana hozten joan zen eta 1984ko urtarrilaren 20an beraien azkeneko saioa eman zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Aurerrago, beraen arteko erlazioa okertzen joan eta haserretu egin ziren. Ekainaren 6ko iluntzean, Xabier eta Jose Ignaziok Andoniri esan zioten ez zutela berarekin taldean jarraitu nahi eta honek uztea erabaki zuen.
Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek 13 urte eman zituzten Euskal Herri osoan barrena beraien saioak eskaintzen. Lehenengo urte horietan guztietan zentimorik ere kobratu gabe ibili ziren. Saioetako gastuen dirua bakarrik eskatzen zuten, beraientzat irabazirik lortu gabe.
Txirri, Mirri eta Txiribiton
1983 amaieran Martin Ibarbia ekoizleak Xabier eta Jose Ignaziori deitu zien Euskal Telebistarako lan bana eskatzeko: Xabierri Donostiako haur danborradaren erretransmisioa egitea eta Jose Ignaziori Euskadiko Orkestrak eman behar zuen saio berezia aurkeztea. Bi eskeintzak bete eta ondoren hirugarrena etorri zen: 1984-1985 ikasturtean astero emitituko zen pailazo saio bat egitea haurrentzako. Saioaren iraupena pailazoen eskutan utzi zuten, ordu erdi edo ordubete. Hauek ordu erdi laburregia izango zela eta astero ordubeteko saioa egitea erabaki zuten.
Ordurako Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek beraien azken saioa emana zuten eta taldea eraberritu behar izan zuten telebistarako. Izena aldatu eta Txirri, Mirri eta Txiribiton izatera pasa ziren. Xabier Otaegik egiten zuen Txirrirena, Jose Ignazio Ansorenak Mirrirena eta Txiribitonena egiteko berriz, Txema Vitoriari deitu zioten. Txemak aurretik ordezkapen batzuk eginak zituen eta noizbehinka pailazoekin antzeztu izan zuen.
Pailazoen izenak aldatu zituzten, baina pertsonaien izaera ez: pailazo azkarra, inozo bihurria eta mutu bihotz onekoak izaten segitzen zuten. Estetika ordea, aldatu zuten. Jantzi berriak zituzten (Mari Karmen Yuberok egindakoak) eta aurpegiko makilaia ere berriro diseinatu zuten (Karmele Soler eta Amaia Bontigi, Euskal Telebistako makilarien eskutik).
"Don Don Kikilikon" (1984-1988)
Euskal Telebistako programa hark Don Don Kikilikon izena zuen eta lehenengo emisioa 1984ko abenduaren 22an izan zen. Orduan hasi ziren ezagun egiten "puxtarri" hitza puntuak esateko, "Tortolika" hegazkina, "Amona Martxelon"... Lehenengo denboraldian 24 atal grabatu zituzten eta denek egitura berdina zuten: pailazoen agurra eta eszena komikoa, abestia, Debuluzon lehiaketa, Amona Martxelonen ipuinak (Aizpea Goenagak egiten zuen Amona Martxelonena eta Aitona Martxelonena Paco Sagarzazuk); Tortolikaren bidaiak eta amaitzeko beste abestia (zuzeneko orkestra zuten Xabier Lizasok zuzenduta).
Don Don Kikilikonen bigarren denboraldian aldaketa nabarmenak izan ziren, 1985-1986 ikasturtean. Txanda honetan beste 40 atal egin zituzten eta gero udan, denboraldian zehar egindako fizkziozko esketxak elkartuta beste 5 saio berezi. Garai honetan gidoilari bat hartu zuten: Andoni Egaña. Ordura arte Xabier eta Jose Ignazio ziren gidoiaz arduratzen zienak. Gainera, Jaime Otamendi ere lantaldera batu zen koordinatzaile lanetan eta dekoratu berria egin zuten. Garai honetan hasi ziren chroma key teknika ere erabiltzen.
Bigarren denboraldia amaitzeko, 1986ko uztailaren 4ean, Euskal Telebistaren historiako lehenengo zuzeneko emankizuna egin zuten. Zarauzko kiroldegitik zuzenean emititu zuten 3.000 haurren aurrean.
Hirugarren denboraldian, 1986-1987an, beste 39 atal grabatu zituzten (udan esketxekin eta momenturik onenekin osatutako beste 12). Denboraldi honetan 100. atalera iritsi ziren. Esketx gehiago egiten hasi ziren eta Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala gidoilari lanetan hasi ziren. Gainera, Debuluzon lehiaketak tamaina handiagoa hartu zuen eta proba berriak egin zituzten. Denboraldi honetan saio bereziak ere egin zituzten: jubilatuekin, adimen urrituekin eta zuzeneko bi emanaldi Bilbotik eta Gasteizetik.
Laugarren denboraldia izan zen Don Don Kikilikonen azkena. Azken honetan 38 atal egin zituzten eta berrikuntzen nagusietako bat aurkezle berria izan zen. Jaime Otamendi kameren atzean koordinatzaile lanetan zebilen, baina denboraldi honetan aurkezle izatera pasatu zen. Hau izan zen bere kameren aurreko lehenengo lan potoloa.
Berriro herriz herri (1986-1998)
Lau urtez aritu ziren saioa egiten, 1984tik 1988ra arte. Telebistak lan asko eskatzen zuen eta lehenengo urteetan herriz herri ibiltzeari utzi zioten. Hala ere, 1986an, telebistako lana eta antzerkikoa uztartu eta berriro herrietara joaten hasi ziren, garai batean egin zuten bezalaxe. Hauek izan ziren hurrengo urteetako antzezlanak:
- Sorginaren kobazuloan (1986)
- Galtza lapurra (1987)
Hurrengo ikasturtean, 25. urteurrena bete zuten eta ospatzeko, beraien saiorik kuttunena errepikatu zuten:
Aurrerago berriz:
- Barre egin (1998)
"Funtzioa" (1989-1991)
Lau urtez Don Don Kikilikon egin eman ondoren, nekatuta zeuden pailazoak eta telebista mundua uztea erabaki zuten. Orduan azkeneko saioaren grabaketaren ondoren, agur modura show bat egin zuten Miramongo bulegoetan. Ikuskizun hura Mikel Lejarzak ikusi eta Euskal Telebistarako helduentzako saio bat egiteko eskatu zien Xabier Otaegiri eta Jose Ignazio Ansorenari. Behin baino gehiagotan esan zuten ezetz, baina azkenean, horrenbeste aldiz eskatu eta gero onartu egin zuten eskaria. Orduan Funtzioa sortu zuten, Xabier eta Piterren show-a. Ostiral iluntzetan, zuzenean ematen zen helduen umore saioa.
Arrakasta handia izan zuten eta hiru denboraldi egin zituzten (1989ko ekainetik otsailera, 1989-1990 denboraldia eta 1990-1991 denboraldia). Guztira 141 saio. Programa honetako hiru ataletan (Eguberrietako berezi batean, pailazoei eskainitako berezi batean eta haurrei eskainitako berezi batean) Txirri, Mirri eta Txiribiton ere agertu ziren.
Jaialdi handiak (1990-1998)
Funtzioa burutzeko enpresa bat sortu zuten: Ikuskin S.L. Bertan sartu zuten IZ disketxeko Fernando San Jose ere. Hurrengo urteetan enpresak hark antolatu zituen Txirri, Mirri eta Txiribitonen proiektu guztiak. Enpresarekin egitura handiko jaialdiak antolatzeko erraztasuna hartu zuten eta hainbat egin zituzten hurrengo urteetan. Garrantzitsuenetakoak bi.
- 1990eko uztailaren 15ean, Donostiako Belodromoan, Euskaldunon Egunkariaren alde egindakoa. Adiskide zuten Joxe Miel Zumalabek eta Egunkaria Sortzen taldeak eskatuta, Euskaldunon Egunkariaren alde ia 15.000 mila ikusle bildu zituzten. Jaialdi hartarako Zapi zuria abesti famatua egokitu eta Egunkaria aurrera bihurtu zuten. Hark eman zion abiada Euskaldunon Egunkariaren egitasmoari, gaur egun Berria denari.
- Gasteizko Araba Arenan (gaur egun Buesa Arena deitua) 1997ko abenduaren 18an egin zutena: egun bakar batean, goiz eta arratsaldeko funtzioetan, 8.000 haur baino gehiagoren aurrean aurkeztu zuten saioa.
"Txirri, Mirri eta Txiribiton" saioa (1993-1994)
1993an berriro ere ETB 1era itzuli ziren pailazoak. Txirri, Mirri eta Txiribiton izeneko saioa egin zuten. Programa hau bi etapatan banatu zen. 1993an ordu eta erdiko 13 saio egin zituzten (tartean marrazki bizidunekin). Gero 1994an berriro itzuli ziren zirko itxurako plato berri batekin. Oraingo honetan ordubeteko 24 atal grabatu zituzten eta gero, denboraldiko momenturik onenen beste 11 bilduma. Hauetan ere beti egitura berdina zen: Agurra, abestia eta esketxa; Kinkirrinera izeneko atala (haurrek kantatzeko); Jolasean ze arraio! (jolasteko); Allakuidaos atala (eztabaidarako); abestia; pasadizoak eta Azkenputz.
Atal hauetan, behin baino gehiagotan, Xabierren eta Piterren seme-alabek (Mikel Otaegi, Patrizia Ansorena, Kattalin Ansorena eta Peru Ansorena) pailazoen haurtzaroko irudiak antzeztu izan zituzten. Pailazo diskoaren azalean, esaterako, Mikel, Kattalin eta Patrizia ageri dira (hamar urte geroago, 2003an, hauek izan ziren Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren paperak egin zituztenak eta gaur egungo pailazo ofizialak).
"Barre busa" (2000-2001)
Milurtekoa amaitzeko Barre busa telebista saioari ekin zioten pailazoek (2000 eta 2001 artean). 1999an egin zituzten lehen grabaketak eta 2000ko urtarrilaren 7an estreinatu zen ETB 1en. Ixiar Oreja zen aurkezlea. Ondorengo urteetan pailazoen telebistako etsai izango zen Kakusai, lehen aldiz, garai hartan agertu zen.
Telebistan lan egitea eta herriz herri ibiltzea ez ziren bateragarriak eta beraz, saioan berrikuntza bat sartzea erabaki zuten. Barre busa telebistako estudio batean grabatu beharrean, herrietako antzokietan egin zuten. Horrela, telebistako saioa grabatzeaz gain, Euskal Herria zeharkatzen zuten herriz herri. Programa asteroko ematen zuten eta ordubeteko iraupena zuen.
Horrela jarraitu zuten, telebistako saioak egiten herriz herri, hurrengo urteetan ere. Barre busa, Altza porru! eta Trikitraka Trikitron saioetan.
"Altza, Porru!" (2002)
2001-2002 ikusturtean izan zen Txirri, Mirri eta Txiribitonen 30. urteurrena.
Ikasturte horretan, Barre busa utzi eta Altza, Porru! saioa egin zuten telebistan. Grabaketak 2001 amaieran hasi bazituzten ere, 2002ko urtarrilean hasi ziren emititzen ETB 1en. Hau ere asterokoa eta ordubeteko iraupenarekin.
Altza porru! izeneko diskoa ere kaleratu zuten.
"Trikitraka Trikitron" + Juniorrak (2003-2010)
2002 amaieran Trikitraka Trikitron grabatzeari ekin zioten. Telebistan ordea 2003ko urtarrilean hasi ziren ematen. Altza porru!ren estilo beretsuarekin segitu zuten, baina izena aldatuta. Herriz herri joaten ziren astero-astero Pelipe izeneko trenean. Saioak ordubete irauten zuen. Urtero aldaketa txikiak sartu zituzten, hobetzen jarraitzeko asmoarekin.
Programa egiteko pertsonaia askoren laguntza izan zuten: Moro katua, Kakusai, Kakusina, Graxiana sorgina, Juanita detektibea, Elvi sabeliztuna, Txan magoa, Marsel magoa, Maitane, Pepitto eta Matixa.
2003ko abenduaren 20an ekin zioten bigarren denboraldiari eta atal horretan lehenengo aldiz Txirri, Mirri eta Txiribiton junior ezagutu genituen. Lehenengo aldi hartan pailazoen papera Fernando Ruiz (Txirri), Belén Cruz (Mirri) eta Josean Bengoetxea (Txiribiton) aktoreek egin zuten.
2003-2004 denboraldian Txirri, Mirri eta Txiribiton junior izeneko pailazo gazteen taldea martxan jarri zen. Mikel Otaegi (Xabierren semea) zen Txirri, Kattalin Ansorena (Jose Ignazioren alaba) Mirri eta Fernando Ruiz aktorea zen Txiribiton. Herriz herri kuskizunak eskaintzen hasi ziren eta noizean behin Euskal Telebistako Trikitraka Trikitron saioan ere agertzen ziren.
2005ean, Pailazokeriak marrazki bizidunetako filma estreinatu zen zinema aretoetan.
"Sagarra da apple" (2011)
Trikitraka Trikitron amaitutakoan, 2011ean, ekin zioten euren telebistako azken proiektuari: Sagarra da Apple.
Saio hau ezberdina zen aurrekoekin alderatuta. Bertan haurrak entretenitzeaz gain, ingelesa ikastea zen helburua. Saioa egunero emititzen zen eta 10 minutuko iraupena izaten zuen.
Belaunaldi aldaketa (2012-2013)
2012 urtean, Txirri, Mirri eta Txiribitonek 40 urte bere zituzten 1972an sortu zirenetik.
Data berezi hori ospatzeko, pailazo zahar eta gazteek, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, 40 urteko algara izeneko emankizuna estreinatu zuten. Bi belaunaldiek batera egindako ikuskizun honekin bira bat egin zuten Euskal Herriko hiru hiriburuetan eta arrakasta handia lortu zuten.
2012-2013 urteetako Gabonetan aktore helduenek erretiroa hartzea erabaki zuten. Horretarako, Agur barrez ikuskizuna sortu eta 30 bat saio eman zituzten Euskal Herrian zehar. Ikuskizun honetan ere pailazo zaharrak eta gazteak batera aritu ziren, erreleboa ematen zietela eta euskal barrea pizturik mantentzeko lekukoa pasatzen zietela adierazteko.
Txirri, Mirri eta Txiribiton zaharren azkeneko saioa 2013ko urtarrilaren 6an izan zen Igorren.
Txirri, Mirri eta Txiribiton gazteak
Gazteen jarraipena (2013-2021)
Txirri, Mirri eta Txiribiton erretiratu zirenean, juniorrek hartu zuten beraien lekukoa. Orain junior izena kendu eta beraiek bihurtu dira Txirri, Mirri eta Txiribiton ofizial eta bakarrak.
Sortu zirenetik zortzi ikuskizun jarri dituzte martxan:
50. urteurrena + Beteranoen itzulera (2021-2024)
2022. urtean Txirri, Mirri eta Txiribitonek 50 urte bete zituzten eta Euskal Telebistak 40. Horregatik, bi urteurrenak ospatzeko, 2021eko abenduaren 31n pailazo beteranoak berriro elkartu ziren Biba zuek! saioak antolatu zuen Biba 2022 gala berezian. Ia bederatzi urte pasa ziren erretiratu eta azkenekoz pailazoz jantzi zirenetik.
2024ko martxoaren 25ean 52 urte bete zituzten pailazoek.
Bitxikeriak
- Pailazo taldea beti izan da hirukotea 1974an Bergaran egin zuten emankizun batean izan ezik. Bertan, lau pailazo aritu ziren: Kixki, Mixki, Kaxka eta Melon (Jose Ignazio Ansorena, Andoni Ezeiza, Pako Etxebeste eta Iñaki Larrea apaiz-misiolaria).
- 1975ean, saioetarako bidaietan polizien kontroletan sarri zituzten arazoak errazago gainditzeko asmoz, pailazo profesionalen baimena ere atera zuten. Donostiako La Perla diskotekan egin zuten azterketa, garai hartan beharrezko baitzen Sindikatu Bertikaleko profesional txartela.
- Musikari garrantzia handia ematen zioten eta beraien saioetara saxofoia, bonbardinoa eta teklatu txiki bat eramaten hasi ziren. Bonbardinoa erosteko 100.000 pezetako kreditua eskatu behar izan zuten 1979an.
- Pailazoei hiru aldiz lehergailuak jarri zizkien poliziak. Lehenengo bietan ez zen txikizio handiegirik izan, baina bai hirugarrenean. Pailazoak ibili ziren hondakinak garbitzen.
- Beraien ibilbide luzeko porrot bakarra 1983an izan zuten, Pasai Antxon, Gipuzkoan. San Ferminetan, zezen plaza mugikorra jarri zuten eta zezenen aurretik Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek beraien ikuskizuna eman behar zuten. Taulara atera zirenean ordea, bertan haurrik ez zegoela eta gehienak helduak eta mozkorrak zirela ikusi zuten. Saioa hasi zuten eta esketx batean, Kaxkamelon eszenatokitik atera zenean, ikusle batek besotik heldu eta esan zion: ¡A ver cuándo acabáis, hijoputas!. Hura izan da amaitu gabe utzi duten saio bakarra.
- Don Don Kikilikon saioa irailean emititzen hastekoak ziren. Baina ETB oraindik sorrera fasean zegoen eta dena antolatzeko zegoen. Azkenean, data atzeratu eta lehenengo atala 1984ko abenduaren 22an eman zuten eta bigarrena abenduaren 29an.
- Don Don Kikilikoneko Hirugarren kapitulua 1985eko urtarrilaren 5ean, errege bezperan ematekoak ziren, baina ETBko langileek greba egin zuten eta grabatuta zegoen atal hori, ez zen inoiz emititu (saio horretan, ETBko zuzendaria zen Luis Alberto Aranberri 'Amatiño' agertzen zen).
- Egoera berezietan pertsonaia famatuek ere imitatu izan dituzte hiru pailazoak. Iñaki Perurenak Txiribitonen lehengusuarena egin zuen telebistako saio batean eta Xabier Euzkitzek, Iñaki Muruak eta Millan Telleriak Txirri, Mirri eta Txiribitonen pertsonaiak antzeztu zituzten Euskaldunon Egunkariaren aldeko jaialdi batean.
- Telebistako lanetan haien lantaldeetan hasi ziren gaur egun hedabideetan profesional famatu diren asko: Andoni Egaña, Jaime Otamendi, Karlos Zabala eta Eneko Olasagasti, Kike Amonarriz... Bai eta musikari maila handikoak aritu ere: Karlos Giménez, Aitor Amezaga, Iñaki Salvador, Joserra Senperena, Mixel Ducau... Aktoreen artean, berriz, aipagarri dira Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola, Jose Ramon Soroiz, Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Ainere Tolosa, Ane Gabarain, Xabier Agirre...
Telebistako saioak
Denboraldia | Denboraldiak | Atalak | Emisio hasiera | Emisio amaiera | Audientzia (bataz bestekoa) | |||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Ikusleak | Kuota (eusk.) | |||||||
Don Don Kikilikon | 1 | 24 | 141 + 17 | 1984ko abenduaren 22a | 1985eko ekainaren 22a | |||
2 | 40 + 5 | 1985eko urriaren 6a | 1986ko uztailaren 4a | |||||
3 | 39 + 12 | 1986ko urriaren 5a | 1987ko ekainaren 28a | |||||
4 | 38 | 1987ko urriaren 18a | 1988ko uztailaren 3a | |||||
Txirri, Mirri eta Txiribiton | 1 | 13 | 37 + 11 | 1993 | 1993 | |||
2 | 24 + 11 | 1994 | 1994 | |||||
Barre busa | 1 | 26 | 52 | 2000ko urtarrilaren 7a | 2000ko uztailaren 14a | |||
2 | 26 | 2000ko abenduaren 23a | 2001eko ekainaren 23a | |||||
Altza, Porru! | 1 | 26 | 26 | 2002ko urtarrila | 2002 | |||
Trikitraka Trikitron | 1 | 26 | 194 | 2003ko urtarrila | 2003ko ekainaren 28a | |||
2 | 25 | 2003ko abenduaren 20a | 2004ko ekaina | |||||
3 | 27 | 2004ko abenduaren 25a | 2005eko ekaina | |||||
4 | 25 | 2006ko urtarrilaren 14a | 2006 | |||||
5 | 25 | 2007ko urtarrilaren 13a | 2007 | |||||
6 | 26 | 2008ko urtarrilaren 19a | 2008 | |||||
7 | 20 | 2009 | 2009 | |||||
8 | 20 | 2010eko otsailaren 6a | 2010eko uztaila | |||||
Sagarra da apple | 1 | 104 | 104 | 2011ko otsailaren 7a | 2011ko uztailaren 14a | |||
Guztira | 18 | 554 + 28 (refritoak) | 1984ko abenduaren 22a | 2011ko uztailaren 14a |
Beste produktuak
Diskoak
Sakontzeko, irakurri: «Zerrenda:Txirri, Mirri eta Txiribitonen abestiak»
|
Filmografia
|
Papereko argitalpenak
Zenb. | Urtea | Izenburua | Estiloa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 1984 | Barrezka | Txiste bilduma | Gordailu |
2 | 1986 | Ipurbeltz (105, 106, 107, 108, 109. aleak) | Komikia | Ipurbeltz |
3 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Afrikan | Liburua | Kea |
4 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton sendagilearen etxean | Liburua | Kea |
5 | 1987 | Txirri, Mirri eta Txiribiton ilargian | Liburua | Kea |
6 | 1992 | Txirri, Mirri eta Txiribiton oporretan | Liburua | Elkar |
7 | 1992 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Afrikan | Liburua | Elkar |
8 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton herriko festetan | Liburua | Elkar |
9 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton igeltsero | Liburua | Elkar |
10 | 1994 | Txirri, Mirri eta Txiribiton eskolan | Liburua | Elkar |
11 | 1997 | Zubiko zirkoa | Komikia | Ibaizabal |
12 | 1998 | Sir Endikaren eskopeta | Komikia | Ibaizabal |
13 | 2000 | Alima polita | Liburua | Alberdania |
14 | 2000 | Mendian | Liburua | Alberdania |
15 | 2008 | Irakurri eta margotu gure pailazoekin | Margotzeko + Liburua | Ttarttalo |
16 | 2008 | Zuri zorionak | Ipuina | Ttarttalo |
17 | 2008 | Jolasean, ze arraio! | Ipuina | Ttarttalo |
18 | 2008 | Pintto. Txirri, Mirri era Txiribitonekin | Ipuina | Ttarttalo |
19 | 2008 | Pintto. Txakur guztiak | Ipuina | Ttarttalo |
20 | 2011 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Olentzeroren laguntzaile | Ipuina | EiTB |
21 | 2011 | Hiru txerritxoak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
22 | 2011 | Txanogorritxo eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
23 | 2012 | Hamelingo txirularia eta Txirri, Mirri eta Txiribiton | Ipuina | EiTB |
24 | 2012 | Txirri, Mirri eta Txiribiton, Aladino eta kriseilu magikoa | Ipuina | EiTB |
Bestelako produktuak
Zenb. | Urtea | Izenburua | Estiloa | Argitaletxea |
---|---|---|---|---|
1 | 1989 | Funtzioa | Binilo | IZ |
2 | 1998 | Gurekin hegan | CD-ROM (Jolasa) | Elkar |
3 | 2003 | Muu... sutsuak! 1 | CD | EiTB |
4 | 2004 | Muu... sutsuak! 2 | CD | EiTB |
5 | 2004 | Muu... sutsuak! | DVD | EiTB |
6 | 2004 | Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior | DVD | Puxtarri |
7 | 2005 | Margotu zure pailazoak 1 | Margotzeko | Ttarttalo |
8 | 2005 | Margotu zure pailazoak 2 | Margotzeko | Ttarttalo |
9 | 2005 | Margotu gure pailazokeriak 1 | Margotzeko | Ttarttalo |
10 | 2005 | Margotu gure pailazokeriak 2 | Margotzeko | Ttarttalo |
11 | 2005 | Gure pailazoen puzzleak 1 | Puzzlea | Ttarttalo |
12 | 2005 | Gure pailazoen puzzleak 2 | Puzzlea | Ttarttalo |
13 | 2008 | Gure pailazoen puzzleak 3 | Puzzlea | Ttarttalo |
14 | 2008 | Pinttoren puzzleak | Puzzlea | Ttarttalo |
15 | 2008 | Pintto uretara | Margotzeko | Ttarttalo |
Sariak
- EITBren Iparragirre Sari Berezia (2005)
- Sabino Arana Saria (2006)
- Euskadiko Arte Eszenikoen Max Saria (2007)
- Telebistako Akademiaren Autonomi Haur Programa Onenaren Saria (2007)
- Merezimenduzko Argia Saria (2010)
Erreferentziak
Kanpo estekak
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen webgune ofiziala
- Trikitraka Trikitron azken ikuskizunak
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Youtubeko kanal ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Facebookeko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Twitterreko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Instagrameko kontu ofiziala
- Txirri, Mirri eta Txiribitonen Flickreko kontu ofiziala