Txirimoia
Txirimoia (Annona cherimola) Tropikoko zuhaitza da, jateko ona den fruitu mamitsua ematen duena[1]. Annonaceae familiakoa. Generoaren barruan fruitu tropikalen preziatuenetako bat da.
Txirimoia | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Magnoliales |
Familia | Annonaceae |
Generoa | Annona |
Espeziea | Annona cherimola Mill. |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Gizakiak ateratzen dizkion produktuak | cherimoya (en) |
Izena
Jatorrizko eremuetan bizi ziren inkek izena eman zioten, "chiri" hotza da eta "muya" hazia, izan ere Peru iparraldean sortu zen 1.500 eta 2.200 metrotako altueran.
Deskribapena
Zuhaitza
Hazkuntza geldoa duen zuhaitza da eta 7-8 metrotako altuera hartzera iristen da. Zuhaitz tentea da, zurtoin zilindrikoa eta azal gogorra duena.
Hostaje ugaria du. Hostoak sinpleak, osoak eta obalatuak dira, oso finak, eta 6-12 mm arteko pezioloa dute.
Loreak ez dira batere deigarriak. Horixkak dira eta dizdira moreak dituzte. 3 sepalo eta sei petalo dituzte, kanpoaldera hiru eta barnealdera beste hiru. Kanpoaldekoak sendoak dira, haragitsuak, 2'5-4 cm neurtzen dute, barneranzko hiru petaloak ezkata itxurako petalo triangeluar txikiak dira. Kasu batzuetan falta dira gainera. Estamine asko dituzte, 150-200 inguru helikoidalki kokatuak eta zati emeak beste hainbeste karpelo ditu kono bat osatuz.
Fruitua
Loreak bereizita ernaltzen badira ere haziak multzokatu egiten dira fruitu bakarrean. Txirimoia perfektuak bihotz itxura hartzen du, baina baldintza perfektuak behar dira horrelakoa ateratzeko, batez ere polinizazio sarria eta uniformea.
Fruituaren azala berdea da eta hazi bakoitza daraman fruitu zatia nabari da azalean[2]. Barnealdean masa haragitsu gozo bat aurkitzen da eta barnean daude hazi marroi ilunak.
Txirimoiaren zaporea fina eta pixkat garratza da, anana, mango edo marrubiaren antzekoa.
Banaketa
Peru iparraldeko eta Ekuador arteko mendialdean sortu bazen ere badirudi Erdialdeko Amerikan eta Mexikon ere aspalditik aurkitzen dela.
1751. urtean Andaluzian landatzen hasi ziren, Kostalde tropikala esaten den eremuan. Gaur egun Granadako probintziako Salobreña, Motril, Almuñécar eta Málagako kostaldeko beste hainbat herri ekoizle handiak dira. Jatorri izendapena ere badu[3].
Toxikotasuna
Txirimoiaren hostoetan eta hazietan annonazina neurotoxina aurkitzen da eta tau proteinaren pilaketa eragiten du garunean[4]. Azetogenina ugari ere baditu eta ikerketa batzuen arabera Parkinsonen gaixotasuna eragin dezake[5].
Iruditegia
- Txirimoia fruitua.
- Hostoak.
- Lorea.
- Haziak.
Erreferentziak
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Gardiazabal, F. eta Rosenberg, G. (1993). El cultivo del chirimoyo. Universidad Católica de Valparaíso. Valparaíso, Chile : Facultad de Agronomía., 145 or. ISBN 956-17-0261-4..
- (Gaztelaniaz) «D.O.P. Chirimoya de la costa tropical de Granada-Málaga» www.mapa.gob.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- «Tauopathie durch pflanzliches Nervengift: Junior Award für Marburger Doktorandin» web.archive.org 2007-06-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).
- (Ingelesez) Champy, Pierre; Melot, Alice; Guérineau Eng, Vincent; Gleye, Christophe; Fall, Djibril; Höglinger, Gunter U.; Ruberg, Merle; Lannuzel, Annie et al.. (2005-12). «Quantification of acetogenins in Annona muricata linked to atypical parkinsonism in guadeloupe» Movement Disorders 20 (12): 1629–1633. doi: . ISSN 0885-3185. (Noiz kontsultatua: 2023-05-22).