Ainar arrunt

Ainar arrunta (Calluna vulgaris), txilar arrunta ere deitua, Ericaceae familiako landare loreduna da, calluna generoko espezie bakarra. Mulua edo zuhaixka txikia da, gehienean 20 eta 100 cm arteko luzera duena[1] Europako, Iparraldeko Afrikako eta Asia Txikiko lurzoru azido eta ongi drainatuetan hazten da, eguteran edo erdi-itzalpean.

Ainar arrunt
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaEricaceae
GeneroaCalluna
Espeziea Calluna vulgaris
(L.) Hull
Datu orokorrak
HabitatZakardi, Zohikaztegi, Duna, smell of burning (en) Itzuli eta pine forest (en) Itzuli

Deskribapena

Loreak

20 eta 50 cm arteko mulu edo zuhaixka da, urte osoan berdea, gehienez ere metro bateko altuerara iristen dena. Orpoa zurezkoa eta bihurria du, eta bertatik kolore horixka edo gorrixkako adar ugari ateratzen dira. Hosto txikiak, gehienez 2-3 mm luze, aurikuladunak, oposatuak eta sesilak; zurtoinari estuki erantsirik daude, eta adar antzuetan hertsiki teilakatzen dira, lau ilaratan antolaturik.[2]

Loreak luku meheetan bildurik daude, eta horiek batzuetan panikulak osatzen dituzte. Pedunkulu motz eta kurbatua dute, lau brakteatan amaitzen dena. Brakteak, hostoen antzekoak dira itxuraz, eta ertz gorrixka eta iletsua dute. Kaliza elkarren artean lotutako 4 sepalok osatzen dute. Sepalo horiek 3 x 2 mm-koak dira, arrosak eta forma obalatukoak, punta borobilduarekin. Korola oinarrian lotzen diren lau petalok osatzen dute, 2 mm-ko lobuluekin. Lore basatiak malba kolorekoak dira baina, gutxi batzuetan, txuriak ere izan daitezke. 5 estamine ditu eta haien harizpiak arrosa kolorekoak dira, arre koloreko anterekin. Teka dibergenteak dituzte, punta zorrotzekoak. Obulutegi gorrixka, zortzi sahiets iletsurekin; haren azpian dago nektarioa. Estiloa luzea eta mehea, eta estigma loditua. Kapsula biribildua da fruitua, iletsua, 1-2,5 mm-koa, 4 kuskutan irekitzen dena. Hazi ugari ditu bere baitan.[2][3]

Ezaugarri bereizgarriak

Hosto txikiak (2-3 mm luze), trinkoki teilakatuak adar antzuetan. Erica generoko txilarrenak, ordea, luzeagoak dira (5 mm) eta ez daude teilakaturik. Kaliza petaloidea, korola baino handiagoa, eta bai korolak, bai kalizak launa atal dituzte; Erica generoan, berriz, bost. Erica-k ez bezala, batzuetan lore bikoitzak garatzen ditu. Gainera, Calluna-k uda amaieran edo udazkenean atera ohi ditu loreak, eta Erica-k, berriz, negu amaieran edo udaberrian.

Bizi zikloa

Nagusiki sexualki ugaltzen da, hazien bidez; hauek denbora luzez iraun dezakete bideragarri lurzoruan, batzuetan 100 urtez.[4] Maiatza eta iraila bitartean loratzen da, eta fruituak ekainetik urrira bitartean heldu ohi dira, baina batzuetan urte osoan ikus daitezke loretan. Haziak haizearen, animalien edota ibilgailuen bitartez sakabanatzen dira. Baldintza egokiak izanez gero, 15 urterekin guztiz garatua egongo da, 25 urtetik aurrera egur gehiago ekoitziko du, eta 30 urtetik aurrera degradatzen hasiko da. Asexualki ere ugaldu daiteke, lurzoruarekin kontaktuan dauden adarrak sustraitzen ahal baitira.

Banaketa

Europako zatirik handienean,, Afrikako ipar-mendebaldean (Maroko, Mauritania) eta Anatolian banaturik dago. Ipar Amerikaren ekialdean sartua izan zen eta bertakoturik dago. Euskal Herrian itsas mailatik mendi garaienetaraino (2.000 m) hedaturik dago. Hegoalderantz joan ahala urrituz doa. Eskualde hertsiki mediterranearrean falta da soilik.[2]

Ekologia

Txilardia

Mantenugai mineral urriko lurzoru azidoetan (pH 3-4,5) azaltzen da, lur silizeoetan edo deskarbonatutako kareharrietan, hainbat baso-mota ordezten dituzten txilardiak osatuz. Eskualde eguzkitsuetan hazten da, baina itzala jasan dezake. Basoetako argiguneetan eta larreetan ere agertzen da. Tenperatura epelak behar ditu eta lur lehorrak.[2][3]

Txilardi deritzo ainar arrunta ugaria den komunitateari:

  • Kostaldeko txilardiak osatzen ditu, Erica vagans, Erica cinerea, Ulex europaeus eta Ulex galli-rekin batera, itsaslabarren gainean, haizeak gogor jotzen duen eta ur gaziaren eragina dagoen lekuetan. Barnealdeko txilardi-otadien antzekoak izan arren, itsaslabarretako espezie batzuk ere agertzen dira, hala nola, Asplenium marinum, Angelica pachycarpa eta Armeria maritima. Eremu harritsuak dira, pobreak mantenugaietan, argitasun handikoak, klima ozeanikokoak eta negu leunekoak. Ainar arrunta oso ugaria da substratu silizeoetan, baina asko urritzen da, eta batzuetan desagertzen, kareharrizkoetan.[5][6]
  • Europako atlantiar aldean oso hedaturik dauden txilardi-otadietan ere agertzen da, beste erikazeo batzuekin (Daboecia cantabrica, ainar purpura, ainar burusoila) eta oteekin (Ulex europaeus, Ulex gallii) batera. Besteak beste, Agrostis curtisii, Pseudarrhenatherum longifolium, Lithodora prostrata eta Pteridium aquilinum ere ohikoak dira.[7] Gizakiak zabaldu eta hedatu ditu sastrakadi horiek, sua erabili baitu abereentzako leku egokiak sortzeko.[8]

Laborantza

Ainar arrunta lantzeko toki eguzkitsuak eta lehorrak hobesten dira. Izan ere, optimoki ur gutxirekin haziko da eta, gainera, hezetasun gehiegi egonez gero, onddoek kaltetu dezakete. Lurzoru azidoa ere beharrezkoa da. Bestetik, gomendatzen da hazkuntzaren hasieran eta amaieran, hau da, udaberri hasieran eta uda amaieran ongarri organikoa gehitzea.

Erabilerak

Nagusiki lorategietan aurkitzen da apaingarri moduan, lore deigarriak baititu. Haren adaxka loredunak infusioan hartzen dira, astringente eta gernu bideen antiseptiko modura. Txilar-eztia oso elikagai ezaguna da, dituen ezaugarri nutritibo eta sendagarriengatik. Eztia txilar loreez elikatu diren erleek egiten dute. Antibiotiko natural hoberenetarikotzat hartua da, eta ezaugarri antirreumatikoak eta diuretikoak ditu. Gainera, oso ahalmen orbaintzaile handia du, eta intsektuen ziztadentzako ukendu moduan ere erabiltzen da.[9] Erratzak egiteko ere erabiltzen zen aintzina. Hortik datorkio "iñerraki" izena.

Bibliografia

Aizpuru, I. et al. (2010). Euskal Herriko Zuhaitz eta Zuhaisken Gida. (2. argitaraldia) Eusko Jaurlaritza.

Erreferentziak

  1. Perez, Fernando Pedro Ainarra arrunta, Euskal Herriko zuhaixkak, euskomedia.org.
  2. Calluna vulgaris. Euskalnatura, CC BY-SA 4.0, euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2021-2-7).
  3. Calluna vulgaris. asturnatura.com (Noiz kontsultatua: 2021-2-7).
  4. Calluna vulgaris. Fire Effects Information System (FEIS), fs.fed.us (Noiz kontsultatua: 2021-2-7).
  5. Ojeda, Fernando. Brezales costeros con Erica vagans. Bases ecológicas preliminares para la conservación de los tipos de hábitat de interés comunitario en España, Dirección General de Medio Natural y Política Forestal, Ministerio de Medio Ambiente, y Medio Rural y Marino, jolube.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-9).
  6. Breves monografías sobre el medio natural del NW de España (II): Brezales secos atlánticos costeros de Erica vagans. emberizamedioambiente.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-9).
  7. Ojeda, Fernando. Brezales secos europeos. Bases ecológicas preliminares para la conservación de los tipos de hábitat de interés comunitario en España, Dirección General de Medio Natural y Política Forestal, Ministerio de Medio Ambiente, y Medio Rural y Marino, jolube.es (Noiz kontsultatua: 2021-2-9).
  8. Loidi, Javier, Herrera, Mercedes, Salcedo, Isabel, Galarza, Aitor, Iturrondobeitia, Juan Carlos. Harizti mesofitikoa. Bizkaiko basoak, bizkaia21.eus (Noiz kontsultatua: 2021-2-9).
  9. El brezo o Callena vulgaris: la planta de la que sale una de las mejores mieles. plantasmedicinales24.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-14).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.