Txikipedia:Zuhaitz

Zuhaitza landare luze bat da, zurezko zurtoina eta adarrak dituena. Lurrean dauden tamaina handieneko landareak dira. Oro har, 3 metrotik gorakoak hartzen dira zuhaiztzat; hori baino gutxiago haztera iristen direnei, aldiz, zuhaixka deitzen zaie.

Gasteizko sekuoiarik garaiena.


Adituen arabera, 100.000 zuhaitz espezietik gora daude; eta zuhaitzak munduan diren landare guztien % 25 inguru dira. Espezie horietatik guztietatik gehienak gure planetako inguru tropikaletan bizi dira; baina, hala ere, zuhaitzak klima eta ingurune gehienetara egokitu dira. Basoetan eta antzeko naturagunetan ikus ditzakegu, baina baita hiriguneetan ere, hirietako kale eta parkeetan.


Zuhaitzen atalak

   Ba al dakizu   
ZUHAITZEN ATALAK
Zuhaitzen adar eta hostoen multzoari adaburua deitzen zaio.

Itxura eta tamaina askoko zuhaitzak daude, baina denek honako atal edo zati hauek dituzte:

  • Sustraiak: lurpeko zatia, zurtoinaren aurkako noranzkoan hazten dena. Zuhaitz bakoitzak sustrai ugari izaten ditu. Lurretik elikagaiak eta ura hartzeko eta lurrari lotzeko balio diote zuhaitzari.
  • Enborra: sustraien eta adar nagusien artean gertatzen den zurtoinaren zatia; zurezkoa, luzea, lodia eta gogorra da. Gehienetan, azal sendo batez estalita egoten da, zuhaitza babesteko.
  • Adarrak: lurretik halako altuera batean, enborretik ateratzen diren besoetako bakoitza. Txikiagoei adaxka ere deitzen zaie.
  • Hostoak: batez ere adarretan sortzen den zatia, xafla berde baten itxura duena; landarea elikatzeko beharrezkoa den fotosintesia egiteko gaitasuna dute, eta horregatik egoten dira zuhaitzaren goiko zatian, ahalik eta eguzki-argirik gehien hartu ahal izateko. Gainera, zuhaitzen ugalketan ere parte hartzen dute. Zuhaitz batzuek hosto erorkorrak dituzte, udazken edo neguan erortzen direnak ez izozteko, eta udaberrian berriro ateratzen direnal; beste batzuek, berriz, hosto iraunkorrak dituzte, urte osoan berde egoten direnak eta etengabe berritzen direnak.

Zuhaitzen sailkapena

Zuhaitzen artean, mota oso desberdinak daude, itxurari, hostoei, azalari eta organuei begiratzen badiegu. Botanikariek, landareak aztertzen dituzten adituek alegia, irizpide desberdinak erabiltzen dituzte zuhaitzak sailkatu edo taldekatzeko.

Ugalketaren arabera

Hiru modu nagusi daude zuhaitzak ugaltzeko:

  • Hazien bidez: zuhaitz gehienak hazien bidez ugaltzen dira; hau da, loreak eta fruituak ematen dituzte, zuhaitzen ugalketa-organoak, alegia; eta fruitu horiek duten atal bat, hazia, da landare berri bat sor dezakeena. Hauen artekoak dira fruta-arbola guztiak, adibidez.
  • Pinaburuen bitartez: koniferoen motako zuhaitzak ere ugaltzen dira hazien bidez, baina hazi horiek pinaburuetan sortzen zaizkie, ez baitute lorerik ematen. Pinuak, izeiak, alertzeak eta altzifreak dira mota honetakoak.
  • Esporen bidez: zuhaitz batzuek (bai eta beste landare batzuek ere) ugaltzen-gorputz txiki-txiki batzuk izaten dituzte, gehienetan zelulabakarrak, eta horiek lurrera erortzen direnean beste landare edo zuhaitz bat eratzeko ahalmena dute. Iratze zuhaizkarak deitzen dira era honetakoak.

Hostoen iraupenaren arabera

Sailkapenik ohikoena izaten da. Izan ere, zuhaitz batzuek urte osoan izaten dituzte hosto berdeak, baina beste batzuek, berriz, hostoak udazkenean galdu eta udaberrian berritzen dituzte. Horren arabera, ondoko bi mota hauek bereizten dira:

  • Hostoerorkor edo kaduzifolioak: udazkenean (klima epelean) edo urtaro lehorrean (klima tropikalean) hostoak galtzen dituzten zuhaitzak dira. Gure inguruko ezagunenak gaztainondoa, haritza, lizarra, pagoa edo urkia dira.
  • Hostoiraunkorrak: udazkenean hostoak ez zaizkie erortzen eta, gainera, urte osoan hosto berdeak izaten dituzte. Zuhaitz hauek gutxinaka-gutxinaka aldatzen dituzte hostoak; urtean zehar, hosto zaharrenak bakarrik galtzen dira, baina berrienek denbora luzez jarraitzen dute, hainbat urte, alegia. Horregatik, zuhaitz hauek ez dira inoiz biluzik agertzen, hau da, hostorik gabe. Hauen artekoak dira zedroa, mimosa, gurbitza, olibondoa edo artelatza.
   Ba al dakizu   
Zuhaitz batzuk denbora oso luzez egon daitezke bizirik. Gaur egun bizirik dagoen zuhaitzik zaharrenak ia 5.000 urte ditu; Matusalen izena ipini diote eta Kalifornian dago, Estatu Batuetan.
Bestalde, oso garaiak ere izan daitezke: zuhaitzik garaienak 115 m ditu, eta hau ere Kalifornian dago. Sekuoia bat da eta Hyperion izena ipini diote.

Erabilerak

Kaliforniako sekuoiak.

Gizakiek helburu askotarako erabiltzen dituzte zuhaitzak. Adibidez, eraikuntzak eta altzariak egiteko, edo erregai bezala (egurra), berotzeko edo janaria prestatzeko. Bestetik, papera ateratzen da zenbait zuhaitzen zur-zuntzetatik. Fruta-arbolek gizakiok jaten ditugun fruituak ematen dizkigute.

Gainera, oso garrantzitsua da gogoratzea zuhaitzek airea garbitu egiten dutela, karbono dioxidoa xurgatzen dutelako, eta oxigenoa isurtzen dutela, guztiz beharrezkoa gizakiok eta animaliek arnasteko eta bizi ahal izateko.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.