Txikipedia:Zibilizazio
Zibilizazioa gizarterik aurreratuenek lortutako aurrerakuntza-maila handiari deitzen zaio; zibilizazioak zerikusi handia du gizarte aurreratu batek zientziari, arteari, legeei, kulturari eta abarri esker lortu dituen antolakuntzarekin eta garapen material eta teknologikoarekin.
Zibilizazio hitzak latinezko civis (hiria) hitzean du jatorria; izan ere, historiak erakusten du zibilizazioa oso loturik egon dela beti hiriekin, hirietako gizarteak askoz konplexuagoak eta, beraz, garapen edo aurrerakuntza maila handiagoa izan dutelako.
Zibilizazioa ez da nahasi behar kulturarekin: egia da gizarte zibilizatu batek kultura maila handia izaten duela; baina gizarte guztiek dute kultura, gehiago edo gutxiago garatua. Ez dago kulturarik gabeko gizarterik. Baina, historian zehar, gizarte guztiek ez zuten zibilizazio bat sortu, normalean ematen zaion zentzuan behintzat.
Munduaren historian, adibidez, esaten da lehen zibilizazioak Ekialde Hurbilean (Mesopotamian) sortu zirela, duela 6.000 urte inguru, lehen hiriak agertzearekin batera, eta nekazaritzaren garapenari esker eta, bereziki, idazkeraren agerpenari esker. Baina munduko beste leku batzuetan ere garatu ziren zibilizazio garrantzitsuak, Txinan edo Erdialdeko Amerikan, adibidez.
Dena dela, zibilizazio kontzeptua bera ere aldatuz joan da denborarekin. XVIII-XIX. mendera arte, zibilizazio hitza barbarokeria edo basakeriatik urrutien iritsiak ziren herrientzat erabiltzen zen, batez ere Europan eta munduko Mendebaldea deitzen dugun lekuan; eta, hain zuzen ere, ordura arte, Europako eta Mendebaldeko herrialdeek beren burua jotzen zuten zibilizatutzat, haien aurrerakuntza zientifiko, tekniko eta kulturalei esker eta haien antolakuntza sozial, politiko eta erlijiosoari esker. Eta gainontzeko herriak basatitzat edo barbarotzat jotzen zituzten, zibilizatu gabeak zirela esaten zen.
Horretan oinarrituta, gainera, Europako eta Mendebaldeko herrialdeek uste zuten gainontzeko herriak “zibilizatzeko” eskubidea edo betebeharra zutela; aitzakia horrekin, beste kontinenteetako lur asko kolonizatu zituzten, Amerikarekin hasiz XV. mendetik aurrera, eta geroago Afrika, Asia eta Ozeania. Zoritxarrez, ustezko zibilizazio-lan horrek ondorio oso kaltegarriak ere izan zituen Mendebaldeko herrialdeek kolonizatu zituzten lurretan: herri askoren suntsiketa edo sarraskia edo esklabotza, adibidez.
Zer jakin nahi duzu? |
Antzinako zibilizazioakAntzinako zibilizazioak lehen komunitate eta kokagune iraunkorrak finkatu zirenean hasi ziren. Komunitate horiek geroagoko estatu, nazio edo inperio batzuen oinarria izan ziren. Antzinako lehen gizarte haiek hiriak eraiki zituzten, idazteko sistemak asmatu zituzten, buztinazko ontziak egiten eta metalezko objektuak egiten ikasi zuten, animalia batzuk etxekotu zituzten jateko eta lanean laguntzeko, eta gizarte-egitura konplexuak eratu zituzten. Antzinako zibilizaziorik handienak ibaien haranetan kokatu ziren bereziki, lur onak zirelako lantzeko. Nekazaritzari esker, kokagune horiek sendotzea eta handitzea lortu zuten; nekazariek elikagai nahikoa eskuratzen zuten, ez bakarrik beraientzat, baina baita saltzeko ere. Horrek merkataritza sortu zuen. Beste biztanle batzuek, nekazaritzan aritu ordez, bestelako objektuak egiten zituzten: erremintak, arropak, eskulanak; eta gero saldu egiten zituzten, janaria eskuratzeko. Bestalde, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren eskutik, matematika asmatu zen: izan ere, beharrezkoa zen sistemaren bat asmatzea, lurrak emandako produktuak edo animaliak kontatzeko, saltzeko eta abar. Hona hemen antzinako zibilizaziorik garrantzitsuenak:
|