Txikipedia:Zetaren Bidea
Zetaren Bidea aspaldiko garaietan Europatik Asiara eta Asiatik Europara merkatalgai edo salgaiak eramateko erabiltzen ziren bide batzuk ziren. Txinatik Mediterraneo aldeko herrialdeetaraino iristen zen, gutxi gorabehera. Zetaren Bidea Erromatar inperioaren garaitik hasita Erdi Aroraino erabili zen bereziki. Izen hori eman zitzaion Txinan egindako zeta zelako bide horietatik Europaraino garraiatzen zen produkturik garrantzitsuenetako bat; denbora luzez, izan ere, zeta Txinan bakarrik egiten zen, eta Europan oso salgai baliotsua zen. Baina, zetarekin batera, beste hainbat produktu baliotsu ere garraiatzen ziren: espeziak, tea, laranjak, harri eta metal bitxiak, artile edo lihozko oihalak, anbarra, bolia, laka, beira, koralak etab.
Zetaren Bide inguruan, gainera, hainbat hiri ere sortu ziren, merkataritzari esker; adibidez, Samarkanda edo Bukhara. Neurri handi batean, Zetaren Bidetik egiten zen merkataritzari esker hazi eta aberastu ziren Txina, Egipto, Mesopotamia, Persia, India eta Erromako kultura eta zibilizazio zaharrak; eta elkarren arteko ezagutza ere posible bihurtu zen, eta gaur egun ezagutzen dugun munduaren hasiera ekarri zuen.
Baina, horrekin batera, bidaiari eta merkatariek gaixotasunek ere eraman zituzten leku batetik bestera; Zetaren Bidetik iritsi zen Europara Erdi Aro bukaeran egon zen izurri beltz beldurgarria.
Aspaldiko garai haietan, oso arriskutsua zen bidaiatzea: lapurrak edozein lekutan topa zitezkeen. Horregatik, merkatariek taldetan bidaiatzen zuten, karabanatan. Horrela, errazago zen elkar babestea.
Existitzen al da oraindik?
Zetaren Bide zaharrak Erdi Aroaren bukaeran galdu zuen garrantzia. Bidaiak arriskutsuak ziren, eta leku askotan agintariek zorrak ipintzen zizkieten merkatariei; horrela, ez zuen merezi merkataritzan aritzea lurreko bideetatik, edo produktuen prezioa ikaragarri handitzen zen; horregatik, merkatariak itsasontziak erabiltzen hasi ziren. Gainera, XV. mendetik aurrera, zeta Europan ere hasi ziren egiten.
Gaur egun, turista askok egin nahi izaten dute Zetaren Bidea. Badira hiri interesgarri asko bisitatzeko. Gaur egun, UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatuta dago.