Txikipedia:Zerga

Zerga biztanle, familia edo enpresa bakoitzak Administrazioari zerbitzu publikoen gastuei aurre egiteko ordaindu behar dion dirua da. Diru hori udalera, aldundietara eta baita estatura ere joaten da. Diru hori ospitaleak, eskolak, igerileku estaliak eta bestelako eraikinak egiteko behar dute erakunde horiek, eta baita Administrazioko zerbitzu publikoetan lan egiten duten langileei ordaintzeko ere; adibidez, irakasle, mediku, erizain, polizia, suhiltzaile eta abarrei ordaintzeko. Beraz, funtsean biztanle guztiei mesede egiten dieten gastuetarako erabiltzen da zergetatik ateratzen den dirua; eta erakundeek zerbitzu publikoen gastuak ordaintzeko duten diru gehiena zergetatik dator.

Errepideetako bidesaria ordaintzeko lekua.

Ordaintzen ditugun zergen truke, berez, ezin dugu zuzenean ezer eskatu; baina zerbitzu publikoak denok erabiltzen ditugu: eskolak, ospitaleak, errepideak, igerileku publikoak, zahar etxeak eta beste gauza asko. Horiek ez ditugu beti-beti erabiltzen, baina berdin-berdin ordaindu behar ditugu denon artean; beti egongo da jendea zerbitzu horiek noiz edo noiz erabili beharko dituena.

Bestalde, mundu guztiak ez du zerga kopuru berbera ordaintzen. Herrialde guztietan, legeetan zehazten da nork ordaindu behar duen zenbat zergetan. Zergen bidez zenbat ordaindu behar den kalkulatzeko, bakoitzak irabazten duen dirua hartzen da kontuan: diru asko irabazten baduzu, soldata txikia duen norbaitek baino zerga gehiago ordaindu beharko dituzu. Diru gutxi irabazten duen enpresa batek zerga gutxiago ordaindu behar ditu diru asko irabazten duen enpresak baino. Beraz, arau pila daude esaten dutenak nork zenbat ordaindu behar duen zergatan. Berez, urtero, helduek beren errenta aitorpena betetzen dute, ordaindu behar duten diru kopurua kalkulatu ahal izateko.

Zerga bereziak ere badaude. Ordaindu egiten dira, adibidez, auto bat edo beste edozein produktu erosten dugunean. Zerbait erosten dugun bakoitzean, prezioaren zati bat zergak dira; BEZa deitzen den zerga da.

Zergak antzinatik egon dira. Aspaldiko garaietan, adibidez, zerga edo bidesari bat ordaindu behar izaten zen halako zubi batzuk zeharkatu ahal izateko. Bestalde, nekazariek beren uztaren zati bat eman behar izaten zieten lurraren jabeei, askotan lurrak ez zirelako nekazarienak izaten, agintarienak, Elizarenak bat edo, baita ere, monasterio batenak baizik. Denborarekin, zerga hori uztarekin ordaindu beharrean, zergak diruarekin ordaintzen hasi ziren.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.