Txikipedia:Zereal

Zerealak edo laboreak gizakiek eta animaliek jateko erabiltzen diren ale irintsu batzuk dira; gainera, izen berbera dute ale horiek ematen dituzten landareek ere. Garia, artoa, eta arroza dira zerealik ohikoenak; ez hain ohikoak, berriz, zekalea, garagarra, oloa eta artatxikia dira. Guztiak munduko leku ezberdinetatik datoz.

Gari eta arto ale batzuk nahasirik.
Zerealetatik ateratako janari batzuk.

Zerealaren aleak landarearen beraren haziak dira, eta jateko erabiltzen dira. Zerealak oso goiz hasi ziren jateko erabiltzen, Harri Aroan hain zuzen ere. Neolitoan nekazaritza asmatu zen: jendeak aleak neguan pilatzen zituen eta udaberrian ereiten. Ereiteko, alerik handienak edo osasuntsuenak erabiltzen ziren.

Zereal aleak landaretik ateratzen dira uzta egin eta gero, eta ondoren ehotzen edo birrintzen dira, irina ateratzeko. Ura eta irina nahasiz, halako ore bat lortzen da; eta hau harri baten gainean jarrita edo labe baten barruan berotzen denean, ogia egiten da. Ogia gizakien janaririrk garrantzitsuenetako bat izan da historia osoan.

Nola dago egina zereal landare bat?

Gari landarea, galburuekin.

Zereal landareek zurtoin bakarra dute, eta alboan hosto luze eta meheak dituzte. Gariaren kasuan, zurtoinetik galburu bat ateratzen da, barruan aleak edo haziak dituen muturra; artoaren kasuan artaburu deitzen zaio, eta zurtoin bakoitzean bat baino gehiago hazten dira eta gainera handiagoak eta gogorragoak dira.

Nola hazten eta ugaltzen dira zereal landareak?

Zereal ale bat lurrera erori edo landatzen denean, lurreko hezetasuna xurgatzen du, hau da, ura hartzen du. Hezetasuna eta beroa egokiak badira, ernamuina hazten da, landarearen "kumea" esan genezake. Gero, ernamuin hori lurrean finkatu eta hasierako sustrai eta hostotxoak ateratzen zaizkio. Ernamuinak zerealaren aleko irina erabiltzen du elikatzeko, bere sustraiek landarea elikatzeko balio duten arte.

Zurtoina luzatu egiten da eta loretxo txikiak ateratzen zaizkio, baina normalean ez ditugu ezta ikusi ere egiten. Polinizazioa haizeak egiten du, eta ez intsektuek; orduan, ale berriak sortzen dira. Oraindik berdeak dira, suabeak eta likido asko dute.

Heltze prozesuan zehar, aleek ur asko galtzen dute eta hori kolorekoak bihurtzen dira. Gizakiek hartzen ez baditugu edo animaliek jaten ez badituzte, lurrera erortzen dira eta hortxe geratzen dira egoera egokietan egon eta ernatzen diren arte.

Zein da zerealaren garrantzia gizadiarentzat?

Harri Aroan jada gizakiek zereal aleak biltzen zituzten. Hala ere, landareak basatiak ziren, hau da, ez ziren lantzen. Duela 10.000 urte inguru, Ekialde Ertaineko biztanleak haien zereal propioak lantzen hasi ziren; hau da, biltzen eta ereiten. Aurrerago, zerealen laborantza munduko beste lurraldeetara zabaldu zen.

Hori oso garrantzitsua izan zen gizadiaren historian: zerealak edo beste edozer lantzen dituzten pertsonek haien zerealak dauden tokian geratu behar izaten dute. Gauza asko planifikatu behar dituzte: noiz, nola eta non ereingo zuten. Gainera, gero momentu egokian bildu behar zuten uzta. Zerealei esker, inoiz baino pertsona gehiago elikatzea posible izan zen, eta horrela hiri handiak sortu eta lehenengo zibilizazio aurreratuak garatu ahal izan ziren.

Zerealak abantaila garrantzitsu bat du: posible da uztaren zati bat gordetzea, elikagaiak aurkitzea zaila den garaietarako, eta horrela hurrengo uzta txarra izanez gero goseterik ez egoteko. Izan ere, horrelakorik ezin da egin barazkiekin, frutekin edo patatekin. Zereala denbora luzez gorde daiteke lehor, jangarri izaten jarraitzen du eta berriz erein daiteke. Irindu ondoren bakarrik galtzen du zerealak bere iraupen luzea; izan ere, irina ezin da denbora luzez gorde.

Artatxikia Europako elikagai garrantzitsuena izan zen Erdi Aroa arte. Gero, europarrak Amerikara iritsi ondoren artoa eta patatak iritsi ziren Europara.

Zein dira zereal garrantzitsuenak?

Artoa da gaur egun munduan gehien lantzen den zereala. Ameriketako Estatu Batuetan bereziki asko lantzen da animaliei jaten emateko.

Ipar Amerikan, Europan eta Ekialde Ertainean garia lantzen da gehienbat: hori horrela da klima epela dagoelako leku horietan. Europako beste zereal garrantzitsu batzuk zekalea eta garagarra dira. Zekalea ogi beltza egiteko erabiltzen da, eta garagarra batez ere garagardoa egiteko.

Bide batez esanda, zereal gehien Txinan, Amerikako Estatu Batuetan eta Indian produzitzen da. Txinan 500 milioi tona produzitzen dira urtero (tona bat 1.000 kilogramo dira). Euskal Autonomia Erkidegoan, urtero 160.000 tona gari inguru produzitzen dira, 78.000 tona garagar, 40.000 tona olo eta bakarrik 1.000 tona arto. Nafarroako Foru Erkidegoan, urtero ia 900.000 tona zereal produzitzen dira, gehienbat garagarra eta artoa.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.