Txikipedia:Zenbaki arrunt
Zenbaki arrunt edo naturalak objektuak edo beste edozer gauza kontagarri zenbatzeko erabiltzen diren zenbakiak dira. Hau da, 0, 1, 2, 3, , etab. dira zenbaki arruntak (matematikarien artean eztabaida dago zero zenbakia arrunta den ala ez zehazteko orduan. Txikipedian zenbaki arrunt modura hartuko da.)
Beraz, 1, 2, 3, 4, 10, 150, 3.246, eta horrela infinitoraino zenbaki arruntak dira (infinito positiboraino, zehazki: zenbaki negatiboak ez dira zenbaki arruntak).
Erabilerak
Zenbaki arruntak hainbat gauzatarako erabiltzen ditugu:
- Zenbatzeko: 21 ume klasean, 2 txikle poltsikoan, ...
- Antolatzeko: Etxeko 1. pisua, klasera heltzen den 3. ikaslea, ...
- Neurtzeko: 15 gozoki sartzen dira ontzian, 85 cm-ko altuera dauka, ...
- Eragiketak egiteko: 2 katu eta 5 txakur 7 animalia dira; 6 opil ditugu, 2 jaten ditugu eta 4rekin geratzen gara, ...
- Identifikatzeko eta kodetzeko: Nire etxeko telefonoa 911765448 da; 89 atarian bizi naiz, ...
Zenbakiak, digituak eta zifrak
Ondo bereizi behar dira zenbakiak eta digitu edo zifrak.
- Zenbakiak: 0tik infinitorainokoak dira (0, 45, 356, 4.890, 54.000, 435.987, ...)
- Digitu edo zifrak: zenbakiak idazteko erabiltzen diren hamar ikurretako bakoitza (0, 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9).
Beraz, zenbaki bat zifra bakar batez edo hainbat zifra edo digituz osatuta egon daiteke; adibidez, 547 zenbakia hiru zifraz edo hiru digituz osatuta dago.
Zifra bakoitzaren balioa
Zenbaki batean, digitu edo zifra bakoitzaren balioa haren kokapenaren araberakoa da: unitateak, hamarrekoak, ehunekoak, milakoak, hamar milakoak...
ZENBAKIA | Hamar milakoak | Milakoak | Ehunekoak | Hamarrekoak | Unitateak |
---|---|---|---|---|---|
5 | 5 | ||||
58 | 5 | 8 | |||
348 | 3 | 4 | 8 | ||
4.680 | 4 | 6 | 8 | 0 | |
62.575 | 6 | 2 | 5 | 7 | 5 |