Txikipedia:Zelta
Zeltak antzinako herri multzo bat ziren, Europako erdialdeko zati handi batean bizi zirenak eta indoeuropar hizkuntzak erabiltzen zituztenak; Britainia Handiko uharteetara, Irlandara eta Iberiar penintsulara ere iritsi ziren. Iberiar penintsulara K.a. 1200. urtearen inguruan iritsi ziren, eta iparraldean, erdialdean eta isurialde atlantikoan finkatu ziren.
Iberiar penintsulako herri zeltak multzo berean sartzen ditugu; hala ere, kontuan izan behar dugu herri horien artean ezberdintasun asko zeudela; bazeuden, adibidez, galaikoak, asturrak eta kantabroak iparraldean; gaur egungo Gaztela eta Leon aldean, bakzeoak; penintsulako erdialdean, karpetaniarrak; eta gaur egungo Extremaduran eta Portugale aldean, lusitaniarrak.
Gizartea
Zeltak herrixka txikietan bizi ziren, tributan banatuta. Herrixka horiei «kastro» izena ematen zaie; herri gotortuak ziren, hau da, harresiz babestuak, eta askotan, leku altuetan edo defentsa naturaletatik gertu kokatuta egoten ziren, amildegietatik edo itsasotik gertu, adibidez. Haien etxeak oso sinpleak izaten ziren: harriz edo adobez eginda zeuden, eta forma biribileko gela zentral bat besterik ez zuten izaten.
Zeltak ez zeuden iberiarrak bezain hierarkizatua. Hala ere, herrixka bakoitzean, buruzagi gerlariek osatutako talde nagusi bat bazegoen. Talde hau haien hilobiengatik ezagutzen dugu, bertan euren boterea eta estatusa erakusten duten armak aurkitu baitira. Gainerako gizartea ez zegoen ia hierarkizaturik edo bereizturik.
Ekonomia
Herri zeltek ekonomia autosufizientea zuten; hau da, beraiek ekoizten zituzten behar zituzten gauza guztiak edo gehienak. Ekonomia zeltaren jarduera nagusia abeltzaintza zen; batez ere, artaldeak izaten zituzten, eta haietatik haragia, artilea, esnea eta esnekiak lortzen zituzten. Ardi eta ahuntzez gain, behiak eta zaldiak ere izaten zituzten.
Nekazaritzak garrantzi txikiagoa zuen: etxeko beharrak asetzeko erabiltzen zuten bakarrik, ez merkataritzan aritzeko, eta ziurrenik emakumeen esku zegoen. Batez ere zerealak lantzen zituzten eta basoak ematen zituen baliabideak (egurra, ezkurrak...) biltzen zituzten. Zerealaz, garagardo moduko bat egiten zuten, herri zelten alkoholdun edari nagusia; izan ere, oso ardo gutxi kontsumitzen zuten, berez, eta beti ere beste herri batzuei erosita, iberiarrei, adibidez.
Zeltak artisautzan ere trebeak ziren; zeramika edo brontzezko eta burdinazko tresnak egiten zituzten; metalezko bitxiak eta beste apaindura batzuk ere egiten zituzten, gerrikoen belarriak, adibidez. Gainera, burdinazko arma oso onak ere egiten zituzten, batez ere ezpatak.
Erlijioa
Iberiar penintsulako herri zelten erlijioak zerikusi handia zuen gainerako Europako beste zelten erlijioarekin. Erlijio politeista zen, hau da, jainko-jainkosa ugari zituzten; jainkoetako bat Lug zen, eguzkiarekin eta argiarekin lotutako jainkoa, eta Irlandako mitologian oso garrantzitsua dena. Zeltentzat naturako hainbat indar sakratuak ziren, adibidez, eguzkia, ilargia edo trumoia. Tokian tokiko jainko-jainkosak ere bazituzten, eta hildakoen munduarekin zerikusia zutenak ere. Jainko-jainkosa horiez gain, herri zeltentzat animalia batzuk ere sakratuak ziren, adibidez zezenak, eta harriz egindako estatuekin irudikatzen zituzten.
Erromatar konkista
Iberiarrekin gertatzen zen bezala, zeltak ere herri desberdinetan banatuta zeuden, eta erromatar konkistari erantzun ezberdinak eman zizkioten. Herri batzuk berehala erromatarren aliatu bihurtu ziren, baina beste batzuek aurre egin zieten. Herri zelta batzuk kemen handiz eutsi zieten erromatarrei; hala ere, erromatarren nagusitasun militarra handiegia zen, eta gutxinaka, zelten eta iberiarren kulturak, hizkuntzak eta gizarte antolaketak desagertu ziren, erromatarren indar militarraren, kulturaren eta gizarte antolaketaren eraginez. Prozesu horri «erromanizazioa» deitzen diogu.