Txikipedia:Zain

Zainak bizidunek gorputzean dituzten odol-hodiak dira; odola haietatik mugitzen eta banatzen da gorputz osotik. Tutu txikiak bezalakoak dira; batzuk luzeagoak, laburragoak besteak; lodiagoak batzuk, besteak meheagoak. Bihotzak zainetatik ponpatzen du odola gizakion gorputzean zehar. Pertsona batengan, egun bakar batean 7.000 litro inguru mugitzea bezalakoa da odolaren mugimendua.

Gorputzeko zain eta arteriak.
Begi hutsez ere ikus daitezke zainak, besoetan adibidez.

Gizaki baten zain lodi eta fin guztiak bata bestearen atzetik lotuta jarriz gero, 100.000 kilometro inguruko luzera izango lukete. Alegia, Lurrari bi bira eta erdi emateko beste. Odola gorputzeko bazter guztietara daramaten mugimendu horiei odol-zirkulazioa deritze. Organo guzti-guztiek –begiak, gibelak, birikek, sudurrak edo garunak– odola hartzen dute. Baita hezurrek, giharrek eta azalak berak ere.

Zain bat itxi edo hautsi egiten bada, pertsonak gaixotu egin daitezke. Esate baterako, garun-isuria gertatzen denean. Norbaitek bihotzekoa duenean, bihotzak taupa egiteari uzten dio, eta pertsona hori hil egin daiteke. Odol-zirkulazioan gorabeherak izanez gero, beste gaixotasun asko izan daitezke. Horregatik, sendagileak ikusi nahi izaten du ea odola normal eta etenik gabe dabilen zainetan. Gainera, zainen paretek egonkor egon behar dute.

Zirkulazio-sistemak lau parte ditu:

  • Bihotza: odola mugiarazten duen motorra da; ukabilaren tamaina du, gutxi gorabehera, eta bularraldearen erdi inguruan dago. Etengabe ponpatzeri esker, bihotzak jardunean du beti zirkulazio-sistema.
  • Arteriak: odol-hodi handienak eta lodienak dira, eta odola oxigenoz beteta eramaten dute beharrean diren organoetara.
  • Zainak: odol-hodi meheenak dira, eta oxigenorik gabeko odola eramaten dute biriketara.
  • Odola: gorputzean ia dena garraiatzen duen likidoa da: oxigenoa, nutrienteak, antigorputzak, hormonak eta beste gai garrantzitsu batzuk, beharrezkoak gorputza osasuntsu egon dadin.

Zer dira arteriak?

Bihotzetik odola eramaten duten zainei arteria deritze. Arterietan, bihotz-taupadak senti daitezke; esate baterako, eskuturrean. Arteriarik handi eta lodienari aorta deritzo. Gorputzeko organo guztietara eramaten du odola; baita garunera ere.

Beste arteria lodi batek bihotzetik biriketara eramaten du odola. Arteria hori adarkatuz-adarkatuz doa. Zainik finenak biriketako albeoloetan daude, eta, haiei esker, odolak karbono dioxidoa hartu eta atera dezake. Hori da gorputzaren “ihes-gasa". Horretarako, airean dagoen oxigenoa xurgatzen dute.

Zer dira zainak?

Zainek berriro hartzen dute arteriek zeluletara ekarritako odola. Biriketan, zain finak gero eta lodiagoak diren beste zain batzuetara jotzen dute. Azken zainak, lodienak, bihotzeraino ekartzen du odola bueltan.

Beste zain fin batzuek gorputzeko organo guztietan metatzen dute odola. Horiek ere gero eta zain lodiagoetara jotzen dute.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.