Txikipedia:Victoria ur-jauziak
Victoria ur-jauziak munduko ur-jauzirik handienetakoak dira. Afrikan daude, Zambia eta Zimbabweren arteko mugan. Ipar Amerikako Niagarako ur-jauziak baino bi aldiz zabal eta altuagoak dira: izan ere, 108 metroko altuera dute.
David Livingstone esploratzaile eskoziarra izan zen Victoria ur-jauziak ikusi zituen lehen europarra, 1855eko azaroaren 16an. Hark izendatu zituen horrela Ingalaterrako Victoria erreginaren omenez. Bertako biztanleek, ordea, beraien hizkuntzan izendatzen dute eta Mosi-oa-Tunya deitzen diote. Horrek euskaraz “burrunba egiten duen kea” esan nahi du.
Ur-jauzi honek munduko leku guztietako turistak erakartzen ditu. 1905ean ur-jauzietako zubia ireki zutenean, munduko altuena zen. Inguruetako beste erakargarri turistiko batzuk Zimbabweko Victoria ur-jauzien Parke Nazionala eta Zambiako Mosi-oa-Tunya Parke Nazionala zein Livingstone Ehiza Parkea dira. Parke horiek aisialdiko instalazioak eskaintzen dituzte, baita animalia basati txiki eta handientzako habitata ere. 1989an, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen Victoria ur-jauziak eta inguruko parkeak.