Txikipedia:Ustelkeria

Ustelkeria kargudun edo enplegaturen batek eduki dezakeen jokamolde txar bat da, eta, zehazkiago esanda, bere karguaz edo arduraz baliatzea zilegi ez den moduan aberasteko edo, diru truke edo bestelako abantaila baten truke, norbaiten mesedetan aritzeko. Ohiko adibide bat izaten da politikari batek norbaiti egindako mesede baten truke dirua jasotzea; edo enpresa pribatu batek dirua ordaintzea politikari bati enpresaren aldeko neurriren bat hartzeko bere aginpideaz baliatuz.

Ustelkeriaren aurkako kartel bat.

Baina ustelkeria ez da gertatzen politikan bakarrik; adibidez, ondasun publikoren bat lapurtzen duen funtzionarioak egiten duena ere ustelkeria da; edo norbaitek bere postuaz baliatzea senitarteko edo lagun bati edo beste pertsonaren bati erraztasunak emateko, lanpostu bat betetzerakoan.

Beraz, ustelkerian beti dago zerbait erabakitzeko botere edo ahalmena duena; eta ustelkeria gertatzen da pertsona hori ahalmen horretaz aprobetxatzen denean zilegizkoa ez den helburu baterako. Horregatik, gehienbat, politikagintzan, Administrazioan edo enpresen munduen gertatzen dira ustelkeria-kasuak.

Ustelkeria delitua izaten da eta Legeak zigortu egiten du; baina askotan oso zaila izaten da delitua probatzea eta salaketa asko bertan behera geratzen dira, inor zigortu gabe.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.