Txikipedia:Unibertsoa

Unibertsoa existitzen diren gauza eta izaki guztien multzoa da. Modu zientifikoan esanda, espazioan dagoen materia (izarrak, planetak, gasa, hautsa, etab.) guztiaren multzoa da.

Unibertsoa Ptolomeoren sistemaren arabera, Andreas Cellarius astronomoak XVII. mendean egindako irudi batean.

Unibertsoaren sorrera

Unibertsoa nola sortu zen azaltzeko teoria asko egon dira historian zehar, eta duela oso gutxira arte gizakiak ez du ondo ulertu nolakoa den edo zer den zehazki unibertsoa. Denbora luzean, unibertsoa Lurrak, Eguzkiak, Ilargiak eta beste zenbait planetak bakarrik osatzen zutela uste zen. Adibidez, gure Lurra unibertsoaren erdigunea zela pentsatzen zen, duela 3.000 urteko greziarrek bezala (teoria horri geozentrismoa deitzen zaio); edo Lurra laua zela.

Gizakiaren zientziak unibertsoari buruz zekiena ez zen gehiegi aurreratu Europako Erdi Aroaren bukaera arte. Pizkunde edo errenazimentu garaiaren hasieratik (XV. mendetik aurrera, alegia), ordea, zientzialari batzuek erabat hankazgoratu zuten ordura arte nagusi izandako teoria geozentrista: Nikolas Koperniko matematikari eta astronomo poloniarrak, adibidez, Lurra eta beste planetak eguzkiaren inguruan mugitzen zirela planteatu zuen, eguzkia zela, beraz, Unibertsoaren erdigunea; teoria horri "heliozentrismoa" deitzen zaio (Helios baita aspaldiko greziarrentzat eguzkiaren jainkoa).

Geroago, Kepler, Galileo eta Isaac Newton zientzialariek planeten mugimenduaren oinarriak aurkitu zituzten, eguzkiaren inguruan jiratzen diren planeten mugimenduak aztertuz. Haien ikerketei esker, planetek eguzkiaren inguruan ibilbide ia biribila egiten dutela ikusi zuten; ibilbide ia zirkular horri "orbita" deitzen zaio. Horregatik esaten da planetek eguzkiaren inguruan orbitatzen dutela. Dena den, unibertsoari buruz zuten irudia Eguzki-sistemara mugatuta zegoen, hau da, eguzkiak eta haren inguruan biran dauden astroek (planeta, satelite, asteroide eta kometek) osaturiko multzora.

Big Bang edo eztanda handia

Unibertsoaren sorreraz gaur egun dagoen teoriarik onartuena Big Bang edo Eztanda Handiaren teoria da. Teoria honen arabera, unibertsoko materia guztia puntu bakar batean bilduta zegoen, baina duela 15 mila milioi (15.000.000.000) urte inguru, eztanda egin zuen eta materia hori unibertsoan zehar zabaldu eta sakabanatu zen. Geroago, materia horretatik galaxiak, izarrak eta planeta-sistemak sortu ziren.

Teoria honek dioenez, gaur egun unibertsoa oraindik zabaltzen ari da, eta, geroari begira, bi uste edo hipotesi daude: unibertsoak hedatzen jarraituko duela; eta unibertsoan dauden astro edo gorputz guztiek duten erakartze-indarraren ondorioz, horiek berriro ere puntu batean bilduko direla.

Unibertsoa, beraz, handia da, oso-oso handia! Gaur egun, oraindik zientziak ez daki ziur Unibertsoa mugatua ala mugagabea den. Gaur egun uste da beha daitekeen unibertsoak 15 mila milioi argi-urteko zabalera duela, eta 100 mila milioi galaxia baino gehiago daudela bertan.

Zer jakin nahi duzu?

Unibertsoa

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.