Txikipedia:Tximista
Tximista ekaitzetan Lurraren atmosferatik askatzen den elektrizitatea da. Zeruan bat-batean sortzen den lerro argitsu bat izaten da, batzuetan adar modukoak izaten dituena. Hodeietan sortzen den deskarga elektriko bat izaten da, bi hodeiren artean gertatzen dena, edota lurreraino iristen dena. Oso azkar gertatzen da.
Tximistak ohikoagoak dira eskualde tropikaletan. Hala ere, tximistadun ekaitzak munduko ia bazter guztietan gertatzen dira. Kalkulatzen da mundu osoan 1.800 ekaitz elektriko gertatzen direla aldi berean. Ekaitz horiek 8 milioi tximista sortzen dituzte egunero.
Zergatik gertatzen dira?
Hodei baten barruko ur tantek eta izotz partikulek karga elektrikoak daramatzate. Karga horietako batzuk positiboak dira, eta beste batzuk negatiboak. Tximistak, normalean, hodei batean karga negatibo gehiegi pilatzen direnean gertatzen dira. Karga negatibo horiek orekatzeko, karga positiboak hodeiaren azpiko lurrean eratzen dira. Kontrako kargek elkar erakartzen dutenez, hodeiko karga negatiboek lurreko karga positiboekin bat egin nahi dute.
Zaila da kargak batzea, elektrizitatea ez delako erraz mugitzen airez. Hala ere, hodeiak handitzen doazen heinean, kargen indarra ere handitu egiten da. Ondorioz, kargek airea betetzen dute, eta hodeiak negatiboki kargatutako korronte elektriko indartsu bat askatzen du. Korronte negatiboa lurrerantz doan heinean, positiboki kargatutako korronte batek lurretik salto egiten du harekin topo egiteko. Korronteak elkartzen direnean, berriro hodeirantz doan distira argitsu bat sortzen da. Hori da tximista bat. Prozesu hori errepikatu egiten da hodeiaren karga negatibo guztiak gastatu arte.
Jende gehienak ezagutzen ditu hodeietatik lurrerako tximistak, baina hodei baten barruan, hodeien artean edo hodei baten eta airearen artean ere gerta daitezke. Karga elektrikoen antzeko metaketek eta askatzeek tximista mota guztiak sortzen dituzte.
Tximistei jarraitzen dien burrunba bortitzari trumoia deitzen zaio. Tximistaren elektrizitateak aireko gasak berotzen ditu. Gasak indarrez zabaldu ahala, zarata handia ateratzen dute.
Tximisten ondorioak
Adi ibili behar dugu, tximistak arriskutsuak dira eta. Tximistek eraikinak, itsasontziak eta hegazkinak kaltetu ditzakete erortzen direnean; baita jendea hil edo larri zauritu ere.
Beraz, mendian edo zelai batean gaudenean, ekaitza sortzen bada, ez dugu hurbildu behar zuhaitzen ondora, zuhaitzek tximistak erakartzen dituzte eta. Autoak, aldiz, leku seguruak izaten dira tximistetatik babesteko. Txalupa batean egonez gero, berriz, uretara salto egin behar dugu, eta txaluparen ondoan geratu, ekaitza amaitu arte. Eraikin baten barruan, azkenik, seguruago egoten gara; baina, hala ere, aparatu elektrikoetatik urrun egon behar dugu, eta ateak eta leihoak irekita eduki behar ditugu.