Txikipedia:Txekia

Txekia Erdialdeko Europako herrialde bat da. Izen ofiziala Txekiar Errepublika da eta 10 milioi biztanle inguru ditu. Praga hiriburuan, milioi bat biztanle bizi dira. Beste hiri handi batzuk daude, Pilsen, Brno eta Ostrava, besteak beste.

Txekiaren kokapena Europar Batasunean.
Txekiako bandera.

Biztanle gehienek txekiera hitz egiten dute; berau hizkuntza eslaviar bat da, polonierarekin eta errusierarekin lotura duena.

Geografia eta klima

Txekiako hiri nagusiak.

Muga egiten du Eslovakia, Austria, Alemania eta Poloniarekin. Bi eskualde daude: bata Bohemia da, mendien artean dagoen lautada bat, eta bestea Moravia, ekialdean dagoen eskualdea. Ibai garrantzitsuena Elba da eta Alemanian itsasoratzen da.

Txekiar Errepublikako klima epela da. Neguan tenperatura leuna da eta udan, berriz, beroa. Elurra eta euria ohikoak dira mendialdean.

Ekonomia

Industria da Txekiar Errepublikako ekonomiako sektore garrantzitsuena. Fabriketan gehienbat makinak, elikagaiak, metalak, automobilak, ordenagailuak eta produktu kimikoak ekoizten dira. Ikatza, petrolioa, gas naturala eta mineral baliabideak mugatuak dira, eta, horregatik, fabriketan beharrezkoak diren lehengaietako asko inportatzen dira.

Merkataritzak, turismoak, bankuek eta beste zerbitzu batzuek ere garrantzia handia dute ekonomian. Nekazaritza ekonomiaren zati txikiago bat da. Laborantza ohikoenak garia, garagarra, artoa, azukre-erremolatxa eta patata dira.

Historia apur bat

Erdi Aroan, dagoeneko, Bohemiako erresuma existitzen zen. Denbora luzez Habsburgo familiak, Austria eta beste lurralde batzuk gobernatzen zituen familia berak, gobernatu zuen. Txekiar lurraldeek Austria-Hungariako Inperioaren barruan jarraitu zuten, Lehen Mundu Gerra ostean, 1918an, inperioa desagertu zen arte. Orduan, Txekoslovakia sortu zen; herrialde berri horretan, txekiarrak eta eslovakiarrak batu ziren, baina baita alemaniar eta hungariar asko ere. 1938tik 1945era arte, herrialdearen zati handi bat Alemaniak okupatu zuen, Bigarren Mundu Gerran.

Gerra horren ondoren, Txekoslolovakia gobernu komunisten menpe gelditu zen, Sobietar Batasunean gertatu zen bezala. Hori dena 1989an bukatu zen, ordea, «Belusezko Iraultza» izeneko iraultzari esker (horrela deitu zen, indarkeriarik gabe lortu zelako botere aldaketa egitea). Denbora gutxiren buruan, eslovakiarrek Estatu propioa nahi zutela erabaki zuten. 1993tik aurrera, Txekoslovakia desagertu zen eta bi herrialde ezberdin sortu ziren: Eslovakia eta Txekiar Errepublika. Txekia Europar Batasunean sartu zen 2004an.

Irudi batzuk

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.