Txikipedia:Tulurte
Tulurtea menbranofonoen familiako soinu-tresna da. Haize instrumentua badirudi ere, mintza bat du, eta beraz ez da aerofonoa. Soinu-tresna mota honi mirliton edo turuta ere esaten zaio.
Nolakoa da?
Hustutako makila edo kanabera tutu bat izaten da. Mutur batean tinkatutako papertxo bat edo plastiko fin bat du lotuta. Horren ondoan tutua zulatuta dago, joleak ahoa zuloan jarrita doinua emateko.
Nola jotzen da?
Eskuarekin hartu eta tutuan egindako zuloa ahoan jarririk, haizea botatzen da, norbere ahotsarekin doinua emanez (tururu eginez, adibidez). Papertxoa edo plastikoa bibratzen hasiko da horrela, ahotsaren doinua aldatuz eta handituz.
Tulurtea euskal herri-musikan
Euskal Herrian halako soinu-tresna edo jostailuak haurrek eraiki eta jo dituzte herri askotan.
Larraun bailaran (Nafarroa) tresna hau intsusez egiten zen eta tulurtea izena ematen zioten. Elosuan (Gipuzkoa) intsusez egiten zuten eta flota izena ematen zioten. Besteetan kanaberazkoak izaten ziren eta turuta izenez ezagutzen ziren. Karrantzan (Bizkaia) kanaberazko flauta esaten zioten.