Txikipedia:Trikuharri

Trikuharriei buruzko informazio batzuk.

Trikuharriak Neolito garaian eraikitako monumentu edo oroitarri mota bat dira; mahai itxuran jarritako harri handi landugabeez osatuta egoten dira, bi edo harri gehiago zutik jarriz eta, haien gainean, beste harri handi bat etzanda. Arkeologoek ikertu dituztenean, askotan ikusi dute hildakoen hezurrak lurperatuta zeudela gela moduko horietan; horregatik uste dute hilobi modura erabiltzen zirela.

Mendebaldeko Europan aurkitu dira gehienbat: Frantziako Bretainian, Erresuma Batuan, Irlandan, Iberiar penintsulan, Suitzan eta Italian, bai eta Mediterraneoko zenbait uhartetan ere. Afrika eta Asiako leku batzuetan ere aurkitu dira trikuharriak, Korean, adibidez.

Mendebaldeko Europako trikuharriak Neolito garaian eriki ziren (Harri Aroan), gure aroa baino lehenagoko 5000. urtean Bretainian, eta 4000. urtean beste leku batzuetan. Beraz, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten ziren gizakiek altxatu zituzten.

Nolakoak dira?

Trikuharri mota asko daude, baina gehienek halako antzekotasun batzuk dituzte: zutik jarritako harri batzuk izaten dituzte, eta haien gainean beste harri handiago bat. Guztien artean, nolabaiteko gela moduko bat osatzen dute, handiagoa edo txikiagoa; batzuek, pasabide moduko bat izaten dute gela horretara bideratzen duena.

Trikuharrietako harriak oso handiak izaten dira, bai eta oso astunak ere. Irlandako Brownshill-eko trikuharriko harri horizontalak, adibidez, 150 tonako pisua du. Neolito garaian horrelako harri handiak mugitu ahal izateko, jende askok lan handia egin behar zuen, beharbada abere batzuen laguntzaz; gainera, batzuetan, harriak oso urrutitik eramanak izaten dira. Horregatik uste da oso pertsona bereziak lurperatzeko bakarrik erabiltzen zirela.

Hildakoen hezurrekin batera, batzuetan zeramikak, animalia-hezurrak eta bestelako tresnak ere topatu dira. Baina ez dira beti hezurrak aurkitu trikuharri guztietan, eta holakoetan ez dago oso garbi zertarako eraiki ziren.

Euskal Herriko trikuharriak

Euskal Herrian, aspalditik ezagutzen ziren trikuharri batzuk, eta hainbat sinesmen eta kondaira zegoen haien inguruan.

Leku askotan, jentil-harri deitzen zitzaien, ustez kristauen aurreko biztanleek (jentilek) eraiki zituztelakoan. Beste batzuetan, mairuekin eta sorginekin erlazionatzen ziren, haien izen batzuek erakusten duten bezala: Mairietxe (mairu-etxea), Sorginetxe, Sorginaren Txabola.

Beste sinesmen baten arabera, trikuharrietan urrea edo altxorren bat lurperatuta egoten zen. Horren eraginez, aspaldian trikuharrietako askotan ibiliko zen norbait urre bila eta hondatu ere egin zituzten azkenik.

Euskal Herrian, 800 trikuharri baino gehiago aurkitu dira. Ongien kontserbatuta daudenak Sorginetxe izenekoa da, Arabako Arrizala herritik hurbil; Sorginaren Txabola, Arabako Bilar herritik hurbil; Aizkomendikoa, Arabako Egilaz herrian; Aitzetako Txabala, Gipuzkoako Errenteriatik hurbil; Jentillarri, Aralar mendilerroan dagoena, Gipuzkoa aldean; Artzabal trikuharria, Aralar mendilerroan, baina Nafarroa aldean.

Irudi batzuk

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.