Txikipedia:Tirreniar itsasoa
Tirreniar itsasoa Mediterranear itsasoaren zati bat da. Italiar penintsularen mendebaldean dago, Korsika, Sardinia, Toskana, Lazio, Calabria eta Campania artean. Afrika eta Europa zatitzen duen failaren ondoan dagoenez, mendilerroak eta sumendi asko ditu bere barnean.
Izena
Itsasoaren izena antzinako tirreniar (etruskoak) herritik datorkio; Herodoto historialari greziarrak dio Turkia mendebaldetik Italiako itsasbazterretara etorritako lidiar herriak, Tirreno izeneko bere printze bat omendu nahian, herriaren izena aldatu zuela.
Ezaugarriak
Kostaldeen ondoko itsas ordokia estua da eta 4.600 m-ra iristen da sakonera handiena (Mediterraneoko mendebaleko handiena). Itsasoaren hondoa menditsua da, sumendien eraginez (haietako batzuk piztuak daude gaur egun oraindik).
Itsasoaren iparraldean, Tirreniar eta Ligur itsasoen artean, Toscanako uharteak daude (Korsikaren eta kontinentearen artean); hego-ekialdean Mesinako itsasartea dago, Siziliaren eta kontinentearen artean, eta Tirreniar itsasoa eta Itsaso Jonikoa lotzen ditu; hego-mendebalean, Sardiniako itsasarteak Sardinia eta Sizilia bereizten ditu eta Korsikaren eta Sardiniaren artean Bonifazio itsasartea dago.
Aipaturikoez gainera, Poncianas, Ischia, Capri, Lipari eta Ustica dira Tirreniar itsasoko uharte garrantzizkoenak. Tirreniar itsasoko portu nagusiak Civitavecchia eta Napoli dira penintsulan, eta Palermo, berriz, Siziliako uhartean.