Txikipedia:Sorgin-orratz
Sorgin-orratzak Odonatu ordeneko intsektu haragijaleak dira. Zientifikoki Zygoptera izenarekin ezagutzen dira.
Nolakoak dira?
Burruntzien antzekoak dira baina ez dira berdinak. Sorgin-orratzek, beraien hegalditik lurreratzerakoan, haien hegalak itxi eta atzeraka (bertikalean) jartzen dituzte. Burruntziek, berriz, ez dituzte biltzen eta irekita (horizontalean) mantentzen dituzte.
Sorgin-orratzak txikiak dira, buru luze bat dute eta bertan, bi begi bereizita, ahoa, masailezurrak eta hortzak ditu.
Bere sabelaldea agerian dago. Hau hegoak baino luzeagoa da. Gainera, oso egitura fina du. Bere hegoak gorputzari itsatsita daude eta bi parez osatuta daude. Horrez gain, intsektu guztiek bezala, hiru hanka pare ditu, gainazal ezberdinetan kokatuta.
Non bizi dira?
Ninfak direnean, azkar mugitzen dira urpean, baina helduak direnean, ura uzten dute, haien bi hegal pareak garatzeko.
Sorgin-orratzak ur gezako habitat ezberdinetan bizi eta ugaldu ohi dira. Horrez gain, leku beroetan aurki daitezke, batez ere giro tropikaletan. Gustukoen ditu ur iturriak dituzten lekuak. Uda heltzean erraz ikus daitezke sorgin-orratzak, beste urtaro batzuetan ez bezala.
Sorgin-orratzek nahiago dituzte ur garbiak, oxigeno portzentaje handia eta tenperatura baxuarekin. Landaretza handia dagoen lekuetan ere bizi dira, haizetik babesteko.
Nola ugaltzen dira?
Sorgin-orratzak "kopulazko gurpila" deritzona eratuz ugaltzen dira. Bi intsektuak ugaltzean zirkulu bat simulatzen dute euren posizioekin. Ugaldu ondoren, emea ura gertu dituzten lekuetan askatzen ditu arrautzak, jaiotzean, larbak eta geroago ninfak (larben eta helduen arteko tarteko egoera) ingurune urtarretan garatu ahal izateko. Hala ere, talde honetan badago intsektu bat Ischnura hastata izenekoa, ez duena behar sorgin-orratz arraren ongarririk, genetikoki amaren berdinak diren ondorengoak sortzen baititu.
Zertaz elikatzen dira?
- Sorgin-orratzaren burua gertutik
Sorgin-orratzak haragijaleak dira, eta bizi diren habitatetako intsektu ezberdinak jaten dituzte, adibidez, helduek intsektu hegalariak jaten dituzte, eta horretaz gain, kakalardoak eta beldarrak ere bai. Umeek edo larbek ordea, uretan bizi diren ornogabe eta ornodun txikiez elikatzen dira, esate baterako, zapaburuez.
Bitxikeriak
-Uretan azkarrak dira, airean ez bezala.
-5 cm-raino neur dezakete.
-Ez dira hegalari bikainak.
Beste hizkuntza batzutan esanda:
Gazteleraz: Zygoptera edo caballito de diablo
Ingelesez: Damselfly
Frantsesez: Demoiselle