Txikipedia:Sistema metriko hamartarra

Sistema metriko hamartarra luzera edo distantzia, pisua eta edukiera neurtzeko erabiltzen den modu bat da. Ia mundu guztian erabiltzen da, Bretainia Handian, Estatu Batuetan eta beste herrialderen batean izan ezik.

Sistema metrikoari buruzko txartel bat, 1900ekoa.

Ondoko hauek dira neurtzeko sistema honen oinarrizko unitateak:

Sistema metrikoa 10en multiploetan oinarritzen da. Adibidez, zentimetro batek (1 cm) hamar milimetro (10 mm) ditu; ehun zentimetro (100 cm), berriz, metro bat (1 m) dira; eta 1.000 metro (1000 m), azkenik, kilometro bat (1 km).

Neurri horiek erabilita, distantziak edo beste magnitudeak kalkulatzea sinpleagoa da, beste herrialde batzuetan eta historian ere erabili izan diren beste sistema batzuekin baino. Beste abantaila bat da sistemak aurrizki batzuk erabiltzen dituela 10eko multiplo bakoitza adierazteko (aurrizki bat beste hitz baten hasieran gehitzen den hitz baten zati bat da); sistema metrikoan, aurrizkiak oinarrizko unitateei gehitzen zaizkie. Adibidez, kilo- aurrizkiak "mila" esan nahi du eta mili- aurrizkiak "1/1.000" (milarena), unitate bakoitzerako. Beraz, miligramo bat gramo baten milarena da, gramoa baino mila handiz txikiagoa; eta kilolitro bat, aldiz, 1.000 litro dira.

Betidanik erabiltzen da?

Sistema metriko hamartarra XVIII. mendearen bukaeran hasi zen erabiltzen Frantzian, eta, geroztik, ia mundu osora zabaldu da. Izan ere, abantaila handia da mundu zabalean neurtze-sistema berbera erabiltzea. Sistema hau nagusitu zen arte, herrialde bakoitzean, eta baita lurralde eta eskualde bakoitzean ere, neurri desberdinak erabiltzen ziren, eta, askotan gainera, ez zuten balio berbera izaten leku batean eta bestean. Hori ez zen inola ere praktikoa eta arazo asko eragiten zituen.

1875ean, munduko 17 herrialdek bilera bat egin zuten Frantzian, sistema metrikoa adosteko eta horretaz arduratuko zen nazioarteko erakunde bat eratzeko. Erakunde hau Bureau International des Poids et Mésures deitu zen (euskaraz, "Pisu eta Neurrien Nazioarteko Bulegoa"). 1960an, Bulegoak sistema metrikoa modernizatu egin zuen, aurreko neurri guztiak ez zirelako behar bezain zehatzak XX. mendeko eragiketa zientifikoetarako; horrela sortu zen Nazioarteko Unitate Sistema delakoa.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.